2009-11-30

Duintasunaren mugak

Aminetu Haidar





Irigoienenean aurkitutako elkarrizketaren zati batek, hotzikara eragin dit:


- Usted tiene dos hijos pequeños. ¿Ha pensado en qué sería de ellos si usted muriese?

- Tengo dos hijos, pero también tengo mi dignidad, que está por encima de mis hijos. Lo que ha sucedido es un ataque a mi dignidad que no puedo aceptar. Entre mis hijos y mi dignidad, prefiero mi dignidad. Ellos vivirán sin madre, pero con dignidad.

____


Galdetu ote die beraiei, bere umeei, zer duten nahiago, amaren duintasuna, ala ama bera?

Heroiei, egia da, asko zor zaie; asko laguntzen dute hainbat bidegabekeria zuzentzen, baita beste askoren sufrimentua saihesten ere, baina ume batek halakorik ezin du ikusi, ezin du ulertu, eta neri behintzat, ez zait bidegabekeria haundiagorik bururatzen, bi ume hoiek, helburua edozein dala ere, amarik gabe geratzea baino.

Berari egin zizkiotenak ezagututa ere:

"Pasé encarcelada, sin juicio, cuatro años, con los ojos vendados, día y noche. La comida no valía ni para los animales. Fui torturada durante tres semanas. Me aplicaron corriente eléctrica, me amarraron a una silla con cuerdas, me pegaron seguidamente. En pleno invierno nos sacaban fuera y nos echaban agua helada. Los insectos vivían en mi cuerpo. Desconocíamos lo que pasaba fuera, y nuestros familiares desconocían si seguíamos vivos o no. Cada dos o tres meses traían perros salvajes Hay dos personas que estuvieron conmigo que aún siguen con las marcas de los perros. Nosotras tuvimos suerte de no ser violadas aunque los guardas lo intentaron. Hay otras que si lo han sufrido, y de forma brutal."

____


Goiko hau atzo arratsaldean idatzi nuen. Gauean Slumdog millonaire filmearen lehenengo hiru ordulaurdenak ikusi nituen, eta asko hurbildu nintzen Amineturengana, inola ere espero ez nuen neurrian.

Hitz hutsak baino zeozer gehiago behar degu inoren sufrimentuak gu hunkitzea lortzeko. Horretan irudiek indar haundiagoa izan dezakete. Nere kasuan behintzat, izan dute.

Gutako gehienoi oso urruti geratzen zaigu mundu basati bihozkabea, oso urruti miseria gorria. Gure mundua beste bat da.


____


eguneraketa:


___



2009-11-29

Bizitza edertasun-lehiaketa hutsa da

Madrileraino iritsi naiz azkenean; bi filme ikusi ditut hasi nintzenetik, denbora honetan.

Entretenituz askozaz ere errezago egiten baitira kilometroak. Ordenagailuaren parean jarri, Play-ri eman, eta dzi-dzi-dzi-dzi...

"El secreto de sus ojos" bat. "Pequeña miss sunshine" bestea.

Ikusgarria izaten da (nahiz eta, eskerrak, inor ez dedan izaten begira), ze gogoz eragiten diedan pedalei guztiz emozionatuta eszena hunkigarriren bat ikusten dedan bakoitzean...

Gaur, "Pequeña miss Sunshine" ikusten ari nintzala, ia salto ere egin det bizikleta gainetik, eta hasi naiz neu ere dantzan, lehiaketaren pasartean (Pelikula ikusi dezuenok ulertzen didazue. Ikusi ez dezuenok, zeren zain zaudete?).

Beste pasarte batean berriz, barru-barruraino iritsi zaizkit, neskatxa artistaren anaiaren hitzak.

Bai, erromantiko xamarrak dira...

...

Edo ez dira?

....


"Horixe da bizitza: edertasun-lehiaketa bat bestearen atzetik. Institutoa lehenengo, unibertsitatea gero, lana ondoren... Utikan! Gustatzen zaizuna egin behar dezu, eta utikan beste guztia."




