2009-09-24

Nun dago Markos?

Uda sasoia bukatu da, baina Markos ez da ageri. Liburu artean da? Meditazio fase sakon baten zurrunbiloaren begian? Tabako bila aldegin du eta ez da oraindik bueltatu?

Bizi gaitezke Paul Newman gabe, are Michael Jackson gabe, baina nezkez izango du gure arnasak bizitxisparik, bera gabe.







____


Eguneraketa, gauerdian


Telebista piztean, parre algaraka platoa...



Markos!

Zein bestela?


___


2009-09-23

Jarrera

Aurtengo uztailaren 7.go egunian, hankak ikusi nituen airian, aldapa baten erdian….

Eta igeltso zuri polit bat, ezker eskumuturrean (handik ordubetera).

Irratiaren eguna zan.

Harrez gero, igeltsoa pasiatzen ibili naiz hilabetez; eta beste hilabete t’erdiz egonean, hura noiz osatu zain.

Atzoko egunez berriz, Irailak 22, traumatologo batazuridun batek, alta eman zidan; bost minutu ere ez zion eman.

Eta gaur, irailak 23, egun haundia, egun gogoangarria…

Patinak jantzi ditut!!!!

Oraintxe erantzi ditut. Ordubetez edo ibili naiz, Goazen orain Legazpiko haize pixkat hartzera… Goazen Etxeberriko uren marmar gozoa entzutera…

Hau gozamena!

Miragarria, gure burmuina.

Bi hilabete t’erdiren ondoren, ez du ahaztu zer dan patinetan ibiltzea. Ezta pittin bat ere.

Pentsa liteke, utzitako tokitik hartu dedala.

Bizitzan bezela-bezela

Zegoen tokitik hartzen degu dana. Etsi bagenuen, etsi genuen tokitik.

Eta lurretik altxa eta aurrera egin bagenuen…





____

2009-09-21

Iparragirre gure artean balitz...

Nere buruari maiz egin diodan galdera da:

Garai honetan jaio izan balira, zer egingo zuten? Zer ikasiko zuten? Aristoteles adibidez, filosofoa izango zan? Koperniko, astronomoa? Michel Angelo Bonarottik, arte ederrak ikasiko zituen?

Zaila da berezko dohai bat daukazunean, bazterrean uztea. Normalean, oso abila bazera zerbaitetan, dohai horri zukua aterako diozu. Hori izaten da joera naturala.

Eta galdera hori egiten hasita… Ni zeinekin gogoratuko naiz ba?





Urretxuko festak. Karrozen ibilbide ikusgarria, 50. urteurrena, eta hantxe zijoan ba, nere aspaldiko lagun kuttuna, Joxe Mari Iparragirre.

- Joxe Mari, esaidazu: orain jaio bazina, zer izango zinen, kantautore? Mikel Urdangarin edo Benito Lertxundi bezela? Ala beste estiloren bat jorratuko zenuke? Jakin-min haundia daukat…

Joxe Mari Iparragirre haundiak, bekainak altxatuko lituzke asko. Esanahi haundiko irriparre bat eskeiniko lidake, bizkarreko on bat emango lidake, Alegiako Ramon Batista traperoari emango liokeen moduan, eta bueltatxo bat emango luke desfilean zehar… Neri erantzuna eman baino lehen:

Poztu egingo litzateke noski, asko, panorama ikusita: 133 urte beranduago, dantzariak Urretxuko kaleetan zehar!





Txistulariak!





Poztu ere egingo litzateke asko, inspirazio iturri diren ohiturak ez direla galdu ikustean…





Kantatu ere egingo luke akaso, aspaldiko hura:

“Gora Rioja, gora Naparra
Arkume onaren iztarra
Hemen guztiok anaiak gera
Hustu dezagun pitxarra

Glu, glu, glu glu…

Eta poztu egingo litzateke baita ere, nola ez ba, neska koadrilak dantzan eta kantuan ikustean.





Beste inspirazio iturri hori, badakizue, hain plazer haundia eman ziona…

“Zugana Manuelaaaaaaa, nuenian pentsatuuuuu….”

