2009-08-30

Mobiola

Futbol denboraldia hasi dan honetan, mobiola ariketa bat egitera noa. Ez futbol jokaldi batena hain zuzen, gaurko lagunarteko terraza-eserialdiaren pasarte batena baizik.





Kometa eder bat

Neska bat pasa da bapatean, izugarri ederra; kometaren ezaugarri batzuk behintzat, bazituena: ile luzea du (“kometa” hitza greziera klasikotik omen dator: ile luzedun astroa); urte askoan behin baino ez dezu haren adinako edertasuna duenik pasatzen ikusten; eta diz-diz egiten du: ilun zegoen, baina beraren inguruan biltzen zan inguruko argi guztia (nere begietara behintzat).

Naturaren ikuskizunak ez baitira norberarentzako gorde behar, benetako kometa bailitzan, abisatu egin diet haiei ere, nere tertuliakideei, ikus zezaten, behin nere paretik pasa danean.

Begira geratu zaizkio, baina aurrez ikusi ez dutenez (aurpegia zuen atalik miragarriena neskak), ez dute aparteko festarik egin.

Kometaren orbita, nolakoa ote

- Honek ere izango du zeozer faltan… - Esan det ondoren, begirada lainotuz batera ikutu filosofiko bat emanez nere esaldiari…

(Kometak eguzkitik urruntzen direnean, izotz hutsa bihurtzen baitira. “Eta, zeinek ez du zeozer faltan? “Hori esan nahi nuen…)

- Edo ez! - Entzun det mahaiaren beste aldetik, hasarreantxean.

- Edo ez, egia da. – erantzun diot irriparrez.

Bizitzaren instrukzioetan baitator: “dana ezin da izan”. Baina aldi baterako behintzat, opa diezaiogun betetasun osoa, hain kometa ederrari. Nola ez ba.

Oinarrizkoena falta

Itxuraz ezin ederragoa bai, baina… Nolakoa ote da?

Argitu egin diet gero nere lagunei, neri pasatzen zaidan gauza bat. Ezin ditudala bereizi emakume baten edertasun fisikoa, eta izaera. Bigarrenak erabat baldintzatzen baitu lehenengoa.

Izaera gazgabe batek, erabat ezaba dezake neska eder baten erakargarritasun guztia. Eta alderantziz, izaera eder batek, izugarri erakargarri bihurtu, arrunta edo, itsusitzat neukana. Askotan gertatu zait.

Nere aldameneko batek esan du berak ederki asko bereizten dituela. Berari ez zaiola halakorik pasatzen.

Berriketa bai, berriketa ez...

Eta beste batek, dokumental batean entzun zuena ekarri du: prostituzioa lanbide zuen emakume batek esandakoa:

Europan gizonek elkarrizketa ezinbestekoa dutela. Aurretik eta ondoren, prostitutaren konpainia bilatzen eta estimatzen dutela.

Espainian berriz, alkarrizketa guztiak soberan daudela. Zertarako denbora hizketan galdu. Zirt, zart. Eta bukatutakoan fuera.

...

Euskaldunak, nolakoak ote gera? “Europar” petoak, ala Espainiar kastakoak? Ala ez bata ez bestea?

Ea esperientziadunik badan irakurleen artean…

_____

Sem comentários:

Enviar um comentário