____

29/11/2009

2009-11-27

Danok egiten degu gezurra

Atzo irriparre gurpildun bat somatu nuen nere aurrean. Zein da?

Aiba! Gorka! Gorka Salmeron!



Kotxez zijoan bera, eta neu berriz nere bi hanken gainean. Geratu egin zan momentu batez nere ondoan, eta bapatean irratiz esan zituen haietaz gogoratu nintzen, eta braust, bota nion:

- Gorka! Entzun nizun aurrekoan irratian, eta izugarri gustatu zitzaidan esan zenuena…

- A bai? – harrituta, irriparrea oraindik lagun - Zer esan nuen ba?

Kotxe mordo bat zituen bultzaka, han abiatu zan, nik piztutako jakin-mina itzaldu gabe. Hurrengo batean kontatuko diot, ikusten dedanean, baina bitartean, hementxe botako ditut, gainerantzeko bi hankako guztientzat ere:

Euskadi Irratiko Mezularian:


Felipek:

- XIX. Mendeko kamara haundiekin egindako erretratoak: eta zergaitik hori?

Gorkak:

- Gaur egungo kamarak dira, baina lana egiteko era, garai hartakoa bezelakoa. Nik beti aldarrikatzen det prozesua. Ez da soilik emaitza, baizik eta gauzak egiten ere disfrutatu egin behar da, gauzak maitasunez egin behar dira. Ez da bakarrik gauza bat burutu, egin eta emaitza atera, baizik eta bidean zehar ere, bide hori disfrutatzea. Ni gustora ibiltzen naiz horrela lan eginez, lasai, motel, eta emaitzak desberdinak dira…


Maiderrek:

- Ze ikus daiteke zure argazkietan? Ze erretratatzen dezu zuk?

- nere ingurunea, auzoko jendea, familiakoak. Askok esan izan ohi dute, argazkilari baten erretratuak, bere erretratuak, alegia, bere autoerretratuak direla.

Felipek:

- Eta Photoshoparen inguruan, tranpa egiten bada, esan egin behar da?

Gorkak:

- Nik egiten dudana ere tranpa da. Azken finean, erremintak, bakoitzak erabiltzen ditu dakien moduan, eta danok egiten degu tranpa. Nahiz eta danok erreminta berdina erabili, ez degu emaitza bera lortuko. Azken finean bakoitzak bere begirada dauka, eta gauzak era batean edo bestean azaltzen ditu edo ikusten ditu. Horregatik, diot, beti tranpa txikiak daudela hor. Argazkiak nahikoa objetiboak dirudite, baina azken finean danok gezurra egiten degu.

...

Ze interesgarria…

Segituan akordatu nintzen ni, beste erreminta batekin. Danok erabiltzen deguna, eta Gorkak esandakoa primeran datorkiona.

Hartu segundu batzuk pentsatzeko zein dan, eta ondoren, botoiaren gainean egin klik…



derecha







_____


Mezularian egin zioten elkarrizketaren audioa, hemen.

2009-11-24

Munilla homosexuala da

Munilla Athletic zalea da.

Bi adierazpen, bata bestea bezain ez segurua. Ez dakit Munilla homosexuala dan, ezta Athletic zalea dan ere.

Neretzako, biak dira zeharo intranszendentalak.

Berarentzako ere bai. Izan ere, bera homosexuala balitz ere, ez litzateke desbideratuko pittin bat ere bere egiteko pastoraletik. Munillak onartzen du bere izaera sexuala (heterosexuala ala homosexuala, ez dakigu). Ez duena egiten da, bere inpultso sexualak bete. Erreprimitu egiten ditu. Kastitatea da bere aukera.

Besteona bezela, gutxigorabehera.