Baina bapatean, haien ahotik, hain garbi, hain ozen irten eta, bere belarrietan barrena sartzen zan gaztelera garbi-garbia somatzean…

- !!!! Zer da hau baina? Mutil eta neskatila ederrasko hauek… Cervantesen hizkuntzaz, ari dira???

Lurra dardarez ipiniz, atzeranzko bidea egingo luke, nerekin topo egin arte, eta esango lidake, bekainak ondo-ondo zimurtuta:

Patxi? Ze estilo landuko dedan? Hartuta dago erabakia:

derecha


Victim of changes








____

2009-09-20

"Zu" bixitan etorri zait

Ordenagailuaren pareko ohean etzanda nengoen, mezu bat sartzen ikusi nuenean postontzian, han urrutian.

Zein ote?

Arrimatu nintzen ordenagailura…

“Zu ……….. (novo comentário sobre Abbondanza e Carestia)”

Nere begi-niniak leiho bat bezela zabaldu ziren:

Hara, nik bezela geografiak jendearengan eragina duela sinisten duen bat! Hau poza!

Zu? Zein zera, Zu?

Zu-ren gainean klikatu nuen…

“Lautada menditsuak.”

Bai izenburu polita…

Bere bloga irakurtzen hasi nintzen.

Sinistezina. Hogei minutu beranduago, irakurtzen segitzen nuen… Ez da askotan gertatzen.

____


Internetek holako gauzak ditu. Bapatean norbait sukaldera sartzen zaizu, eta bere esentzia pixkat oparitzen dizu.

Eta bixitan datorrenari, nola ez diozu ba, zerbait emango eramateko, eskerronez, ohitura onak agintzen duen bezela?

Argazkiak gustoko dituenez... Baietz honekin asmatu.

2009-09-17

Maitasuna hiltzeko moduak

Bat

Bere neskak asko maite zuen, bere akats eta guzti. Akatsik ere ez baitzion antzematen.

Berak ordea, asko zigortzen zuen bere burua. Ez zegoen gustora bere fisikoarekin. Ez zan gustora sentitzen, eta bere buruaz lotsatu egiten baitzan, neskari ez zion laztan gehiegirik eskeintzen. Justu hura hasarra ez zedin beharrezkoak zitzaizkionak.

Egun batez, neskari zalantza bat piztu zitzaion arte; sekula ordurarte burutik pasa ez zitzaion galdera bat:

- Eta, nerekin, bere buruarekin bezain zorrotza baldin bada?

Neska mina sentitzen hasi zan, mutilari begietara begiratzen zion bakoitzean.

_____

Bi

Ez nuen frogarik behar. Banekien maite ninduela.

Ez dakit zergaitik eseri nintzen bere ordenagailuaren parean, zertarako zabaldu nuen bere posta…

Lehen banuen guztiz ezezaguna zitzaidan bere alde bat. Konkistatzeko nuen eremu bat. Orain ez. Bere sekretu guztiak dakizkit; itzalean zegoen bere alde hori ezagutu det, zehatz-mehatz.

Nik eman ezin diodan hori zer dan jakin det…

Ate batzuk ez direla inoiz zabaldu behar ikasi det.

Beranduegi.

__________

2009-09-16

Abbondanza e Carestia

Munduko bi toki desberdin badira ere, paisaia eta klima berdintsua badute…



Iruditzen zait eragin beretsua izan behar duela geografiak, toki horretan bizi dan jendearengan. Logikoena litzateke.

Azkoiengo jendeak eta Giovanni Guareschik erretratatu zuen Po bailarako “La Bassa”ko jendeak behintzat, antzekotasun miragarriak ditu.

Azkoienera juten naizen bakoitzean, Don Camilo azaldu behar zaidala iruditzen zait, edozein iskinatik.



