2009-07-30

Asmakizuna: sari ematea

Kasualitateak nahi izan du, Jon Plazaolak…



Faktorian bere tartea izatea, ostegun goizetan. “istorio musikatuak” Eta, horra zer diren gauzak, horrez gainera, nere goiko bizilaguna izatea! (4. ezk eta 5. ezk)

Izugarri ondo etorri zaidana, Ainharak eta Anek asteartean tokatu zitzaien saria luze gabe jaso dezaten…

- Jon, egingo al didazu mesedetxo bat? Eramango al diezu Ainhara eta Aneri “motxilatxoa”?





_____


Asteartean Euskadi irratia entzun edo hemen audioa entzun zenutenok, esango dezue:

- Ba a ze ilusioa egingo diena saria jasotzeak! Bi tortila-patata bokadilo, bi laranja, eta fruitu lehor batzuk! Eta gainera, hartuko zuten disgustoarekin! Hain opari ederra agindu eta gero… Patxi! Ez al da krudel xamarra?

Ai ai ai…

Irratsaioan esan nuen bezela: gauzak ez dira beti ematen dutena. Eta ez dira ulertu behar arrakasta eta porrota, bi elementu monolitiko eta kontrako gisa. Biek dituzte beren argiak eta itzalak, eta batzuetan, arrakastak ez dakar itzala besterik…

Eta beste batzuetan… Porrot hutsa dirudienak hor dakar bere baitan…

Ea, ea, zer dakar?


ASMAKIZUNAK TRANPA ZEUKAN


Bai, tranpa zeukan. Ez nere aukera Borja izan ez zalako (Maite Goñi notarioa lekuko. Neri beharbada ez, baina Markel Olano diputatu nagusiarekin hitzaldiak eman eta Cory Doctorowekin hain harreman estua duen eminentzia bati, nola ez diozue ba sinistuko?). Baizik eta Borja aukeratu balu ere, ez luketelako sari potoloa eramango!

Izan ere, Borja aukeratu balu, nik bidegurutze estu eta zail honetan ipiniko nuen:

- Apaaaaaa! Zorionak! Asmatu dezuuuuu… Baina… Nola dakizu, Ainhara, kontsolazio saria ez dala hobea?

Eta hura hartzeko aukera emango nion, baina, hartzen ez bazuen, kontsolazio saria zein zan neretzako eta neretzako bakarrik gordetzekotan! Eta jakina… Irratian… Milaka entzuleren aurrean… Nola ukatu entzulegoari holako informazioa? Ezinezkoa zan! Ainhara gaixoari itsatsiko zitzaion berekoi fama!

Ainharak jakin egin nahiko zuen, noski, enigmaren erantzuna, mundu guztiak bezela, eta jaso egingo zuen porrota. OOOOooooo… (xalaua, baina porrota).


ZERGAITIK JASO BEHAR ZUTEN DERRIGORREZ PORROTA?


Ba hain zuzen, horixe erakutsi nahi nuelako. Batzuetan porrotak, mina ematen badu ere hasieran, ez dakarrelako gauza ona besterik…

Eta ezer espero ez dezunean jasotzen dezunak, espero dezun hura jasotzeak baino ehun aldiz ilusio haundiagoa egiten dizula erakusteko.


____


Ordu honetan, Ainharak eta Anek jasoa eta irikia izango dute saria:

Eta hau izan da beren ikuspegia:

“PASAPORTE A LA AVENTURA”

Hain izenburu polita dakarren motxila barruan zer?

...



Lehenengo sorpresa:

- Baina baina… Tortila egiteko lanik ere ez du hartu alubitak? Ea ea… Arraultzak… Patatak… Nola baina? Guk ipini behar ditugu gatza eta olioa????

….

Tira… Laranjak, tenporadaz kanpo, baina itxura ona dute sikiera, eta fruitu lehorrak iraungitze epearen barruan daude! Eskerrak!