Hau Munillarekin bat datorren beste apaiz bati entzun nion duela gutxi telebistan, eta erabat bat egin nuen berarekin:

Esaten zuen apaiz honek, berak uko egiten ziola sexua praktikatzeari, aukera hori hartu zuelako. Baina beste guztiok ere, apaiz ez geranok, praktikatzen degula nolabaiteko kastitatea. Gure inpultsu sexualak erreprimitzen ditugu, uko egiten baitiogu gure bikotea ez dan beste batekin sexua praktikatzeari (nahiz eta gorputzak eta gogoak hala eskatzen digun askotan).

Munillarentzat, arrazoi zientifikoak medio, homosexualitatea gaixotasun bat da, baina erremedioa duena, profesional baten laguntzarekin.

Munilla homosexuala balitz ere, segi lezake gotzai, pribatuan profesional baten laguntza jasoko lukeen bitartean.

Berak esana da gainera:

“Gure betebeharra da xamurtasunez eta errespetuz hartzea homosexualak, maitatutak eta onartuak izan daitezen beti”

“Es nuestro deber acoger con respeto y delicadeza a todas las personas homosexuales, de forma que se sientan queridas y aceptadas incondicionalmente”

Nik ere, arrazoi zientifikoak direla medio berak bezela - baina beste iturri zientifiko batzuk erabiliz, jakina - pentsatzen det homosexualtasuna ez dala gaixotasun bat. Heterosexualtasuna bezain gauza naturala dala. Munilla izan liteke homosexuala, eta neretzako zeharo garrantzirik gabekoa litzateke.

Ulertzen ez dedana da, Munillak zientzia kontutan hartzea gauza batzuetarako, eta beste batzuetarako ez. Izan ere, oraindik ez baita jaio, jainkoaren esistentzia demostratzen duen zientzilaria.

Baina hori beste kontu bat da.

____

2009-11-22

Amets bat...

Zein ote dira, Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzai berriaren barne-barneko nahiak eta desirak? Hauek ote? (irudiz irudi klikatuz jun argia ikusi arte...)







2009-11-21

Telebista ala liburua

Egun batzuk badira, semearekin oheratzen naizela gauero.

Bere aldamenean etzanda, ohean estu-estu eginda biok, liburu baten kapitulu bat irakurtzen diot (bi ere bai, eskuzabal nabilen egunetan; edo oso temoso jartzen danean)

Lagun baten liburuarekin hasi ginen…




(Biziki gomendatzen dizuet Antxiñe Mendizabalen liburu hau irakurtzea. Parre egingo dezue, eta zeuen burua erretratatuta ikusi… akaso ere bai. Morkotsen dibujoak ere mundialak)

Eta hura bukatu genuenean, Nikolas Txikirekin hasi ginen. Kristona da Goscinnyk Nikolas txiki umearen inguruan sortzen duen unibertso txikia.





____


Alaba zaharrenak, atzo, ikusi egin gintuen, oso ondo pasatzen nunbait: inbidi gorriak hau esanarazi zion:

- Ez dakit nola egon zaitezketen hor irakurtzen… Irakurtzea mierda bat da (sic).

- A bai e? – tente nik –

- Esango didazu! – tenteago berak –

- Ba irakurtzeak bere abantailak ditu, telebistaren aldean...

- Bai, ba esango didazu zein diren! -

- Irakurtzen dezunean, zuk osatzen eta asmatzen dezu pertsonaien itxura, zuk aukeratzen dituzu paisaiak, gauzen tamaina eta koloreak, usaiak… Eta zureak direlako, horregatik bakarrik, indar haundiagoz bizi dituzu, eta gehiago gozatzen dezu. Telebistakoak ez dira zureak, beste batek sortzen ditu, eta arrotzagoak zaizkizu.

Harrokeria itzali nion. Ez baitzuen asmatu zer esan.

_____

2009-11-20

Nire blogaren helbide elektronikoa da...

Gaur Donostiara kotxez jutea tokatu zait. Zenbat gozatu dedan...

Irratian, goizero bezela Faktorian...





Manu Etxezortu eta konpainia, eta gaurko zeukaten menua, zapore haundikoa, gastronomikoa kasi.