Giovanni Guareschi haundiak, Don Camilo geniala sortzeaz aparte, hainbat ipuin ere idatzi zuen, eta hoietako bat, Abbondanza e Carestia izenekoa, neri izugarri gustatu zitzaidana:

Gerraostean, zail dago bizimodua ateratzea. Egun osoz lanean jardun beharra dago bizirauteko, eta horretan aritzen da Abbondanza ezizeneko emakume haundi-mardula, egun guziz bere etxean, josten. Gizon alperra aukeratu zuen ordea. Oso maitea du, baina alper-alperra da. Alperra bezain maxkala, ihar-iharra, hortik datorkio ezizena: Carestia.

Ba… Abbondanzak, hirira bidaltzen du Carestia bere gizona, “ a la cittá”. Beste zereginik ez du gizonak.

- Jun zaitez hirira, zinemara, ibili kalean, jun nahi dezun tokira. Eta gauean itzuli, eta kontaidazu xehe-xehe ikusitako guztia.

Asteburu honetan, horixe egin det ba nik. A la cittá abiatu naiz, eta istorio bitxi mordoa ekarri det. Inor sofak irentsi badu, zesuma egon bada, asper-asper eginda egon bada, edo Abbondanzaren moduan, lanean burua altxa gabe eman badu, harentzako bereziki, hemen jartzen ditudanak.


Parroko gaztea, eta herriko diruduna

derecha


Don Camiloren “La bassa” ultrakatolikoan bezela, katolizismoak indar haundia du Azkoienen. Adibidez: prozesioak egiten dira, eta jende gazte asko ibiltzen da.

Ba omen da herrian dirudun bat, herri txikietako dirudun guztiak bezela, herriko personaje garrantzitsuetako bat dana, alkate, mediku eta parrokoarekin batera.

Berak ere ez dakiena, zenbat diru daukan.

Ba… Apustu egin omen zuen, parrokoarekin, ez zituela eliza berritzeko obrak bukatuko ez dakit ze data baino lehen. Bukatzen bazuen, elizako banku guztiak, berak pagatuko zituela. Dineral bat.

Gau eta egun ibili omen ziren igeltxeroak, pintoreak, iturginak… Erlojuaren kontra, eta irabazi omen zuen apustua parroko gazteak. Elizako bankuak, dirudunaren kontura.

Don Camiloren ispirituak bizirik dirauela!




Doña Pilar, Isabel Preyslerri gaztetasun betirakoaren sekretua kontatu ziona

derecha


Plastikozko aulki batean eserita, (giroak asko laguntzen du eta, jende asko ikusiko dezu Azkoienen kalean jarrita), amonatxo bat. Tente. Irripartsu.

Hasi gera berarekin hitzegiten, nere lagunaren aspaldiko ezaguna baitzan, eta, segituan atera du gaia amonatxoak. Bere adina esan digu.

Esango ez digu ba!

Nik ere 96 urte banitu, mundu guztiari aitortuko nioke zenbat urte ditudan. Batipat jendearen harridura aurpegia ikustegatik!

Nik 80 ere ez nizkion botako. Azal leun-leuna; oinak, nereak baino finagoak; dardar izpirik ez eskuetan, ahotsa sendo; ondo-ondo pintatuta, guapa-guapa.

Doña Pilar.

Isabel Preysler telebistan ikusten badezue inoiz, gazte kontserbatzeko sekretuak ematen, ez sinistu bakar bat ere. Gezurra dana. Sekreturen bat egon, egongo da, baina Doña Pilarrek lehenagotik ezagutzen du. Patentea berea da.



Duela hiru bat urte, moto elektriko hoietako bat erosi zioten seme-alabek, hara eta hona ibiltzeko. Hamabost bat metro egingo zituen, gehiago ez: azeleragailua aurkitu zuen, baina frenoaren arrastorik ez! Paretaren kontra. Zuzen ospitalera.

- Buuuu, hau azkena. Hemendik ez da aterako…

Ba bai!

Iaz, 95 urterekin, zezenak ikustera arrimatu omen zan. (Azkoienen, goizean Vacas, eguerdian Vacas, eta arratsaldean Vacas, kalean gora eta behera).