Eta hortxe, bigarren sorpresa:

Plastiko mataza baten azpian…

Kartazal gorri bat:

“Ainhara eta Anerentzat”

Barruan zer?

...











Ilusioa egin ote die, batere espero ez zutenean, sari potoloa jasotzeak?

Hau zalantza! :-)

Ea zer kontatzen duten datorren asteartean. Eta aprobetxa dezadan abagunea, zertaz hitzegingo dedan aurreratzeko. Ainharari eta zuei, denei aldi berean:

SORPRESA atseginen xarmaz

Gai polita, gai politik bada.

Ez al da hala? :-)

_____

2009-07-28

Arrakasta eta porrota (II)

Nik Donostiako nere izeba Pilar izugarri maite nuen.

Donostiako alderik glamourosoenean bizi zan. Buen Pastor atzeko kalean. Oso emakume buruargia zan. Isilik egonez askotan hitz eginez baino gehiago adierazten dizun hoietakoa. Bihotz onekoa; eskuzabala, munduan beste gutxi bezela; eta oso alaia ere bazan, baina...

Etengabe ihesi zebilen pertsona zan.

Bere azken urteak, eta asko izan ziren hala eman zituenak, etxetik irten gabe eman zituen. Leiho eta kontrabentana guztiak itxita: haren etxera sartzea eta San Adriango kobazulo barrenera sartzea, alde haundirik ez. Bere logelan zegoen 60 watioko bonbila baten diferentzia. Han egoten ginen eserita kontu-kontari, bonbila haren argipean.

Zergaitik bizi zan horrela?

Ez zuen inola ere gaixotu nahi. Akaso ez zion inori lanik eman nahi. Akaso fobia zien ospitalei. Baina bere aukera ondo irmoa izan zan: etxetik irten ez, ez al zuen hezurren bat puskatuko; leihoak itxita beti, ez al zan gaixotasuna leihoetatik barrura sartuko.

____



Nere lagun baten amonak esan zuen behin:

- Han dicho no sé dónde, que en no sé qué cadena, van a echar una película pero que está muy bien.

Ba nik ere ezin dizuet argibide haundirik eman. Ez nun entzun nuen, ez zeinek esan zuen, ezta zehatz zer esan zuen ere… Baina neri esaldi xinple hark bizitza aldatu zidan:

- Sufrimentua hor dago, eta ez da berez zerbait txarra.

Antzeko zerbait esan zuen.

Jende askok eta askok hartzen duen aukera da ordea: sufrimentua kosta ahala kosta saihestekoa. Ez det egingo (berdin dio zer, burura etortzen zaizun lehenengo gauza hori). Ez det egingo, ez al det zartateko bat hartuko. Ez det egingo, ez al det asko sufrituko.

Nere tía Pilarren postura. Etxean gorde. Leiho guztiak itxi.

Ilunpean bizi.

2009-07-24

Arrakasta eta porrota (I)

Gai arrunta dirudi, ezer askorik ez ateratzeko modukoa, baina azala pixkat urratzen badiozu, mami izugarria du...

Neu sekula jarri gabe nengoen beroni buruz hain sakonki pentsatzen, jun dan egunerarte, eta jabetu nintzen bapatean gure bizitzan duen garrantzia izugarriaz. Nola ikuspegi estu batek hondora gaitzakeen urte luzez, ikuspegi zabalago batek osasunez eta pozez luzaro bete gaitzakeen bezela.

Baina hauek, denboraz eta eserita aritzea eskatzen duten kontuak dira, eta udan gorputzak gauza arinagoak eskatzen ditu, beraz, erreflesio sakonak aurreragorako utzita, gaiarekin zerikusia duen aperitif arin bat eskeintzera noa, ondo iruditzen bazaizue.

Jolas ttiki bat, asmakizun kilikagarri bat.

Ez zuretzako hainbeste, blog honetako irakurlea: bai Ainhara Zuazabaitia eta Ane Albisurentzat. Haiei zuzendutakoa da asmakizuna.