Oroimenean oso oso zokoan ahaztuta neukan gauza bat ekarri didate! Esnezopak! Baina nik jaten nituen bezela, azukre mordo-mordo-mordo batekin. Nola leike baina nere burmuinak hainbeste azukre ahaztea??

Eta alua izendatzeko modu desberdinak ere ekarri dituzte. Beste batzuren artean, neri gehien gustatu zaizkidanak: tximeleta, txipiroia, pikua…

Eta izendapen paregabea, Bermion erabiltzen duten hauxe: hojabiko librú!

Esan bezela, oso jangarria ;-)

Eta beste gai oso interesgarri batzuk ere ekarri dituzte, hala nola, estokolmoko sindromea: zure maltratatzailearekin ondo etortzea bizirauteko estrategia gisa….

Baina, danetan onen-onena gaurko saioan, malkoa atera-arazi didana, Iñigo Esnaolari egindako elkarrizketaren azken minutua.

Kutsadura elektromagnetikoaz aritu da Iñigo Esnaola, oso egoki, eta neurri haundiz: ikerketa zientifikoek uhin elektromagnetikoek eragin ditzaketen kalteak guztiz argitu aurretik (bere ustetan nahikoa garbi dagoen gauza bat), zuhurrak izatea gomendatu digu.

(Inprudente honek, nola ez du ba gogoan hartuko prudentziarako gomendioa!)

Hemen alkarrizketa osoa:

Azken minutu horretara etorriz ordea: esan du Iñigok, datuekin ez zituela entzuleak mareatu nahi, eta hobe zutela beren erakundearen blogera jutea, eta helbidea eman du:

Tira, zuek entzutea onena:
















Nere lagun batek, epaitegi batean transkribatzaile gisa hogei urtez lanean dabilen batek hotsegin dit, eta esan dit laurdena jasotzeko gai bakarrik izan dala, eta oso pozik dagoela ;-)

Tira, plataforma honen trikimailu publizitario bat ere izan daiteke, hain aldrebesa dan izenburu bat ipintzea, bai plataforma berari, bai beronen blogari, izan ere, beste Iñigo batek, Iñigo Fernandez Ostolaza publizistak ondo dioen bezela, “irripartxoa ateratzen baldin badidazu, begi onez hartuko zaitut. Eta saritu ere egingo zaitut agian.”

Ni pixkat irabazi naute behintzat. Badaezpadaere badaezpadaere, hemendik aurrera, gauez sakelakoa itzaltzera noa. A! Eta ez naiz geratuko tonto-tonto mikro-uhinaren pantailari begira, telebistaren pantailari bezela! ;-)

____

2009-11-19

Kirofanoaren itxarongelan

Gaur aitarekin izan naiz ospitalean. Orduerdiko maxiaketa bat egin behar zioten gizonari.





Aparteko mekanika-lanik ez. Ospitaleko bezero fina da aita gainera. Medikuak esan zion aurrekoan:

- En una temporada, nos vas a ver más que a la cuadrilla, Leandro…

Tira ba. Tarteka, nahikoa parre egiteko balio du behintzat... Gaurkoan bezela:

- Esperen en la sala de espera, ahora le llamamos...

Goazen ba, itxarongelara.

Hutsik egongo zalakoan… Bai zera! Bi aulki bakarrik zeuden libre iritsi geranean. Bata aitarentzako, bestea neretzako.

Sartu da aita itxarongelan nere aurretik, eta han bota du:

- Egunon!

Ni, eta itxarongela hartako %50 euskalduna, parrezka.

- Aita… Ez dala ohitura orain “egunon” esatea holakoetan… - ironiaz beteta nik -

- Ez al da? – aitak, irripartsu.

Aitaren egunona hango izotza pixkabat urratzera etorri da, han izotz asko baitzegoen. Asko!

Jakina. Hura, ospitale bateko itxarongela zan. Hango gehienei, haiztoa sartu behar zieten berandu baino lehen… Auskalo ze tokitan!

