2009-06-30

Fantasiak eta beste



Aurrekoan gaia atera zan lagunartean, ea zein izango litzatekeen gure bizimodu ideala. Zer beharko genukeen erabat zoriontsu izateko.

Nik burua hutsik utzi nuen. Begiak zabaldu nituen asko, eta zain geratu nintzen, zer etorriko:

- Ba… kirola. Kirola egiteko aukera… Eta… Lau emakume. Eta vermouth botila bat.

Parreak segituan etorri ziren nere zorion-formularen atzetik.


- Lau emakume? Eta aseko zenituen laurak?
- Hombre… Laurak batera ez, jakina. - Tira, beti ez – Banan bana.
- Eta vermouth botila hori?
- A, hori, oso garrantzitsua, bazkal aurretik hartzeko, azeituna batzuekin, menditik jetsi ondoren.

Parretxoak berriz. 

Bati inposible bat deskribatzea eskatzen diote, inposible horren borradore zabartxo bat botatzen du, bere asmorik onenez, eta parre egiten diote. 

Ez naute ulertzen (zuek seguro baietz).

Fantasiak, nereak behinik behin, bi motatakoak dira: egingarriak eta ezinezkoak. 

Ezinezkoak aura eder batez inguraturik datoz. 

Kirolak erabateko osasuna adierazten du. Ez dago minik edo ezintasunik. 

Emakumeen atalari dagokionez… Denak alaiak eta erakargarriak dira. Eta ez dago konpromezurik, ez haien aldetik kapritxo amorragarririk, mania zororik. Denek adoratzen naute nik haiek hainbat, eta dana da borobil eta orbanik gabea. 

Eta vermouthak ez dit uzten bixamonik. 

(Fantasia egingarriak... Hoiek ez ditut hain errez aitortuko, noski. )


EMAKUMEAK ETA DESIOA


Emakume bat bazan gure artean, eta hari eskatu egin nion, nere “sinzeritatearen” ordainez, bota zezala berak bere fantasia. 

- A ez ez… hori… Pribatuan,  esatekotan. Hemen danen aurrean ez. 

Eta bere erantzunak berak bai adierazi zuen “zer" debekatu bat, baina…  

Galdezka aritu nintzaion gero, etxera bidean, nere buruari (hainbeste lan ematen diodan nere buruari), ea zenbat emakumek aitortuko lukeen nerearen antzeko fantasia bat. 

- Ez Patxi. Emakumeek ez dute beren desioa adierazten, ia inoiz.

Eta ez dakite, ez dakitenez, beren desioa adierazteak pizten duela gure desioa haiekiko, modu sinesgaitzan. 

2009-06-29

Urtero-urtero gozatzeko modukoa

Herriko festak. Haurren danborrada. Urteroko zita errepikatua, baina…

Urtero-urtero ikusi eta gozatzeko modukoa.














































2009-06-28

Nere besoak badaki zer behar dedan

Bart ohera sartu naizenean, mesanotxera luzatu det besoa, begiak itxita, eta hari utzi diot – nere besoari -, eguneko azken liburua aukeratzeko erantzunkizuna.

Batek daki zeinek gidatu duen besoa. Zoriak akaso. Akaso nere barruak: atzo goizean, txintxeta batez kortxozko arbelan iltzatzen dan pos-it bat bezela, garunean iltzatu zitzaidan beste irudi honen deiak…


____


Txoratzen egon naiz Txelu Angoitiaren liburu zoragarriaren argazkiei begira, eta hona iristean…




Hor gelditu naiz, ttak!

"oporrak behar ditut" esaldiak baino, beste honek liluratzen nau egunotan:

"Nere bizitzaren oporrak behar ditut".


Liburuan argazki honen azpiko zitak dioena:


“A minha verdadeira vocaçao de vida e a vagabundagem.”

Vinicius de Moraes”

Zu zera nere oliyua

ZERGAITIK NEGAR EGIN

Beste ibilalditxo egitea tokatu da gaur, bizikletaz. Baina… Ez det askorik gozatu.