Ba… Sartu zuen zezen batek adarra egurrezko hesiaren tarteetako batean, Doña Pilarrek besoa jarrita zuen horretan… 18 puntu!

- Buuuu, hau azkena. Hemendik ez da aterako…

Ea hemendik hogei urtera, 114 betetzen dituenean, ze abentura berri kontatzen dizuedan, doña Pilarri buruz. Azkoienera jungo naiz, eta hantxe egongo da eserita, plastikozko aulki batean. Tente, irripartsu.




Zakur tristearen balada... Amaiezina

derecha



Azkoienetik kanpora irten ginen afaltzera, bide ondoan dagoen jatetxe batera.

Iritsi ginenean, zakur haundi bat ikusi genuen jatetxearen ate nagusiaren aldamenean, kate motxean lotuta.

Triste!

Halaxe adierazi genion jatetxeko nagusiari, eta berak ezezkorik esan ez.

Afaltzen ari ginela… Bonbila piztu zitzaidan: triste dagoela? Egongo ez da ba!

Orduerdi generaman han, eta ez zuen atertu momentu batez ere zakurraren gainean bafle potolo baten barrenetik lehertzen zan heavey musika bortitza.

Zakurzaleak zeratenok, badakizue ze sentiberak diren trumoiekin. Eta heavey musika, zer da ba, akaberarik gabeko trumoi hotsa baino! (melodiatsua, bai, baina trumoitsua)

Gizaki batekiko enpatia izatea, gauza zaila bada, zakurrekikoa zer esanik ez.

Mikel Urdangarin, otoitz Mastinaren alde.




Zakur maltratatzailearen txiripa


derecha



Jatetxearen jabeak kontatu zigun, Mastin arrazako zakurrak oso egokiak direla pabilioiak eta zaintzeko: ez direla oso mugituak, eta kate-motxean lotuta bizitzeko, beste arraza batzuk baino hobeak direla.

Ba, nunbait, pabilioi baten jabeak horretarako erosi omen zuen mastin bat; baina gaiztoa nahi omen zuen. Eta, berak nahikoa koraje ez hura gaiztotzeko, haren lagun bati utzi omen zion:

Zakur gizarajoak jaso zuen egurra!

Mastina, azkarra izan ordea: otzantasunik ez zuen galdu… Maltratatzailearekiko ezik! Ikusten zuen aldiro, amorratu egiten omen zan, begiak guztiz gorritzeraino.

Eta behin, katea puskatu omen zuen, hura ikusitakoan! Korrika abiatu omen zan maltratzatzailea kotxe barrura, eta entzierroetan asko ibilia zalako, animalia basatiak saihesten aspaldi trebatutakoa, bestela, Mastinak jan egingo baitzuen: gordinik, eta kubierto beharrik gabe..

Lastima. Maltratatzaile bat gutxiago munduak gainean izango zuena.

Gutxi daude ba!




Atzeratu batere ez atzeratua


(jarraituko du...)

2009-09-14

Oyeeee, si queréis entrar a verla??

Astebukaera honetan Azkoienen izan naiz, bertako festetan, lagun on baten etxean.

Zakua beteta ekarri det, istorio xelebrez eta pasadizo harrigarriz, berandu baino lehen zuen belarrietara eraman nahi ditudanak; baina bada pasadizo bat hementxe txintxeta batez itsatsi nahi dedana. Ez dezala haize bolara batek deskuido batean eraman!

Atzo goizean gertatu zan. Azkoiengo Atalayara abiatu ginen. Goi batean dagoen talaia eder bat, bailara guztia begien parean ipintzen dizuna.

Bidean, kale estuak, etxe zaharrak, batzuk erortzeko zorian, eta beste batzuk, berriki eraberrituak izan direnak. Ez eraberrituak bakarrik, ikutu artistikoa ere eman diotenak.

Atentzioa eman zigun batek. Zoragarriki pintatua, ipuinetako etxe bat ematen zuen. Begiak zabal-zabal eginda pasa ginen paretik.