Hantxe zeuden, hurrenez-hurren:

1. Berrogeitamartsu urteko bikote bat. Ezin jakin zein zan gaixoa eta zein laguntzailea, kezka ezin berdinago banatuta baitzeukaten. Luze iraungo du haien harremanak.

2. Kirofanoei berebiziko ikara dien neska izutua: ez du gau osoan lo egin (ez du esan, baina antzeman egiten zitzaion aurpegian), eta nola deitu egin behar zioten momentu batetik bestera, relajazio postura jakin bat hartu du etsi-etsian, bi eskuak alkarrekin gurutzatuta. Eta lo geratu da! Seko! (gau osoa betazalik bildu gabe, geratuko ez zan ba!)

3. Bere urduritasuna mugimenduarekin leuntzen duen neska ilehori urduri tipikoa. Nere ezkerretara eserita, telefonoz hitzegiten zuen bitartean, hanka dar-dar batean! Banku ilara guztia – nere eta nere aitaren ipurdia barne – danak dantzan, haren hankaren erritmoan… (geratuko al zera, rubia???!!!)

4. Hiru arabiar, alkarrekin zetozenak. Senar-emazteak bale, baina zein zan hirugarrena? Itzultzailea??

5. Olasagastiren lehengusua. Gizon zindoa, iharra, ondo-ondo orraztua, eta hura bai, batere bildurrik gabea. Gu baino beranduxeago sartu da, eta hark ere bota du!

- Egunon!

Baina bere egunonak ez du parrerik ekarri. Itxoinaldia asko luzatzen ari baitzan. Zer gertatzen zan??

Neska ilehori nerbiosak jakin du, eta jakinarazi digu danoi gertatzen ari zana, zeinek bestela! Bilera garrantzitsu bat omen zeukaten kirofanoetako langileek…

- Pues podrían tener la reunión otro día, sin hacer esperar a la gente... ti-ti-ti-ti-ti-ti-ti.........

Goazen barrura

Barruko telefonoa, bapatean:

Aitari deitu diote lehenengo sartzeko. Zer zan hura! (kirofanoetako pasiloa). Tokioko metroa ematen zuen, danak presaka, danak hara eta hona. Erdiak hasarre, beste erdiak pozik…

Zeinek sartu behar zion materiale kirurjikoa aitari?? Bileran galtzaile ateratako batek????

Bera azaldu danean…

Burua estalita, aurpegia maskarilarekin tapatuta, begiak bakarrik ikusi dizkiot. Ezagutu egin det, eta berak ere ezagutu egin nau, nahiz eta agur labur bat egin diogun alkarri.

Begiak ezagutu dizkiot, institutoko politenak - edo hortxe-hortxe - berak zituelako. Gogoratuko ez nintzan ba. Duela 25 urteko kontuak dira, baina begiak ez zaizkio batere aldatu.

Ezin jakin zirujaua dan, ala zeladorea, ez ditut uniformeak kontrolatzen, eta fijatzeko nahikoa denbora ere ez det izan; baina institutoan txintxo-txintxo egoten baitzan, adi-adi beti, zirujaua izatea errezena.

Garantia bat. Alderantziz izan balitz, hau da, ni berdez jantzita, eta hura bezero, gaxua majo ikaratuko baitzan….

Genetika

Aita biluzik, bata bakar batez jantzita, ipurdia bistan, txanoa buruan, txanklak hanka banatan… Ikuskarri zegoen gizona. Ossssso parregarri.

Orduerdira bueltatu didatenean, hantxe ikusi det, itxura berberarekin, pasiloaren hasieran, sillan eserita… Isabel Preysler Porcelanosako iragarkian baino irripartsuago…

Eta esan det nere artean:

Genetikoa izan dadila irriparre hori! Genetikoa izan dadila!

Nik ere nahi det 80 urterekin irriparre hori izan txilibitutik kateter bat sartu berritan!!

____

2009-11-18

Ez zitzaidan tokatzen

Bizikletaz nindoala, gaur goizean, bide ertzean gelditu naiz, kable bat zuzentzera.