Bazan zeozer ondo ez zebilena. Eserita nindoanean ezer ez, baina zutik jartzen nintzanean… Negarrez hasten zitzaidan bizikleta. Ñiiiiiii… Ñiiiiiii… Eta oso arin ere ez zebilen. Bazuen zerbait. Zer baina?

Akordatu naiz halako batean: olioa!

Aurrekoan garbitu on bat eman nion, pilatutako lokatzak jan egingo zuen bestela; eta gaur, lehenbailehen abiatzeko presaz, ez naiz gogoratu gaxoari hainbeste behar duen alimentua ematen.

Metafora polit bat egiteko balio izan dit sikiera (bizikleta gainean zoazela buruak pedalen erritmoa segitzen duela...):

"Alperrik izango dezu karbonozko bizikleta ezin arinagoa. Alperrik errepide leun asfaltatu berria. Alperrik izter gihartsuak eta hauspo ederra… Lau olio tantaren faltan bazera…

Bizitzan bezela-bezela:

Badaukat lanpostu fijoa; hipotekarik gabeko duplex ederra. Baditut lagunak, bi taberna betetzeko adina. Baditut osasuna eta edertasuna. Badauzkat grazia eta artea. Baina zure begiraturik gabe pasatzen badet eguna…

Kattalin! Nere oliyua zu zera.


Zamora eta Gibraltar

Aurrekoan ikusi nuen baserri baten izen ondo turistikoa. Garin aldean uste det: "ZAMORA". Ba gaur aurkitu diot adiskidea, Azkoitiko Martittera bidean:




(Ez dezue ezer ikusten, ezta? Nere sakelekoaren begi kaxkar arraioa...Tira, ez nekatu begiak:)

"TXIBILTER
GIBRALTAR"

TABERNAKO ZURRUTA BAINO HOBEA


Martitte auzotik Oleta aldera, han iturri ederra:




Eta ederragoa, iturria toki horretan ipini zuen baserritarraren etorria:

Lau bertso dira bertan josita dagoen plaka batean daudenak. Bat hemen, xelebreena, adibide modura:

Menditik behera dator
Suabe suabe
Danon onerako da
Asmo hortan gaude
Egarria kentzen du
Kalte egin gabe
Tabernako zurruta
Baino hau da hobe.

GURE ARBASOEK UTZITAKO AZTARNAK

Gogor igo det azkeneko aldapa.

Arnasestuka, Oletako belardian etzan naiz, zerura begira.

Lehian, nere arnasa, eta bihotza, trostan-trostan.

Baretu direnean biak, zeruan sentitu naiz, eta sentipenak gogorarazi dit nun negoen etzanda: toki paregabea, Oleta.



Zerbaitegatik aukeratu zuten gure arbasoek toki hau beren hildakoei lur emateko… (tumulu bat dago bertan)

Hori etorri zait burura. Zenbat arbaso ote nituen nere azpian, ze aztarna gordetzen ote diren bertan…

….

Altxatu naiz eta…

Han aurkitu ditut, brontze-arokoak baino, Australopitekus moderno baten aztarnak, berri-berriak, belarria izan dedan toki berean:

Zigarrokin bat (Ducados)! Eta txotx bat! (zeukan itxuragatik, gutxienez ordu pare batez erabilia)!




____

2009-06-26

Pedagogia

Aurrekoan, pozez entzun nion adiskide bati, nola konpondu zuen bere etxeko gatazka bat.

Kontatzen zidan, ez zuela lortzen bere semeak hortzak garbitzea otorduen ondoren, ez bazan beraren atzetik erreguka ibiliz.