Etxe horretako nagusia balkoian zegoen. Esan egin genion izugarri gustatu zitzaigula etxea, eta han nun botatzen duen:

- Oyeee, si queréis entrar a verla??





Aiba!

Baietz guk, zergaitik ez?

Barrura sartu ginen. Gelak kobazuloak ziren. Udan frexko, eta neguan epel. Etxe zaharra zan, berri-berri zeuden altzari zaharrez beteta, txukun-txukuna, goxua, eta ezer ez bazeukan ere, oso partikularra.

Emakumearekin solasean aritu ginen, gustora, holakoetan erabiltzen diren gauzetaz: nungoak zerate, nik ezagutzen det hango norbait, oporretan al zaudete, belauneko min honek ze gerra ematen didan, ze ume politak dituzuen… Gauza orijinalik ez, baina emakumearen abegikortasunak eskeinitako alfonbra xamurraren gainean kontatutakoak danak. Ze gustora egon ginen.

Alkarri agur esan, eta aurrera.


____


Izango ziren inguruan lau giltzarrapoz itxitako etxeak, bat baino gehiago. Bidean norbait ateko behatxulotik begira ere izango genuen. Tira ba.

Emakume honek sukalderaino sartu gintuen; animatu egin genion goiz zati bat, eta argitu egin zizkigun guri berak gure gogo zatiak.

Eta txoko zahar partikular honekin ere gogoratu nintzen.

Modu batera, horixe egiten det nik ere, emakume honen antzera. Nere etxeko ateak zabaldu, barrura sar zaitezten.

Sarri sartzen zeratenak: sagardo botila bat edo, gazta pusketa bat, azeituna batzuk, ea noiz ekartzen dituzuen! ;-)

____

2009-09-12

Ez nintzen kasu egiten ari...

Batzuetan ez dago mezu bati punta ateratzen ibili beharrik. Albistea bera bada nahikoa lehergarria, algara eragingarria.

Ez hainbeste...



Mike Duvallen laprastadarengatik; mikroa zabalik utzi zuen gizonak oharkabean, biltzar garrantzitsu baten erdian, eta bere bi amoranterekin izandako abenturen xehetasunak entzun ditu mundu guztiak, Juan Valdesengandik hasi, Robert Mugaberen amaginarrebarengandik pasa, eta Dalai Lamaren ileapaintzailearenganaino:

“Gustatzen ari zait hari zapladatxoak ematea ipurdian… Bai… Gustatzen zait… Berak esaten dit: “badakit gustatzen zaizula neri zapladatxoak ematea” Eta nik hari: “Bai… oso neska gaixtua zeralako… “

Hauek, amorante bati eskeinitakoak. Bestearenak, honako hauek:

“Partxe bat zeraman soinean, hura barne-jantzi bakarra. Aurrekoan, ostegunean izan zan… Eta asteazkenean maitasuna egiten ibili ginen jotafuego, gelditu gabe… “

...

Ai ai ai…

Ezkondua, familia tradizionalaren defendatzaile sutsua… Hainbestetan errepikatuko ez balitz, ipurdia bistan geratzea, honelako jendilajea!

Benetako albiste parregarria ordea, ondoren kontatu duten hauxe:

- Michael Duvallek dimititu egin du, baina haren solaskidearen dimisioa ere eskatzen ari dira.

Horra zer erantzun duen Jeff Miller, bere solaskideak:





“Egia esan… Ez nintzen arreta jartzen ari…”


HA HA HA HA HA !!

Norbaitek sinistu egingo diola usteko du gainera!

Hauxe eranstea bakarrik falta zitzaion, berak esandakoari sinisgarritasun gehiago eransteko edo:

“Nere emazteari galde diezaiokezue. Ia egunero gauza bera errepikatzen dit: Jeff, hitzegiten dizudanean ez didazu arretarik eskeintzen”

____

2009-09-11

Erraldoi isila

Homosexualitateak gizartean toki garrantzitsua hartu du. Duela hamarkada batzuk ze tokitan zegoen kontuan hartuta bai behintzat.

