2009-08-07

Blogari ez blogaria

Bada aitona bat Zumarragan, justu-justuan ibiltzen dana. Hanka bakoitzean berrogeitamarren bat urte izango ditu.

Irripartsu beti. Ikusten dedan aldiro agurtu egiten det eskua goruntz altxatuz fuerte, eta berak makuluaz erantzuten dit. Belauna baino gorago ez du altxatzen; ezin; baina altxatuko balu bezela.

Denboraz aberats nabilenean, hizketan egoten gera. Oso luze ere ez, nekatu egiten baita, baina ematen digu tartetxoak alkarri poz emateko, eta zer gehiago nahi dezu ba.

Aurrekoan dexente hunkitu ninduen zerbait bota zidan:

- Ahaztu egiten zaizkit gauzak. Aspaldiko kontuekin ondo gogoratzen naiz, baina etzidazu galdetu gaur goizekorik. Horregatik, nere libretatxoa eramaten det paseotxoa ematera ateratzen naizenean, eta apuntatu egiten ditut nere ibilerak. Notatxo batzuk. Zeinekin egon naizen, zer kontatu didan… Hartara, emazteari nun ibili naizen kontatzeko moduan naiz.

Gizonak blog bat elikatzen du, eta badu harpidedun bat.

Ez dakit, eta ez diot galdetuko. Ez diot galdetu nahi. Baina bere emaztea imajinatzen det senarraren libretako orriak gordetzen, urrea balira bezela.

______

2 comentários:

  1. Patxik ere badu lehenagotik, baina orain gehiago, bere blog honen harpidedun fidela.

    Osaba horren ilobak eskerrak ematen dizkio Patxiren sentiberatasunak horrelako gauzak idaztera bultzatzen duelako. Eskerrik asko, zinez, Patxi, badakizu nork.

    ANDONIMO

    ResponderEliminar
  2. Bere irriparreagatik gogoratuko det batipat zure osaba. Guregatik beste hainbeste esango ote dute!

    Eskerrikaso zuri, "Andonimo" feliziano hori! ;-)

    ResponderEliminar