Halako batean nazkatu egin omen zan eta, ikusita modu onez ez zuela ezertxo ere lortzen, eta egunero-egunero erreguka ibiltzeak nekarazi egiten zuela sakonki bezain biziki, hola mintzatu zitzaion bere semeari:

“Hara (seme-alabaren bat dezuenok, egin ezazue simulazioa, jarri zuen txikiaren izena hemen: XXXX): urteak 365 egun ditu. Egunero hiru aldiz gogorarazten dizut hortzak garbitu behar dituzula. Duela bost urte bai. Biderketa egin zazu zenbat aldiz gogorarazi dizudan egitekoa… Balio izan du ezertarako? Ez. Ba… Txikito, hau bukatu da: bihar hortzak garbitu gabe aldegiten badezu etxetik, koaderno batean 500 ALDIZ hau kopiatu beharko dezu: “otorduen ondoren, hortzak garbitzea ariketa txit beharrezko eta osasungarria da”

Nere adiskide hau ez da edozein buruarin. Liburu eder bat idatzi du. Heziketaz ere badaki zeozer, emaztea irakaslea du. Argia da, eta tarteka argitaratzen dituen idatziak, oso aintzat hartzekoak dira…

Atzo arratsaldean halako pisu astuna sentitu nuen nere alaba zaharrenari zigor hau ipintzerakoan…

“ Aste hau, eta hurrengoa, sukaldea jaso beharko dezu, goitik behera, eguerdian eta gauean”

Nere adiskide honen jakituriari damaion argitasunak, ene bada, nola arindu duen nere zalantza eta balizko gehiegizko-autoritatearen zama!

Bi astez sukaldea jaso gabe! AUPA!



____

Michael Jackson zuria zan

Makina bat lagun ikusi det askotan Michael Jackson “larrutzen”.

Akusazio nagusia, bere koloreaz lotsa sentitzea.

Ni isilik beti, gizonak ez baitu sekula nere jakin-mina piztu: zuri bihurtzearen arrazoiaz, arrastorik ez, eta daturik ezean, hobe isilik egon.

Gaur bai hartu det lana ordea, galdera horri erantzun bat bilatzen, eta, horra argibidea: gaixotasun bat omen zuen, “vitiligio” izenekoa.

Demagun ez zala horrela izan. Gaixotasunarena, aitzakia hutsa zala. Gizonak zuria izan nahi zuela…

Gizonari askatasun hori aitortu beharko zaio ba. Nahi duen bezelakoa izateko desioa…

Nik adibidez: 1,85 neurtu nahi ditut. Aurpegi simetrikoa izan. Ilea ugari buruan. Hortzak zuri, beso muskulatuak bular ilekixkurtsuaren alde bietan…

Ezidazue zapuztu nere ametsa!

______


Bere buruaz lotsatzen bazan, bazeukan Michaelek nahikoa desgrazi bere soinean.


Bego luzaz gure oroimenean.

___

Sinisten det, sinisten det



Telebistan tribu afrikarren (adibide bat ipintzeagatik, afrikarrak) erritoei begira jartzen geranean, hauen sinismen zelebreei begira, irriparretxoa txintxilikatzen zaigu ezpain-ertzean. Hauek ezjakinak, zibilizatugabeak. Hoiek siniskeria xelebreak

San Juan suaren inguruan berriz… Akaso baten bati okertuko zaio beste ezpain-ertza, bere siniskeriei momentu batez erreparatzean…

Paper batean apuntatu gaitzak, suak kixkaliko dituelakoan (¿?)

Erlijioaz eta sinismen aitortuez, asko hitzegiten da. Gure barne-sinismen zoroei buruz aldiz, ze gutxi, eta esango nuke, asko-askoren bizitzak baldintzatzen dituela, modu ikaragarrian.

Wikipedian aurkitu det, zientzilari baten esana: gure burmuina siniskeriek gidatzen dute erabat.

Esajerazioa?

2009-06-16

Igande goiz borobila

....

Behin esan zidan batek, gutxirekin konformatzen dan hoietakoa naizela. Ez zuen gezurrik esan, nahiz eta aldi berean, nere burua oso exijentetzat daukadan. Posible dira biak? Bai, posible dira.

Asko eskatzen diot bizitzari, gehiegi seguruasko. Baina tira, lortu ezin dedan guzti horren egarriz bizi banaiz ere, badakit gauza txikiekin gozatzen.

Igandean betekada izan nuen. Gauza txiki gozagarri hoien betekada.