Eta hala eta guztiz ere, nere irudipena da, homosexualitatea gure artean lotan dagoen erraldoia dala.



Ixil-ixilik. Ez dezala inork jakin bertan dala.

Izaera homosexuala aitortzea, sekulako kalbarioa gerta daiteke erabaki hori hartzen duenarentzat, gaur egun ere bai. Albistea zabaltzen daneko lotsa; parretxoak zure bizkarrean; harreman asko hankaz gora jartzea: arrisku bat zera, ordena “naturala” hausten duen izaki akastuna; edo min egiten duen ispilua beste batzuentzat.

Kinsey txostenaren, eta beste zenbait adituen arabera, joera sexual “puruak”, gutxiengoa omen dira. Gehiengo haundi bat bisexuala omen da.

Nik ez dakit zuzenak ote diren datu hauek, baina bai da egia, urteak aurrera egin ahala, teoria hori sinistetik gero eta hurbilago nagoela.

Jakina, nork bere buruari halako zerbait aitortzea… Hobe ezkutatzea, ezta?

Baina posible ote da?

Ze itxura ematen degun, eta zer ote geran benetan!

Lastima, egiaz bereizten gaituen paretan, zulotxorik ez egotea…

_____

2009-09-10

Desio razio bat, mesedez

Desioaz hitzegiteko erronka hartu banuen, hartu nuen.

Eduard Punsetek zera dio desioari buruz:

“Desioak gure baitatik ateratzen gaitu, tokiz kanpo uzten gaitu, urrutira bidaltzen gaitu, mugaz bestaldera; inprobisazioa, desordena, apeta; askatasuna, paroxismoraino eramana. Hauek aldarrikatzen ditu desioak: bizia, plazera, nor bere buruarekin pozik egotea, eta askatasuna.”

Ba neri, guzti hauetatik, desordena itsatsi zitzaidan, asteartean. Audioa entzuten badezue, konturatuko zerate.

Edonola ere, uste det zeozer zeozer probetxugarri atera daitekeela audio honetatik, loreei dedikatutako azken partea batez ere, eta horregatik txintxilikatzen det, denbora eta jakin-mina duenarentzat:
















Gogorik gabe baldinbazabiltzate, askozaz ere laburrago, hementxe daukazue Punsetek desioari buruz dioena, aurrekoaren jarraipena. Badu bere mamia, ederra gainera:

“Batzuk beren bizia planifikatzen dute, beste batzuk desioaren baitan murgiltzen dira. Nahi duten bezela bizi nahi dute, beren modura. Horregatik hauen autobiografiak deskripzio ugari dute, eta azalpen gutxi. Lortutako helburuen zerrendarik ez; nola bizi izan diren, hori dute azken emaitza.

Desioaren konpainian, bide segururik ez, baina bildurrik ere ez. Ondo ulertuz gero desioaren muina; iluna, memeloa edo lanbrotsua gabe, pertsona heldu batengan, argitasunez betea dana: garbia eta ondo eraikia. Emozioak dira desioen oinarria: intelijentzia emozionala.

Hala ulertuta, desioa da gutaz uneoro hitzegiten duena.”

____

2009-09-08

Zesuma egonez aurkitzen diren gauza miragarriak

Nere amak hau maiz esaten zidan, bere teilatupean bizi nintzenean:

“Zer, Patxi, orain ere zesuma?”

Bekainak altxatzen nituen, eta pixkat lelotuta begiratzen nion: zentzua harrapatzen nion amari, eta konforme, nahiz eta erderazko itzulpenik ezin egokitu esaerari.

Halako batean hartu nion bere sustantzia: zesuma, zer suma. Hau da, gora begira; gaztelerazko “mirando las musarañas”

(erderazko hau ere, bai ederra! Ze ote da musaraña hori? Itxoin… Ea Gogelek zer dioen… Aibadios! Ni armiarma mota bat zalakoan: xaguaren antzeko ugaztun bat omen da, intsektujalea. “Satitsu”, euskeraz. Euskal-herri osoan aurki omen dezakegu, hau dek hau…)

Galdu det haria. Zer esaten ari nintzen?

