2009-09-14

Oyeeee, si queréis entrar a verla??

Astebukaera honetan Azkoienen izan naiz, bertako festetan, lagun on baten etxean.

Zakua beteta ekarri det, istorio xelebrez eta pasadizo harrigarriz, berandu baino lehen zuen belarrietara eraman nahi ditudanak; baina bada pasadizo bat hementxe txintxeta batez itsatsi nahi dedana. Ez dezala haize bolara batek deskuido batean eraman!

Atzo goizean gertatu zan. Azkoiengo Atalayara abiatu ginen. Goi batean dagoen talaia eder bat, bailara guztia begien parean ipintzen dizuna.

Bidean, kale estuak, etxe zaharrak, batzuk erortzeko zorian, eta beste batzuk, berriki eraberrituak izan direnak. Ez eraberrituak bakarrik, ikutu artistikoa ere eman diotenak.

Atentzioa eman zigun batek. Zoragarriki pintatua, ipuinetako etxe bat ematen zuen. Begiak zabal-zabal eginda pasa ginen paretik.

Etxe horretako nagusia balkoian zegoen. Esan egin genion izugarri gustatu zitzaigula etxea, eta han nun botatzen duen:

- Oyeee, si queréis entrar a verla??





Aiba!

Baietz guk, zergaitik ez?

Barrura sartu ginen. Gelak kobazuloak ziren. Udan frexko, eta neguan epel. Etxe zaharra zan, berri-berri zeuden altzari zaharrez beteta, txukun-txukuna, goxua, eta ezer ez bazeukan ere, oso partikularra.

Emakumearekin solasean aritu ginen, gustora, holakoetan erabiltzen diren gauzetaz: nungoak zerate, nik ezagutzen det hango norbait, oporretan al zaudete, belauneko min honek ze gerra ematen didan, ze ume politak dituzuen… Gauza orijinalik ez, baina emakumearen abegikortasunak eskeinitako alfonbra xamurraren gainean kontatutakoak danak. Ze gustora egon ginen.

Alkarri agur esan, eta aurrera.


____


Izango ziren inguruan lau giltzarrapoz itxitako etxeak, bat baino gehiago. Bidean norbait ateko behatxulotik begira ere izango genuen. Tira ba.

Emakume honek sukalderaino sartu gintuen; animatu egin genion goiz zati bat, eta argitu egin zizkigun guri berak gure gogo zatiak.

Eta txoko zahar partikular honekin ere gogoratu nintzen.

Modu batera, horixe egiten det nik ere, emakume honen antzera. Nere etxeko ateak zabaldu, barrura sar zaitezten.

Sarri sartzen zeratenak: sagardo botila bat edo, gazta pusketa bat, azeituna batzuk, ea noiz ekartzen dituzuen! ;-)

____

Sem comentários:

Enviar um comentário