GOSARI EDERRA

Kafesnea, ogi errea, gurina, masusta mermelada… Eta sukalde isilean, goizeko zazpit’erdiak inguruan, Arantxa Artzaren ahots ederra (hau ere, seguro, sendagarria), Julian Bereziartua medikua aldamenean duela. Diabetesa, giltzurrunetako harriak, eta antzeko osasun bitxikeriak, baina, oso modu hurbil, goxo, eta ulerterrezean kontatuta.


Goazen bizikleta gainera.

KOTXERIK GABEKO EGUNA


Hala zirudien benetan.

GI-632 errepidea, neretzako bakarrik sortua. Zumarragatik Salbatorera, ez nuen kotxe bakar bat ere topatu! Ezta bat ere!




Miraria?


Esperientzia mistikoa…

ZAKURRAK PASIATZEN




Susto txiki bat bai Arriaranen.


Batzuk bizikletaz ibiltzen entretenitzen gera, igande goizetan, eta beste batzuk, hiru txakur batera pasiatzen. Nahikoa ondo eusten zien neska saiatuak, baina… Ez al du estropezu egingo harri galdu batekin, eta hirurei ihes egiten utziko! Eta gosalduta egongo al dira zakurrak! Ni baino jaki gehiago ez dago ta inguruan!


GOAZEN URTEGIRA




Nere etxetik 10 kilometro exakxera, eta oraindik ezagutzen ez Arriarango presa. Gizakiak egina, artifiziala, baina… Ze eragin lasaigarria duen ur masa horrek, begien aurrean tokatzen danean.


Eta itzulia egiten ari nintzala haren inguruan, bapatean, bihurgune baten mutur batean, han, bikote bat, zertan eta, basa-gerizondo batetik gereiz aleak biltzen…

- Hartu pare bat, probatzeko…

Ezusteko opariek egiten duten ilusioa!

GARIN AUZORA BIDEAN, ARTE PUSKETA BAT

 


Traste haundi hauek berez bildurgarriak badira, zer-esanik ez abandonatutakoei darien kutsu misteriotsua lagun dutela. Pinuz betetako atzealde horrekin gainera…

Segi daigun goruntz…

MOMENTU MAGIKOA

 


Argia landaredian bidea bilatzen. Txorien hotsa besterik ez. Geldi-geldi ni. Momentu magikoa, lastima, kamara txar batek jaso ezin duena. Munduko kamararik onenak ere kostata…

Eta Garin auzora iritsita…


ALAJAINA, ZE TOKI POLITA




Inbidia galanta, batzuk ze toki zoragarrian bizi diren ikusita. Egin al det aste honetan Lotoa?

ZAKUR AXERIA ASTIGARRETAN

Garin auzoaren gainean dagoen auzoa, Astigarreta.




Zakur alubita gero, erakusten dizuedan hauxe. Zaunka, zaunka eta zaunka. Ikusi nauenean alde egiten, orduantxe isildu da…

Ep... Argazki hau hartzeko geratu egin behar det ordea...



Nere artean, harrituta: eta zakur zalapartari hau, nun sartu da ba?

Argazkia hartu ondoren, bizkarra erakutsi diodanean, orduantxe! Han hasi zait atzera zaunka! Gordeta egon dala neri begira, lauhankako alubita!


HAURDUN, BIGARREN ALDIZ


Maundubitik beheruntz, Matxinbenta auzoraino.

Mezatik ateratzen eliztarrak, berriketan. Han nun jaso dedan, bertako natibo bati adituta, basa-gerizen balio beretsua duen esaera:

- Bigarren esperantzan dago, ez zekizun ala?





PRESATIK PRESARA




Ibai-eder presak ere horixe duela, Arriarangoak bezela: eragin lasaigarri bezain frexkagarria.


Eta handik, bide bazterrera bota nauen gaztemokofitipaldigarunbakotxepelaren pasadizoa ahaztu gabe, Maroko dirudien - Alaren izenean, zenbat magrebseme dagoen hemen!– Azkoitia zaharra zeharkatu ondoren, iritsi naiz Urola trenaren ibilbide zaharraren hasierara.