Bapatean, kotxe bat azaldu da nere aurrean. Ni nengoen tokirantz zetorren…

Ezkerrean bainengoen, eta bidea estu xamarra baitzan, presaka, nere karrileraino mugitu naiz.

Ustekabean, oreka galdu det. Hanka kalapietik ateratzeko keinua egin det, baina ez det lortu. Gehiago galdu det oreka...

Segundu batean, garbi ikusi det gertatzera zijoana: ez nuen lortu behar hanka kalapietik askatzea, eta justu kotxea nere paretik pasa baino pittin bat lehenago, errepide aldera eroriko nintzen, eta kotxeak aurretik eramango ninduen.

...

Estuasun ederra pasa det.

Bai, lortu det kalapietik hanka askatzea, jakina, ez nituen lerro hauek idatziko bestela.

Batzuetan heriotza gertu-gertutik pasatzen zaizu: saludatzen dizu, eta abiatu egiten da, presaka.

Gaur beste norbaiten txanda zan nunbait...




____

2009-11-10

Desestresatzeko udal bulegoa

Leipzigeko zoologikoko hartzek ilea galdu dute.





Estresak eragindako gaixotasun bat omen da. Errukarriak. Oso itxura penagarria dute, baina batez ere, oso itxura ezohizkoa dute. Alkarri begiratuko diote, eta gu kantzontzilotan-galtzerdi zuriak jantzita bezela sentituko dira.

Bihankakook, ohituago gaude. Estresarengatik ilea galtzearena gurean, hain dago zabalduta, eta hain aspalditik, zenbaiti “interesante” ere iruditzen hasi zitzaiola behinola (oso ikuspegi interesatua, itzal haundiko burusoilen batek interesatuki zabaldutakoa, inundik inora…).

Kontua da, Leipzigeko hartzen kontu honek, eta hauen ileak, Ibarrangeluraino eraman nauela:

Hartzek ilea galtzea harrigarria dala? Are gauza harrigarriagoa gertatu da Ibarrangelun:

Udalak (bai bai, udalak) ileapaindegi bat ipini du! Kultur-etxean! (bai bai, kultur-etxean!)

Udal ileapaindegia! Halakorik!

Zer nahi dezue esatea... Ez det esango gaizki iruditzen zaidanik, baina gauza xelebreak asmatzen hasita, asma zezaketen hori baino gauza onuragarriagorik! Esaterako…

Desestresatzeko Udal Bulegoa!


ESTRESARENAK, IZAN ERE, ERREMEDIO ERREZA BAITU


Bai, badira estresatuta bizitzeko arrazoizko motibuak. Esaterako: zure bikoteak aldi berean tabakoa uztea eta dieta egitea erabaki du: exortzistaren haurra dirudi, baina hura baino metroerdi altuago (eta bildurgarriago). Edo babes ofizialeko etxea tokatu zaizu, zorionekoa zu, baina oh… 3.C koak pianoko klaseak ematen ditu, goizez eta arrastsaldez (gauez ere eman izan ditu), eta 1.C koa osteopata da: bezeroak hamar minuturo aiene batean ipintzen ditu, AIIIIIIIIII… AIIIIIII….

Edo hauek baino aspergarriagoak, baina ez horregatik gozoagoak: etxez aldatu zera, langabe zaude, emazteak utzi zaitu…

Ondo da. Holakoetan, aurrera, estresatuta egoteko baimen osoa daukazu.

Baina orokorrean, jendea nahi duelako bizi da estresatuta. Nahikoa luke bere burua pixkabat estutzea, egin beharreko batzuk egitea, eta utzi beharreko batzuk uztea, bizi dana baino askozaz ere hobeto, lasaiago eta alaiago bizitzeko.

Ez du egiten ordea. Zergaitik baina?