(Irratiko kolaboratzaileen artean espezie xelebre bat sortu da: esatariei sari erakargarriak agintzen dizkiena)

SARIA IRABAZLEARENTZAT

Gosari eder bat Maria Cristina hotelean.



Printzipioz ez du sari potoloa ematen, hotel horretan gosari gisa eskeintzen dutena ez baitirudi oso desberdina... zer dakit nik, Donostiako alde zaharreko Juantxo tabernan eskeintzen dutenaren aldean: laranja zumoa, kafesnea, tostadak eta mermelada... Baina bada aldagai bat oso oso garrantzitsua, eta erabakiorra:

Ingurunea.

Gauza jakina da nazioarteko aktore famatuek, gustora egon diren hoteletako egonaldiak errepikatzeko ohitura dutela, beste guztiok bezela. Eta euren artean gomendioak egiteko denborapasa ere izango dutela, beste guztiok bezela; eta Donostia gainera, ederra, badala, gomendatzeko moduko hiri kosmopolita eta glamourez betea...

Beraz..

Egon zaitezke bertan gosaltzen lasai lasai, eta zure bizkarrean Jhony Deep esnatuberria agertu (beste askoren artean. Mike Jagger mingaindantzari bat ere izan liteke, edo Richard Gere malenkoliatsu bat), zuregana zuzenduz eskari xume bat egin diezazukeena:

- Could you pass me the butter, honey? (gurina pasako al zenidake, muxugorri preziosa?)

Egoera, ez ukatu, tentagarria da.


ASMAKIZUNA ZEIN DAN, HORRA


Itxuraz arina, baina, sakontasun haundiko bidegurutzea:

Hipotesi bat.

Berraragitzea (errenkarnazioa alegia), errealitate bat da, eta nere hurrengo bizitzan, neri, Patxi Traperori, zein izango naizen erabakitzeko ahalmena emango zait.

Bi aukera izango ditut:

BORJA izango naiz.

Arrakastaren paradigma. Bilbotarra. Familia onekoa. Klinika pribatu batean jaioko naiz. Ez zait inoiz ezer faltako. Alderantziz, eskatzen dedan guztia emango didate txiki-txikitatik. English School batera jungo naiz, Opusera gero, eta notarik onenak aterako ditut. Banku zuzendaria izango naiz, eta izango det zeinekin nere ondasunak eta ametsak konpartitu. Veronica. Bi seme-alaba izango ditut berarekin. Helburu haundi bat ere izango det: multinazional baten buru izatea. Yatetik edo hegazkin pribatutik gobernatuko dedana. Ez det denbora askorik izango, ezta lasaitasun askorik ere, baina beti goi-goian mantenduko naiz.

Ala...

MORU izango naiz.

Galtzailearen paradigma. Senegalen, kale gorrian jaioko naiz. Ez dirurik, ez ondasunik, ez ezer. Hamalau urte bete arte ez det izango nere-nerea dan zerbait: kale iskin batean aurkitutako futbol kamiseta bat, Athletikekoa. Eskolarik ez. Etorkizunaz, kezkarik ez, ez baitago biharko eguna baino urrutiago iristen dan perspektibarik. Xalaua, baina itsusia. Emakume asko inguruan, baina berarekin lotu nahi denik ez. Umeak bai, batzuk, han eta hemen barreiatuta. Lana, dagoenean bakarrik, baina oso gutxirekin bizitzen ohituta gaude. Nere ondasun bakarra, sobran daukadan denbora, eta berezkoa dedan lasaitasuna.

ZEIN AUKERATUKO DET?

Asmatuko al dute Ainharak eta Anek nere aukera? (Eta zuek?)