ILUNTASUNEAN HEGAKA


Sentsazioa, paregabea da. Tunelak argiztatu gabe daude oraindik. Ez dezu urrutiko argi zulotxoa baino ikusten, eta bazoaz itsumustuan tunelean barrena. Ez dezu ezertxo ere somatzen. Ez bizikleta, ez zure burua...





Zoragarria!

____

2009-06-10

Patinetan (II)

Bizikletarentzako partxe kaja baten bila sartu nintzen dendara; ukondoak koskorrez, besoak more, ipurtaldea minbera. (Izotz jauregian jasotako uzta oparoa.)

Patinak apalean ikusi, eta maiteminak jotzea, dana bat izan zan.

Beltzak eta gorriak, ederrak! Gogorrak, arinak, gurpil bixiak…

Hilabete pare bat bada etxera ekarri nituela. Harrez gero, erori naiz atzerantz, erori naiz muturrez, erori naiz alde batera, bestera… Jo det ate bat, kotxe bat, andre bat… Mailatu det ipurtaldea, mailatu det saihetsa…

Baina aizue… Ikasi dedala frenatzen! (gutxigorabehera).

Nola ibiliko naizen hemendik gutxira berriz, horra (hau ere gutxigorabehera):



__

(Hemendik hartua: Navi)

_______


Lagun batek ozta-ozta nenbilenean egin zuen topo nerekin, lehenbiziko egunetan. Begira geratu, eta parrezka jun zan.

Ikusi ninduen handik egun batzuetara, eta parreari heldu zion berriz. Hauxe galdetu zidan:

- Eta, eroritzen zeranean, zer egiten dezu???

Segundu t’erdi bat kostatu zitzaidan adierazi nahi zidan hartaz jabetzea. Segundu t’erdi horretan harrituta begiratu nion, eta nere barruan erantzun honek jo zituen buruko pareta-barrenak:

(- Zer egiten dedan? Altxatu! Zer egingo det ba?)

Gero jaso nuen bere jakin-minaren pelota. Aaaaa, honek zera esan nahi du igual…

- Esan nahi dezu, ea lotsik sentitzen al dedan? Norbait begira ote dagoen kezkatuta?

- Bai, klaro!

Hantxe geratu ginen biok, alkarri begira, parrezka.

_____

2009-06-09

Italia ez dago hain urruti



Europa ahozabalik dago, nolatan izan dezakeen Berlusconik Italiar gehienen babesa, neskatilen eskandaloaren ondoren.

Izen haundiko soziologo bati galdetu zioten aurrekoan zergaitik izan zitekeen hau:

- Berlusconiren meritua, jendeari sudur puntan jartzen zaiona egiteko justifikazio bat eskeintzea izan da: “zu zeu zeran bezelakoa izateko eskubidea daukazu.” Izan zaitezke kalamidade bat, Berlusconik, han goitik, baimena ematen baitizu, bera kalamidade hutsa izanik.

Badirudi beraz, politikan arrakasta izateko Italian, garrantzi txikia duela alderdien ildo ideologikoak, programak, edo zerrenda osatzen duten politikarien prestakuntzak. Boto emaileen behar psikologikoak aseko dituen pertsona egokia aurkitzea da kontua.

Eta, ikusitakoak ikusita, zeinek ziurta dezake hemendik gutxira hemen ez dala joera berbera emango? Alderdi politikoen gainbehera bertijinosoa (ez al da dagoeneko gurpila mugitzen hasi?) Botere mediatikoen gailentzea (ez al dago horretatik dagoeneko puska on bat)?

Zein litzateke orduan gure eredua? Gure burua harengan ordezkatzen gustora ikusiko genukeena? Gure behar psikologikoak ondoen beteko lituzkeen pertsona?

Zeinek izango luke izugarrizko arrakasta eta indar bateragarria gurean, baldin horretara jarriko balitz?

Nik ez daukat zalantza izpi txiki bat ere. Gutxi fidatu, ez ote degun luze gabe irudi hau izango, gure begi-ninietatik txintxilik…

Sartu xagua lehendakaritzan, eta ikusi erantzuna, juntetxetik irtendakoan.






