2009-10-06

Sudur meatzaritza eta inmunologia

Sudur meatzaritza terminoa ez da nerea, Zientzia.net aldizkarian artikulua sinatzen duen Ana Galarraga Aiestaranena baizik.

Ze xalada.

Artikulua irakurtzeko perezaz dabilenarentzat, hau egiten zaio deigarrien Anari, gizakiok ditugun hamar ezaugarri bitxien artetik, hauxe: zer dela eta behatza sudurrera eramateko gure ohitura hori; zer dala ta mukiak jateko kapritxo hori…

Ba, ikerlari batzuk hori ikertzeari ekin diote.

Marka da gero. Begira zenbat gauza dauden ikertzeko, hau baino garrantzitsuagoak, esaterako, teletransportea (gure burua materiagabetuz eta beste puntu batean gorpuztuz bidaiatzea), Euskal-Herria errepidez josita uzten ari geran honetan… Edo esaterako, plantxa automatikoa: erroparen esklabutzatik askatuko gintuzkeen asmakizun zoragarria…

Ba ez, zientzilari batzuk beste lehentasun batzuk dituzte.

Baina, et et et! Akaso zuzen dabiltza!

Mukiak jatea immunologia-sistemarentzat onuragarria da!

A gripearen ikarak bizi gaituen garai honetan, hartaz babesteko beste erreminta bat, horra; eskoletan batez ere, hartu beharreko prebentzio neurriei eransteko, ale berri bat:

- Erabili eta botatzeko musuzapiak erabili…
- Eskuak sarritan garbitu, eztula egitean…
- Sudurra eta ahoa ondo estali ( besoaren barrualdearekin ukondorantz eginez)… eta…

- Garai batean Angelusa errezatzen zan bezela, tartetxo bat hartu, danok, ikasle eta irakasle, muki janaldi oparo bat egiteko, laguntasun ederrean.

Hala ere, zalantza batzuk pizten zaizkigu, ikerlari ez geranoi behintzat:

Zure mukiek, nereek adina balio dute?

Har ditzagun bi euskaldun prototipo. P hizkiaz hasten diren bi, adibidez: Pagadi, eta Perurena, Iñaxio.





Zeinen mukiak ote osasungarriago? Iñaxiorenak, ala Pagadirenak? Iñaxioren planta ikusita, harenak noski, baina batek daki. Askotan gauzak ez dira ematen dutena…

Merkatu bide berriak zerumugan

Hazia saltzetik ezingo ginateke bizi. Galiziarrak omen dira gailen horretan, komunikabideetan zabaldu zan beste ikerketa egin berri baten arabera. Baina… Euskaldunon mukiak ezaugarri inmunologiko nabarmenak balitu? E?

Adi, euskal ikerlariak!

Isabel Zelaari mezu eletroniko bat bidali behar zaio, urjente. Argazki honi erreparatuta behintzat, badirudi edozein proposamen entzuteko disposizio onean dagoela.





Ohar garrantzitsua, bukatzeko

Nola alperrik galdu, etxean halakorik daukanak behintzat, sustantzia inmunologiko soberakin guzti hori?




Enbotatzeko garaian gaudela!

_____

3 comentários:

  1. Egun on, Patxi! Sekulako ilusioa egin dit nire artikuluaren aipamena ikustea hemen. Zu bai xalaua!!!

    ResponderEliminar
  2. Ana, hau poza!

    "Sudur meatzaritza" irakurri nuenean bota nuen algararen oihartzuna, oraindik zabaltzen ari da, hori ere ikerketu beharrekoa ;-)

    Artikuluak baditu gauza interesgarri gehiago, gogoan geratu zaizkidanak. Egunen batean ea pausatzen ditudan hemen!

    ResponderEliminar
  3. ai zenbat lore!
    eta nire masailek... a ze kolore!!
    ana

    ResponderEliminar