Gure berezko joera utzikerian erortzekoa dalako. Grabitatearen erruz seguruasko. Etengabe zutik egoteko ahalegin nekagarrian bizi gera, eta gure berezko tendentziak sofara bultzatzen gaitu, horizontaltasunera, alperkeriara.


Beraz?


Zure buruaz ardurarik hartzen ez dezunerako, hor dago, zure salbatzailea: administrazioa! (erretzeari uztera, kotxean segurtasun-uhala eramatera behartzen zaituen berbera…)

Bulego estu bat, leihorik gabea. Itxia. Ihesbiderik gabea.

Barruan, zu estutzeko gai izango dan funtzionario bat, guraso lanak egingo dituena: izakera gogorrekoa, kokilezina, aldi berean bildurra eman eta babesa transmitituko dizuna… .

Hooooori da, Xabier Arzalluz bat, alegia.

Bai, bera bakarra, baina seguru herri bakoitzean asko arrimatzen zaion ale bat behintzat badagoela.





- 8 ordu lo egiten dituzu?





- Kirol pixkat egiten dezu?





- Neurriz jaten dezu?





- Duela sei hilabete uzten eta uzten ari zeran lan hori egin gabe daukazu??





- Adiskidetu zera amarekin? Zeren zain zaude?






- Ordenagailuan egunean bi ordu ematen dituzula? Humm… Seguru lau edo bost badirela…






...


Sesio pare baten ondoren, garantizatuta: ohitura sanoak, eta bizimodu ordenatua. Desestresastze erabatekoa.

2009-11-08

Algecirasera noa

Urtero berdin xamar gertatzen zait. Fuerte hasten naiz kirola egiten udako oporren ondoren, baina azaroan negu euritsuak etxe barrura bultzatzen nau ezinbestez.

Gero gabonak datoz: gaztainak, taloak, intxaursaltsak, brazogitanoak...

Olentzeroren gerrialdearen antza haundia irabazten du nere gerrialdeak urteberri aldera, batere nahi gabe.

Beraz, aurten, inertzia gaizto honi erremedioa ipintzea noa.

Algecirasera noa. Bizikletaz.




Ganbaratik bizikleta estatikoa jetsi det arratsaldean.

Tartetxo bat hartzen dedanean, egunero, edo egun biz batean behintzat bai, gainean ipiniko naiz, eta pedalei eragingo diet, Marino Lejarreta baino saiatuago.

Bultzagarri polit bat izango det gainera: nere jakinmina.

Herri batera iristen naizenean, Flickrren kuxkuxeatuko det, bertan zer aurkituko. Seguru paraje ezin ederragoak daudela.

Oraintxe egin berri ditut 18 kilometro, eta horra noraino iritsi naizen: Arrasateraino.

Bai herri polita, Arrasate!

(irudien gainean egin klik, egileak zein diren jakiteko)














Ea hurrengoan noraino eramaten nauten nere hankek...

(eskubiko zutabean izango dezue nere ibilbidearen berri. Ea ez naizen bihurguneren batean ateratzen edo, ez dedan kerizpe batean komeni baino siesta luzeagoa egiten...)


____

2009-11-06

2009-11-05

Poto!

Xabier Silveiraren purrustadaren oihartzuna itzaldu egin dala dirudienean, ni egunero gogoratzen naiz ba Xabier Silveirarekin...

Eta egun askotan, behin baino gehiagotan!

Eta denetan, irriparre batez. Irriparre batez, eta oihu ozen batez:

Poto!

____


Azpik egindako grafikak garbi asko adierazten du, potoei bertsolaritzan ematen zaien garrantzi izugarria.




Nola leike? Bi poto t’erdik, bertso saio borobil bat honda dezakete? Hain haundia da poto baten balioa?

Haundia zan nere harridura. Pentsatzen pentsatzen honi buruz… Halako batean, argia ikusi nuen arte. Potoei garrantzia haundia ematen zaiela?

Emango ez zaie ba!


____


- Aieteko tunelean bi autok talka egin dute eta garabi bat dago lanean. Hamabi kilometroko auto-ilarak daude A-8 errepidean…

POTO!

