2009-10-23

100 urtera iristeko formula

Telleriartetik, Brinkolara.

Bada bidegurutze bat Brinkolan, Olazahar baserriaren parean, bi adar dituena: batek Barrendiolako urtegirantz eramaten zaitu, eta besteak burdinbideari segitzen dio.



Nere asmoa urtegira jutea zan, baina bera ikusi nuen. Bere alaba-iloba-laguna edo dana dalakoaren besotik helduta.

Makur makur eginda, makulu batez lagunduta…

- 95 baietz!

Argi dezagun zalantza.


GEZURRAK KONTA DITZAGUN, TRALARA, TRALARA


Ez dago ondo gezurrak esatea, baldin eta helburu zuzen bat tartean ez bada.

- Arratsaldeon! Aizue, urtegirako bidea ezagutzen det baina hemendik ez naiz sekula abiatu. Nora dijoa bide hau?

(Begiak itxita ere asmatuko nuke aurrera egiten bide horretan, bertako barraskiloek agur eta guzti egiten didate, baina, amona haren adina jakin beharra neukan! Adina, eta hain luze bizi izateko sekretua, tokatzen bazan)

- Hortxe gastatzen da. Ez dezu inguru hau ezagutzen orduan… Ta? Zu nungoa zera ba?

Batek bestea ekarri zuen, eta danetik pixkat probatu genuen: metereologia, soziologia, ekonomia, geografia, gastronomia…

Hamar bat minutuz egongo ginen hitz eta pitz, eta segunduak aurrera egin ahala, nere harridura haundituz-haundituz zijoan: amona hark ez zuen ateratzen bere adinaren gaia!

Burua argi-argi. Belarria, nerea baino zoliagoa, mingain arina… Adin horretara hain ondo iristen dan edozeinek, bere adina aipatzen dizu, harro; hamarretik hamarrek bai.

Baina berak ez!

Mariapaina? 97 urterekin? Bai ote?

...

Azkenean!

Ez zuen berak aipatu, bere alabak-ilobak-lagunak (?) baizik.

- Zenbat urte esango zenuke dauzkala?

- Ba... Ez dakit ba… Zeuk esan...

- 97!

(premio Patxi!)

- Joooooe… 100 urteak gertuan dituzu orduan! Aizu, eta zein da ba hain luze bizitzeko sekretua?

Parre lotsatiz biak.

- Ez dakit ba zein izango dan... Baina geratu ere ez da egiten egun guztian. Bixkorra!

- Bai, ni geldi, gutxi egongo naiz. Beti izaten da zeozer egin beharra…

Albako dukesarekin akordatu nintzen... 82 urte uste det dauzkala.




Eta aipatu ere egin nion. Klaro ba. Hura, mugitu, gutxi, bizi guztian, eta horregatik hain estropeatuta.

Parre egin zuten biek.

Genetikak bere garrantzia izango du, nola ez ba, baina badaezpadaere, badakizue. Luze bizi nahi badezue, mugitu asko eta sarri ipurdia, Brinkolako amonatxo bixkor honen modura.

___

Sem comentários:

Enviar um comentário