Kontua, uste baino korapilatsuagoa da:

1.- Printzipioz, erantzuna erreza da. Nere blogean arakatzea baino ez dago arrastoren bat aurkitzeko, baina...
2. Ainhara eta Ane Maria Cristinan Jhony Deepen ondoan gosaltzeko ikuspegiak, irudi eder horrek, asko beteta ere... Auskalo nolakoak diren Maria Cristinaren tarifak! Eta gainera... Errezegi asmatzen ere ez nieke utziko, ala? Bestalde... Ni alubita xamarra ere izan ninteke, beraz...Beraiek gauza bera erabaki, eta BORJA aukera dezakete!. (sariak merezi du ustez logikaren kontrakoa dan emaitza bat ematea). Baina...
3. Nik ondoriozta dezaket beraiek aurreko puntuari dagokiona ondoriozta dezaketela, eta BORJAren aukera hartuko dutela segurutzat eman... Ha ha...
4. ...

ZEIN OTE ERANTZUNA?

Ohar argigarria: asmatzen ez badute, kontsolazio sari bat izango dute. Eta ez ahaztu gaiaren muina, nere ikuspegiaren araberakoa: Arrakasta? Porrota? Gauzak ez dira beti ematen dutena...)

Erantzuna, astearte goizeko Faktorian, hamar t'erdiak inguruan, ezeren okerrik ez dala.

NOTARIOA (erantzun egokiaren jabe bakarra, nerekin batera): Maite Goñi, izen haundiko erreferentea euskal interneten eta mundu mailakoan. (alegia, fidatzeko modukoa. Berari ez nioke sobornorik - Maria Cristina hotelean gosaririk- proposatuko, merkeagoa aterako litzaidakeen arren).

_______


Eguneraketa, astearte arratsaldean:

Ezeren okerrik ez da izan, eta burutu da asmakizuna.

Asmatu dute Ainharak eta Anek? Ez dute asmatu?




______

2009-07-22

Postal labur bat, Cambrilsetik

Cambrilsen segitzen det.

Udal liburutegiraino etorri naiz wifi bila, baina arratsaldeetan jai hartzen dute bertako langileek. Zorionez, wifia zabalik uzten dute, eta hementxe nago, portatila zabalik dedala, txirla lotsagabe baten gisan; liburutegiaren aldamenean dagoen zaharren egoitzako tabernako terrazan, zahar pare bana bizkarrean dedala, nere bi sorbaldak zaintzen, zer idazten ari naizen kuxkuxeatzen; etorkizunari (nere paretik pasatzen ari dan neska gazte pasarela amaigabe bati) adi-adi begira, Re pag- Av pag teklen ondoan dedan zerbeza baten laguntza burbuilatsuaz.

Xurrutadatxo bat aberrr....

.....

Mmmmmmhh...

Igeltxoa etengabe gainean eramateak bere abantailak ditu. Oraintxe hoteleko piszinan egongo nintzen hezur guztiak osorik banitu, umeen txilio eta karraxi artean. Baina hemen nago, zaurituta, baina nere askatasunaz gozatzen.

Bidean irriparre haundi bat marraztu zait, parking baten sarreran, haundi-haundi, pintada hau ikusi baitet, pintura gorri-gorriz pintatuta ikusi ere:

TE AMO - TE HECHO DE MENOS!

Akats ortografiko txiki batek, aizue, nolako poza eskein dezakeen...

Nik ere zuen Utsunea sentitzen det.

_______

2009-07-20

Pertsona bera ote naizen

Atzo aspaldiko adiskide batekin elkartu nintzen hotelean. Azken urtetako oporraldiak errepasatzen ibili ginen: Mediterraneo iskinekoak, mapan iltzatu genituen txintxeta guztiak. Esaten zidan, umeengatik ez balitz, - piszina eta hondartza gose naturala duten izaki txiki hoiek, badakizue - berak mendialdera joko zuela, pake eta lasaitasun bila, hotel-sareetatik eta jende inurritegietatik ahal dan urrutien.