- Errealak eta Athletikek galdu egin zituzten atzo beren norgehiagokak…

POTO!

- Zelaira lehiakor izatera irtetzen gera. Gure helburua, irabaztea da, ehuneko ehuna ematen degu partidu bakoitzean…

POTO!

- Rubalcabak ETA azkenetan dagoela adierazi du…

POTO!

- Krisiak behea jo duela dirudi. 2011. urtean altxatuko da…

POTO!

- Borraska berri bat dator astebururako. Euria eta hotza nagusi izango dira…

POTO!

- Joxe, gogorarazten dizut gaur osteguna dala eta nere amarengana goazela afaltzera…

POTO!

- Carrefourretik deitzen dizut. Ezagutzen al dezu gure Carrefour-Class txartela?

POTO!

POTO! POTO! POTO!


Etengabe errepikatzen diren errimez josita dago gure bizitza. Egunero, behin eta berriz errepikatzen diren potoez bete-bete-beteta.

Epaimahai baten partaide zera. Eta poto bat jartzen dizute parean… Behingoagatik, poto amorragarri bat zigortzeko gai zera…

Alajaina! Zer egingo dezu ba??



____

2009-11-04

04/11/2009

Politikarien ahalmen miragarri bat

Buruan aspaldi nerabilen galdera zan: politikariek; nola egiten dute logurea beren baitatik uxatzeko? Oso oso gutxitan harrapatuko dezu politikari bat legebiltzareran ahozabalka...

Egin gogeltxo sarean. Ez dezu aurkituko Rajoyren irudirik logurez. Zapatero aharrausika? Bai zera. Honuntzago etorri: Lopez? Urkulu? Basagoiti? Ezenarro? Egibar? Ez ba.

Fenomeno guztiz harrigarria.

Zeinek ez du gau txar bat pasa? Zeinek ez du komeni baino gutxiago lo egin, mila arrazoirengatik? Umeak gaixo, emaztea sutan, goiko bizilagunak festan, haizea firin-faran, hagineko mina teman, kontzientzia hoska, hazienda koska; hotza, beroa, franelazko izarak, eguerdiko tripakiak…

Biharamonean, lanera jun, eta ezin betazalak goian eutsi. Sekulako ahaleginak lo ez geratzeko. Ahozabalka goiz guztian…

Ba politikariak, ez. Ez dira mundu honetakoak. Edo hala uste nuen nik behintzat… Azalpen guztiz sinisgarri honekin topo egin nuen arte.


IZURDEAK ETA BALEAK




Misterio hutsa dirudiena: nola egin dezakete lo baleek eta izurdeek ito gabe?

Zientzia.net

Izurdeak eta baleak lo daudenean, garunaren hemisferio bat eta honen kontrako aldeko begia izaten dituzte lo. Horrela, esna dagoen garun-erdiak arnasketa kontrolatzen du eta irekita dagoen begiak arriskuak ikusten ditu. Egoera hau bi ordu oro aldatzen da. Hau da, bi orduz garuneko ezker-hemisferioa eta eskuineko begia egongo dira lo, eta hurrengo bi orduetan, garuneko eskuin-hemisferioa eta ezkerreko begia.

Alajaina, burmuinaren bi zatiak txandaka erabiltzen dituzte!

Politikariak bezela!! Klaro ba!

Gai dira beren burmuin erdiaz esnatu itxura lortzeko, beste erdia lotan duten bitartean!

Zer? Eszeptikoak bufaka? Bai ala?

Ez alde egin hain bizkor! Ikustazue bideo argigarri hau:

Giulio Andreotti in action



Ta? Orain zer? Bada, edo ez da sinisgarria, nere teoria?

Politikari askok esaten duten hainbat eta hainbat gauza lotan duten burmuin zatia erabiliz esaten dutela ahaztu gabe, jakina. Horra, nere teoriaren bigarren pisuzko arrazoia. Giulioren bideoarena berarena baino pisuzkoagoa.

_____