_____

2009-06-06

See you, Carradine

Bizitza honetan zerbaitek lasaitasuna ekarri badit, hori Kung-fu saioa izan da.

Ez da broma. Akaso txikitan baino ez zenuen ikusi saioa, Carradineren botereak liluratzen zintuen. Bere burruka egiteko ahalmenak. Hamar lagunen kontra onik ateratzeko abilidadeak. Bai, nik ere zelebratzen nituen, york bokadiloari kosk eginez, praka motxetan, Kwai Chang Cainek bakero harroei emandako astinduak…

Baina gerora, saioa berriz eman zutenean, duela hamar bat urte (gutxigorabehera) burrukak alde batera utzita filmeak erakusten dituen ikasgaiei erreparatu nien, harrituta, eta bilatu nuen, nere zorionerako, ate ireki bat nere hainbat kezken aurrean.  

Ez dakit gidoiak zeinek idatziko zituen, budismoa ondo islatzen duten ala ez, batere fundamenturik ote daukaten… Baina neri balio izan zidaten egonezina sortzen zidaten hainbat sugar setati itzaltzeko. 

Carradinek gainera, sekulako pakea transmititzen zidan. Eta gogoan ditut kapitulo batzuk, Txinan girotutakoak, izugarri ederrak.




- Matxinsaltoa, ze arazo daukazu?
- Pena haundia daukat
- Arrazoirik gabe penatan egotea, denbora galtzea da. Arrazoi bategatik pena sentitzea ere alperrikako lana da. Hobe da pena sortarazten duen hori zuzentzen saiatzea… 
- …
- Maisu… Bart esnatu egin naiz…Ilun zegoen… Ez nuen hotsik entzuten… Bildurtu egin naiz.
- Zerk bildurtu zaitu?
- Heriotzak
- Bizitzen dakienak, ez dio heriotzari bildurrik; ez baitu zirristurik uzten hura bere barrenera sar dadin.

____  

2009-06-05

Faktoria

Faktoria aipatu... Eta Manu Etxezorturekin akordatu, dana bat.

Duela gutxi esan nion adiskide bati, zenbat estimatzen nuen hura nere aldamenean izatea. Beti umore onez, beti baikor, beti txisteren bat poltsikotik ateratzen. Holako aitortza egin nion, momentu batez pentsatzen jarri bainintzen, zer izango zan nere bizimodua bera gabe: Laiotza!

Ba... Manu Etxezortu ezagutu gabe ere, alajaina, elektro batekin neurtzeko modukoa zan, goizeko martxari zeharo gogorik gabe lotuta nengoenean (labadora, erropa, bazkaria, erratza...) nola pizten nintzan tarte batez haren parre-algara ozen eta indargarri bat entzuten nuen bakoitzean.

Ba al dator berrize edo?

Manuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuuu!!!

Tira, eutsi goiari. Osasuna eta umore ona.

Edonola ere...

Faktoriak badu orain beste aire bat. Oso gustora entzuten det, eta bada arrazoi bat:

Batzuetan xehetasun txiki bat nahikoa izaten da norbaitekin aldi luze baterako lotzeko. Hari sinpatia izateko; begi (tira, belarri) onez jasotzeko.

Eta xehetasun garrantzigabeko hau, pasadizo bitxi hau, duela aste batzuetako elkarrizketa gogoangarri batean gertatu zan.

Ainhara Zuazabeitia gidari, eta... Zein zeukan laguntzaile, Oihane Yustos? Nagore Telleria? Ez daukat gogoan oraintxe bestea zein zan.

"Hauek zer daude, jota edo?" Pentsatu nuen, aldi berean errukia eta eutsi ezinezko parregurea sentitzen nituen bitartean...

Ze ondo pasa nuen! Akordatzen naizen aldiro, parrezka hasten naiz, eta irriparreak luze irauten dit.

_____


Faktoriako emakumeen kuadrilateroaren lau iskinetako batean… Txus Jaio.




Mahai azpian inor begira jarri balitz, Txus hanka luzatzen ikusiko zuen, azeleragailua sakatzen, jotasu: kotxe-pilotoen keinu instintiboa, ihes egiteko beharra dutenean.

