Zer egin lore batekin? Usteltzen utzi, ala merezi duen hari eman?
Piropoetaz ari naiz gaurkoan.
Batek zalantza izaten du askotan, sentitzen duen hori esan ala ez esan, baina ni, orokorrean, esatearen aldekoa naiz.
Badu bere ifrentzua loreak botatzeak ordea. Ez da askotan garbi geratzen loreak helbururik baduen ala ez; ezta helbururik ez duela aitortzen diozunean lore jasotzaileari ere: beti geratzen da zalantza; eta balizko helburu horrek nahastu egin dezake asmoaren xalotasuna…
Baina tira, holako elukubrazioak, oso kontu arrazionala dira, eta arrazionaltasunetik razio haundiegia daukagula pentsatzen degunok, halako askatasun errebeldearekin botatzen ditugu loreak.
LORE ASKO AZKENALDI HONETAN
Asko gustatu zitzaidan bat, ez nion nik neska hari bota, aldamenean nuen nere lagun batek baizik. Egoera zoragarria izan zan.
Neska zebrabidea pasatzen ari zan, eta eguzkiarekin itsututa edo, parean zuen gizaseme batekin egin zuen tupust. – Ai, barkatu!
- Ia txokatu naiz gizon horrekin! – bota zion nere lagunari erdi-parrez, oreka irabazitakoan.
Eta nere lagunak erantzun:
- Ba zer nahi dezu esatea… Zurekin txokatzeak la ostia izan behar du! – irriparre pikaro ezin esanguratsuagoaz -
Neskak ezin hobeto jaso zuen nere lagunaren esanahia, eta goruntz jun zan parrezka, pooooozik; bizkarrez ikusten bagenuen ere, urrutitik ere antzematen zitzaion aurpegiko masaila puztuta…
GAUR GOIZEKO BAT
Hau sarean aurkitu det, gaur goizean bertan:
“Lagunek esaten didate ez dakidala barruan ezer gordetzen, nere aurpegia poema bat izaten dela askotan. Ba seguru momentu hartan gertatu zitzaidala: badakizu memoriak nola funtzionatzen duen, misteriosamente. Gauza batzuk erabat baztertzen ditu eta beste batzuei segundu bat edo beste eskeintzen die. Beste batzuei berriz, segundu dozenaerdi edo hortik gora. Ohorezkoak izaten dira hoiek. Ba nik segundu dozenaerdi bat markatuta daukat. Nik hartu nuen gozatua zu lehenengo aldiz nere parean ikustean!”
Estiloa ezagun xamarra egiten zait, ez dakit nik ez ote dedan testu honen jabea ezagutzen…
ARRATSALDEKO BAT
- Nola utziko dizut ba pasatzen! Pasatzen uzten badizut ez zaitut izango eta aurrean!
Tirantedun kamiseta zuri bat, azal beltzarana, eta ez noa datu gehiago ematera, zuek imajinatuko dituzuelakoan…
Seguru neguan lore gutxiago botatzen dala.
ILUNTZEKO BAT
Hau orain botatzera noa, egunari itxurazko amaiera emateko.
Ume koskor bat zanetik ezagutzen det. Kristoren begi alaiak ditu txikitatik.
Duela gutxi, patinetan nindoan bidegorrian, eta hura korrikan, lagun batekin. Atzetik hurbilduta, kristoren sustoa eman nien…
Parrez ni. Parrez bi lagunak.
Gaur lanean ikusi nau (Santa Isabel eguna, herri erdia Antiotik behera erromerian anaiarte ederrean, dantzan, kantuan...), eta errukitu egin da nitaz. Ze maja! Atzerantz zijoan neri begira, hizketan, eta bere lagun batekin estropezu egin du…
Eta estropezu ere ezin dotoreago egiten duela, aizue, Ainhoa Urretabizkaiak!



0 erantzun:
Enviar um comentário