Ezin hobeto ulertu nion nere lagunari, baina talka egin zuen egia batek nere barruan; itsaso barean ezerezetik sortzen dan olatu zalapartari bat, konturatu egin bainintzen nola aldatu naizen azken urteotan.

Begiak pozez gainezka ipintzen zaizkit orain jende asko biltzen dan tokietan. Maite det zalaparta, maite ditut jendez betetako kale estuak, begien dantza bixia edonon pizten diren mugimenduen atzetik... Maite det musika, kolore eta milaka gauza desberdinen anabasa...

Zeinek esango luke, Pirineotan mendian propio galduta ibiltzen zan, Txamantxoia mendiaren puntan izarren konpainia bakarrean lo egiten zuen, orduak isiltasunaz gozatzen ematen zuen huraxe neu neroni naizenik...


2009-07-16

Datorren iraultza

Bada negoziante bat Zumarragan, negozioetarako oso abila, giza-harremanetarako bezain abila, duela urte asko, hamar bat izango dira, iragarpen hau egin zidana:

- Patxi, lanaren banaketa da gizartearen gaur egungo desafioa, baina teknologiaren aurrerapenak beste iraultza bat ekarriko du hemendik ez hain urrutira: aberastasunaren banaketa, makinek egingo baitituzte gaur gizakiak baino egin ezin dituen lanak...

Bideo hau aurkitu det gaur sarean…



Eta atzera akordatu naiz lagun honek esandakoarekin.

Arrazoia badu… A ze lanak, lanik egin gabeko egun bat betetzen hartu beharrekoak!

Ni datozen egunotan, etorkizunak halakorik balekar ere, aisialdiari zukua nola atera entrenatzera noa, mediterraneoko hotel batean. Ea igeltxoa moreno jartzen zaidan.

2009-07-14

Zein seduzitu

“Nola seduzitu”, zerrendan bigarren ilaran dago. Lehenbizikoan “zein seduzitu” dago.

Gaur nahikoa parre egin degu Faktoriako Ainhara Zuazabeitiak, Ane Albisuk eta hirurok, sedukzio bat simulatzen (audioa entzuteko denbora edo gogo faltan zabiltzatenok, nik Ainhara seduzitu behar nuen).

Jolasa izan da, jakina, baina neri eman dit jolasak ondorio bat ateratzeko: nik ez nukeela emakume bat seduzitzen ahalegin txikiena egingo, ezta munduko emakumerik ederrena aukera-aukeran jarriko balitzait ere, baldin eta edertasun horrek umore ttanttorik ez balu.

Ainharak aurrekoan zera bota zuen saio baten bukaeran: “Eskerrak gure buruari parre egiteko arazorik ez daukagun”; eta bota bazuen, bota zuen hura Ainharak, nik ondo gogoan hartu bainion ;-)

Kontua, zuzenki proportzionala da: nolako umorea pertsonak, halako erakargarritasuna neretzako; umoreak ez baitu, askok uste duen bezela, buru-arinkeria adierazten, bizitzaren aurrean jarrera jakin bat eta dohain oso garrantzitsu batzuk baizik.

Eta Ainharak umore ezin-hobea du ;-)

______


Datorren astearteko gaia, “arrakasta eta porrota”. Ea zer ateratzen zaidan. Dena den, agintzen diot irratian egongo danari… (Ainhara? Nagore? Ane?...) datorren asteko zezenak gaurkoak baino peligro gutxiago izango duela. Zin dagit.

(gaueko ordu hauetan, nekeak eta logureak bustita egiten diren agindu hauek daukaten peligroaaaa...)


______


Gaurko irratsaioa entzunez emakume bat beharbezela seduzitzeko beharrezkoak diren sei urratsak ezagutu nahi duenak, klika dezala gainean.





_____


Ainhara eta Nagoreren opariak zein izan diren, hemen:


2009-07-13

Sanferminak 2009

Besoa motz, baina begia luze.

Aurtengo sanferminek hau eman dute...