Tira, ez beharbada elkarrizketa guztian zehar, baina bai pusketa on batean, entzulearen mesederako, Txusen intimitatean murgiltzen ibili baitziren esatariak. Ondo. Neurriz. Elegante.

Baiiiiiiiiinaaaaaaa…..

Hau ere ez zenuten ikusiko seguro… Baina Ainhara eta honen galderagile-konplizea, biak ala biak, hanka luzatzen aritu ziren, hauek ere jotasu, elkarrizketa bixi-bixi jun zedin, bukaerako SUPERGALDERA gogoan…



Iritsi da momentua. Ainharak txistua irentsi du, eztarria garbitu du… Eta badijoa:

- Aizu Txus… Eta… Egia al da gure belarrietara iritsi dana… hau da… Markinan zehar zure neskalagunarekin ZALDI ZURI BATEN GAINEAN IBILTZEN ZERALA?????....?????

Kax-kax-kax-kax-kax… Arraultzak irabiatzen ari zan hau, Zast! Gelditu zan, galdera belarrizuloetatik sartu orduko.

Nere artean: “Baina baina… Ze galdera da hori??? – irriparre luuuuze bat nere aurpegian, belarritik belarria – Ze zerikusi du pilotajearekin zaldi zuri baten gainean ibiltzen dan ala ez? Zertara dator galdera?"

(Manuk berehala egingo zion holako galdera bat…)

Isilune bat….

Ttak! Erantzuna:

- Ez. (lehor.)

Norbaitek aurten paga extra bat gutxiago kobratu behar dutela esan balie momentu horretan, ez ziren hainbeste zapuztuko.

- ¿???? Nola ezeeeeeetz….??? Ba guri ziurtatu egin diguteeee eeeee?? Baieeeetz… Ikusi zaituztelaaaaaaaa, ZALDI ZURI BATEN GAINEAN, ZURE NESKALAGUNAREKINNNNN… (parre algaratxoak)

Hantxe ni, arraultzak batitzeari utzita, harritzeari utzi gabe, gizonak EZ garbi bat esanda ere, neskak ez baitzuten milimetro bat ere atzera egin!

Kuxkuxeroak!!

- Bengaaaaaaaa… Egia da, eztaaaa?? Zaldi zuri bat daukazu, eztaaaaaaaa??? Bai, bueno, zure neskalagunak, baina inoiz ibili zerateeee, eztaaaaa??? Baiiii, eztaaaa??

Erdi-onartu behar izan zuen gizonak azkenerako baietz, "tira.. Bueno…" Soto batean inkomunikatu eta atera egingo baitzioten erantzuna bestela! (batek daki ze metodo erabilita)!

"BAI, AITOR DUT! NERE NESKALAGUNAREKIN ZALDI ZURI BATEN GAINEAN IBILI NAIZ MARKINAN ZEHAR! ETA HABEAS CORPUSA NAHI DUT!"


____


Nik fenomeno pasa nuen, eta esan bezela, irabazi egin ninduten Faktoriako neskek aldi luze baterako. Ahal dedanean behintzat, fin-fin entzuten diet.

Lantxo bat ere hartu det, haien eskerronez. Txusen neskalagunaren inbidiz geratu baziren ere…

Ainhara, zuretzako ;-)



____

2009-06-02

Aritz Aranbururen taula gainean

Euskadi irratiko Faktorian elkarrizketatu zuten atzo Aritz Aranburu.


Jende gutxiren bizitza moldea zait inbidiagarri. Aritzena hoietako bat.

“Zenbat ari dan gozatzen mutil hau”, etorri zitzaidan burura entzun nionean.

Aldatuko nioke aldi baterako bizimodua, bai hoixe.

Oso jatorra iruditu zitzaidan gainera, eta arrazoia ematen diot esan zuen gauza batean: burua ondo amueblatuta dauka.

Holako gauza borobilak esaten ditu:

- Badaukazu sekreturik?