A bai. Ba astebukaera honetan, horretan aritu naizela, zesuma. Alperkerian.

Eta denbora mordoa eman dedala, interneten nabigatzen. Hipnotizatuta.

Zeri begira? Ba… Oso gauza arrunta, zuetako gehienontzat: Picasako argazkiei begira. Orduak eta orduak eman ditut jendearen familia-albumak ikusten: bidaia argazkiak, juerga argazkiak, sexu argazkiak tarteka ere bai, oraindik “report abuse” tekla ezagutu gabeak…

Ze hurbil sentitzen dituzun, munduan beste aldean, antipodetan, lagunei edo senideei argazkiak ateratzen ibili diren ezezagun hoiek. Argazki-album gehienak zureak izan bailitezke. Aurpegiak aldatu, eta hortxe, gutako edozein, bizipoza ematen diguten gauza berberak-berberak egiten…

Gauza bat bai deskubritu det baina, izugarri gustatu zaidana, ezagutzen ez nuena. Apartekoa iruditu zaidana, eta norbaitek gogoan hartzea nahi nukeena.

The Burning man












Nevadako Black Rock basamortuan ospatzen dan jaialdi bat, sei egun irauten dituena.

Akelarre moderno bat. Gauza zoro bat, artista askoren topagunea. Artista ez direnentzako ere bai. Han biltzen dira eta erakusten dizkiote alkarri beren marabilak…

Benetan marabilak. Artelan izugarriekin nahasten dira adierazpen xumeenak…

Zoragarria benetan!

Imajinatzen, Bardeetan, halako zerbait? (militarrek utziko ligukete kilometro karratu pare bat, ala? Eta utziko ez baligute, hobeto!)

Munduko gauza ederrak kopiatzen hasita… hemendik hasiko nintzateke ni, bihar bertan.

Kulturgile-dinamizatzaile-ameslari sutsurik bai, inguruan?

_____

2009-09-07

Julian Trapos nere bizilaguna

Maitemintzeko, mirespena derrigorrezko osagaia da. Halako batez, haren zerbaitek – esandako, egindako, danadalako batek - ahozabalik uzten zaitu. Edertasunak forma asko ditu, eta zuk haietako bat antzematen dezu.

Eta sentipen hori, hain da ederra, berriz bizi nahiko zenukeela. Horixe litzateke maitemintzea.

Ba halaxe pasa zitzaidan neri ere… Zeinekin eta…

Pablo Berasaluze VIIIarekin!




(pelotazale ez zeratenontzako, urdinez jantzita dagoena. Bestea Titin errioxarra da)

"Pelota? Tira… Ondo dago, bai. Baina nekagarri xamarra ere bada, ezta? Pelota atzera, pelota aurrera, pelota atzera, pelota aurrera… Dejada. Tanto."

Hori zan nere sentipena pelotarekiko, gutxigorabehera.

Ba... Egun hartan, urte pare bat edo gehiago izango dira, telebista parean suertatu nintzan: frontoiaren barruan, ez dakit zein zegoen, ez naiz gogoratzen, baina aurpegi ezezagun bat ere bazan han, betiko pelotarien artean.” Hau zein da ba? Ez det ezagutzen… “

Urdinez jantzitako mutiko motx hark gorriz jantzitako gizarajo bati eman zion egurra! Sekula halakorik ikusi gabe. Zer dan inor mendean hartzea, monigote baten gisa erabiltzea. Hark ez zekien haizeak nundik ematen zion ere.

Zenbat disfrutatu nuen!

Eta halaxe, hainbeste gozatu nuen Pablo Berasaluze izeneko mutil haren dohai paregabeekin, talentu izugarriarekin, pelotazale bihurtu nintzela, egun batetik bestera.


Kasualitate ederra... Edo zerbait gehiago?


Aurrekoan, euskal etorkin batekin hitzaspertu bat izan nuen. Tomas, Berriztarra, txikitan Zumarragara etorri, eta bertan bizitzen geratutakoa. Zumarragako familia eredugarri baten buru dana.

