2009-11-19

Kirofanoaren itxarongelan

Gaur aitarekin izan naiz ospitalean. Orduerdiko maxiaketa bat egin behar zioten gizonari.





Aparteko mekanika-lanik ez. Ospitaleko bezero fina da aita gainera. Medikuak esan zion aurrekoan:

- En una temporada, nos vas a ver más que a la cuadrilla, Leandro…

Tira ba. Tarteka, nahikoa parre egiteko balio du behintzat... Gaurkoan bezela:

- Esperen en la sala de espera, ahora le llamamos...

Goazen ba, itxarongelara.

Hutsik egongo zalakoan… Bai zera! Bi aulki bakarrik zeuden libre iritsi geranean. Bata aitarentzako, bestea neretzako.

Sartu da aita itxarongelan nere aurretik, eta han bota du:

- Egunon!

Ni, eta itxarongela hartako %50 euskalduna, parrezka.

- Aita… Ez dala ohitura orain “egunon” esatea holakoetan… - ironiaz beteta nik -

- Ez al da? – aitak, irripartsu.

Aitaren egunona hango izotza pixkabat urratzera etorri da, han izotz asko baitzegoen. Asko!

Jakina. Hura, ospitale bateko itxarongela zan. Hango gehienei, haiztoa sartu behar zieten berandu baino lehen… Auskalo ze tokitan!

Hantxe zeuden, hurrenez-hurren:

1. Berrogeitamartsu urteko bikote bat. Ezin jakin zein zan gaixoa eta zein laguntzailea, kezka ezin berdinago banatuta baitzeukaten. Luze iraungo du haien harremanak.

2. Kirofanoei berebiziko ikara dien neska izutua: ez du gau osoan lo egin (ez du esan, baina antzeman egiten zitzaion aurpegian), eta nola deitu egin behar zioten momentu batetik bestera, relajazio postura jakin bat hartu du etsi-etsian, bi eskuak alkarrekin gurutzatuta. Eta lo geratu da! Seko! (gau osoa betazalik bildu gabe, geratuko ez zan ba!)

3. Bere urduritasuna mugimenduarekin leuntzen duen neska ilehori urduri tipikoa. Nere ezkerretara eserita, telefonoz hitzegiten zuen bitartean, hanka dar-dar batean! Banku ilara guztia – nere eta nere aitaren ipurdia barne – danak dantzan, haren hankaren erritmoan… (geratuko al zera, rubia???!!!)

4. Hiru arabiar, alkarrekin zetozenak. Senar-emazteak bale, baina zein zan hirugarrena? Itzultzailea??

5. Olasagastiren lehengusua. Gizon zindoa, iharra, ondo-ondo orraztua, eta hura bai, batere bildurrik gabea. Gu baino beranduxeago sartu da, eta hark ere bota du!

- Egunon!

Baina bere egunonak ez du parrerik ekarri. Itxoinaldia asko luzatzen ari baitzan. Zer gertatzen zan??

Neska ilehori nerbiosak jakin du, eta jakinarazi digu danoi gertatzen ari zana, zeinek bestela! Bilera garrantzitsu bat omen zeukaten kirofanoetako langileek…

- Pues podrían tener la reunión otro día, sin hacer esperar a la gente... ti-ti-ti-ti-ti-ti-ti.........

Goazen barrura

Barruko telefonoa, bapatean:

Aitari deitu diote lehenengo sartzeko. Zer zan hura! (kirofanoetako pasiloa). Tokioko metroa ematen zuen, danak presaka, danak hara eta hona. Erdiak hasarre, beste erdiak pozik…

Zeinek sartu behar zion materiale kirurjikoa aitari?? Bileran galtzaile ateratako batek????

Bera azaldu danean…

Burua estalita, aurpegia maskarilarekin tapatuta, begiak bakarrik ikusi dizkiot. Ezagutu egin det, eta berak ere ezagutu egin nau, nahiz eta agur labur bat egin diogun alkarri.

Begiak ezagutu dizkiot, institutoko politenak - edo hortxe-hortxe - berak zituelako. Gogoratuko ez nintzan ba. Duela 25 urteko kontuak dira, baina begiak ez zaizkio batere aldatu.

Ezin jakin zirujaua dan, ala zeladorea, ez ditut uniformeak kontrolatzen, eta fijatzeko nahikoa denbora ere ez det izan; baina institutoan txintxo-txintxo egoten baitzan, adi-adi beti, zirujaua izatea errezena.

Garantia bat. Alderantziz izan balitz, hau da, ni berdez jantzita, eta hura bezero, gaxua majo ikaratuko baitzan….

Genetika

Aita biluzik, bata bakar batez jantzita, ipurdia bistan, txanoa buruan, txanklak hanka banatan… Ikuskarri zegoen gizona. Ossssso parregarri.

Orduerdira bueltatu didatenean, hantxe ikusi det, itxura berberarekin, pasiloaren hasieran, sillan eserita… Isabel Preysler Porcelanosako iragarkian baino irripartsuago…

Eta esan det nere artean:

Genetikoa izan dadila irriparre hori! Genetikoa izan dadila!

Nik ere nahi det 80 urterekin irriparre hori izan txilibitutik kateter bat sartu berritan!!

____

2 comentários:

  1. Irriparrea eta umore ona baino herentzia hoberik ba al da? Hori da zortea duzuna, Patxi!

    ResponderEliminar
  2. Esandakoa, Zu: genetikoa izango al da...

    Nik uste det baietz ;-)

    ResponderEliminar