“Zeozer nahi badezu lortu oso garrantzitsua da zure buruan imajinatzea lortzea badaukazula. Ez baldinbadezu siniten ez dezu inoiz lortuko nere ustez. Gauzak kasualitatez ez dira gertatzen. Nik uste det hori oso puntu garrantzitsua dala. Lortu nahi badezu zeozer, imajinatu behar dezu nola izango zan momentu hori lortzea”

Hori bai, erantzun diplomatiko bat bota zuen.

- Ikusi zaitugu olatu ikarargarri hoien erditik pasatzen. Zer izaten duzu buruan zuk momentu hoietan?

“Momentu horretan dana da konzentrazioa, estrategia esaten dena. Denbora guztian ari zera saiatzen olatu guztien artean irakurtzen zein izango dan ona, zein txarra, eta olatua hartzen dezunean, uretan sartutako ordu guztiak praktikan jarri eta irudimenarekin pixkat saiatu irakurketa ona egiten “

Bai zera!

Inolako zalantzarik gabe, edozein gizasemek besterik ezin du izan buruan olatu erraldoi baten erditik pasatzean:

(ipini xagua irudiaren gainean)




Visit W3Schools!



Eskari bat ere egin zuen, sano-sano: bere alde botoa ematea, webgune honetan:

Emango ez degu ba!

Aupa Aritz!

____________________

2009-06-01

Ezer ez diat behar oraintxe...




video

video

:::::::


Izenburua bideoak atera ditudan orduan idatzi det.

Banekien bazala aukera bat shozu zerbitzuaren bitartez sakelekoarekin ateratako bideoak igotzeko, eta probatzea erabaki det, momentuak merezi baitzuen:

Eguraldi zoragarria, brisara gozoa, toki paregabea, belar altu xamarra koltxoiarena egiten; lorak, lora asko, zein baino zein ederragoak… Eta lore guztien artean, ni.

Ni, eta nere sakelekoaren kamara desastrea.

Etxera iritsi eta bideoak ordenagailuan ikusi ditudanean, hori zaputza!

Zalantza geratzen zait ordea, ez ote dagoen esplikazio hurbilago bat, Tokyora jun gabe:

Patxi! Akordatu al haiz kamararen begiari izerdiak eragindako gandua kentzen???

Zerriya!!!

_____


Izazpin izan naiz berriz ere. Edurne Pasaban baino gutxiago ez naiz izango ta, tontorrean momentu historikoa digitalizatu det (nere ohiturari jarraiki, bizikleta gurpilez gora ipini det).

Eta zuei erakutsi nahi dizuet, batez ere, nere Idiazabalgo gazta-aurpegia ikus dezazuen.




Lehenago aipatu dizuet nere sakelekoaren kamara zein exkaxa dan, ezta?

Nola deformatzen duen errealitatea!!

(ze karpetatan gorde ote du ARRAIOAK nere edertasun partikularra??)


____


Beherakoan, ai!

Sekula ez det partxerik, infladorerik eramaten. Ba gaur biak eraman ditut.

Eta atzera bizikletaz ibiltzen hasi naizenetik (urtebete bada…), lehenengo aldiz...

Gurpila zulatu det.

Hiru tokitan!!

Katxondoena, partxeak ipintzen saiatu naizenean gertatu da.

Kamara puztu, eta, hurrengo pausua, zuloak nun dauden antzematea.

Aireak ihes egitean ateratzen duen zaratari esker, noski!

Ba… Egokitu zait…

Atzean ahuntz koadrila hiperaktibo bat… Perkusio joleak danak… Txintxarriari eraginez gogor…

TOLON-TON TOLON TOLON TOLON….

Eta kilker errejimentu bat, eguzkiaren etorrera ospatuz merezi bezela, azken negu busti eta ilunaren ondoren…

KIR KIR KIR KIR KIR KIR KIR KIR

Ezinezkoa pzzzzzzzzzzzzz alerik entzutea.

Eta saiatu naiz e? Zazpi bat buelta emango nizkion kamarari, belarriaren inguruan…

TOLON-TON TOLON...

KIR-KIR-KIR KIR-KIR....


______