Pelotaren gaia atera zan, eta nola ez ba, Pablo Berasaluze ere Berriztarra izaki, hura ekarri genuen alkarrizketara.

Ba… Ez dit ba esaten Tomasek, Pabloren familiako bat, Zumarragan bizi izan zala! Eta ez edozein tokitan:

Nere azpian! (Ni laugarrenean, hura hirugarrenean)

Eta ez hori bakarrik.

Gizon hark, Pablo Berasaluze VIII.aren amonaren anaiak, ze izen izango eta…

Julian Trapos!!!

Hala deitzen omen zioten. Solteroa gizona, “un vividor”, Tomasen hitzetan. Garai hartako giro zurrun eta ilunean nolabait libre eta pozik bizitzea lortu zuen fenomeno bat.

Zer nahi dezue esatea…

Lehen Pablo Berasaluzeren zalea banintzen, datu hori jakin ondoren, doble zalea naizela!

Eta beste alde batetik, grazia daukala kontuak. Ni parapsikologian batere federik-sinismenik ez…

Baina Julian Traposen arimaren pusketa bat gure atarian flotatzen dabilela pentsatzeak, ematen didala halako zera bat...

Aber nere ondoan eserita zegoen, puru erretzen edo, koñak kopatxo bat lagun zuela, blog honetako izenburua aukeratu nuen egunean! (nere bizilaguna da ta!)

Aber berak xuxurlatu zidan izenburua!

;-)

_____

2009-09-02

Danok daukagu delitugile txiki bat barruan

Gure gizartea asko gaiztotu da azken hamarkadaotan. Urkoari laguntzea, sakrifikatzea… Modaz pasata daude. Orain gehiago eramaten da nork bere txilborrari begiratzea, aldamenekoari zapaltzea gorago igotzeko, kosta ahala kosta irabaztea, tranpak eginez bada ere…

Panorama triste xamarra. Baina tira. Gauzak muturreraino eraman gabe: nik esango nuke jende gehiena badala zintzoa (mesfidatia, baina zintzoa), nahiz eta danok izan barruan, zertarako ukatu, delitugile txiki bat.

Izango da egia hau ukatuko duenik, nola ez ba, baina esango nuke, egoera aproposa aurkitzea baino ez dagoela, inoren sinismen zintzoa hankaz gora jartzeko.

Gaur adibidetxo batzuk ipini ditut Faktorian, nere teoria hau oinarritzen dutenak. Grazi pixkat ere badutenak. Nagore Telleriak eta biok behintzat, nahikoa parre egin degu.

Nahi dituenak entzun, Play botoiari “emun”.
















Aitortu dedan azken delituari buruz… Ez noa esatera egia zein dan; esandako delitua obratu dedan ala ez, baina pista txiki bat behintzat bai emango det:

Miramongo aparkalekuraino heldu… Eta Faktoriako koadrilari bisitatxo bat egin gabe hanka egin??

PEKATU MORTALA!

;-)

_____

2009-09-01

Gizon lardatsa

Gaur alkarrizketa baten erdian suertatu naiz. Ni Brinkolara begira, disimuloz, esaten ari ziren hura interesatuko ez balitzait bezela (txistu egitea bakarrik falta zitzaidan), baina arretaren antena ondo-ondo altxata.

Bi etorkin. Mexikarra bata, brasildarra bestea. Auskalo zeinetaz ari ziren, baina grazia egin dit mexikarraren ateraldiak:

- Batean kristoren umore onez etortzen zaizu. Hurrengoan kasurik ez dizu egiten. Hurrengoan amorratuta… Zer nahi dezu esatea, hemengo eguraldia bezela, sekula ez dakizu hurrengo egunean ze giro egingo duen…




____


Kepa Diegezen “Euskal lexiko etno-meteorologikoaren azterketa kulturala” tesirako datu baliotsua! Uztarri berean jarrita, psikologia eta eguraldia ;-)

____