2010-01-11

Erradiadorearen ondotik

Atzera begiratzen det eta komiko xamarra iruditzen zait, baina tira, badu xamurretik zerbait, eta erotik ere bai (xamurretik baino gehiago igual).

Gaztetan, holako elurte bat izaten zanean, sarritan juten nintzen mendira. Goretexik ez, kamiseta termikorik ez. Pentsaizue, polainak ere ez nituen jazten (ez nituen eta).

- Mendiko botak (garai hartakoak, baina garai hartakoak txarrenetakoak)
- Barruko kamiseta (Ocean, Abanderado)
- Alkandora (koadroduna, noski)
- Jertse lodi bat (korapiloduna)
- Sira bat (zuloduna)
- Praka bakeroak (Lois)

Tranbia hartu, eta bietako batean jetsiko nintzen:

OTZAURTE

CEGAMA-APEADERO


Goiz guztia elurretan pasatzen nuen. Aizkorriraino ia beti iristen nintzen. Iristen ez banintzen, galduta ibili nintzelako.

Txorixo bokadiloa, laranja bat...

...

Geltokira iristen nintzenean, askotan, baina askotan gero, ordubete baino gehiago tokatzen zitzaidan egotea tranbiaren zain. Bi orduz berandu zetorrenean. Neka-neka eginda. Mela-mela eginda. Izoztuta...

Bakarrik.


______


Zergaitik bakarrik?

Arrazoia galdetzen badidazue, esango dizuet asko gustatzen zitzaidala bakardadea. Thoreau moduko bat nintzen. Gehien-gehienetan bakarrik ibiltzen nintzen. Naturarekin armonian, nere buruarekin bakarrizketan, pake-pakean…

Baina gaur, psikoanalistarena egitea bururatu zait. Izan ere, batzuetan, egiten ditugun gauzen oinarrian, azpi-azpian, beste arrazoi bat egoten da. Ustez, A-gatik egiten ditugu gauzak, baina B da benetako arrazoia: gure buruari onartuko ez dioguna, edo, batzuetan, gure buruari ere erabat ezezaguna zaiona, hori ere bai.

Memorian atzamarka ibili naiz.

Tranbiaren zain nengoela, bazan gauza bat, zeharo erakartzen ninduena, txoratu egiten ninduena:

Apeadero haietan, bazan aterpe moduko bat. Bertan idatzita zeuden, giltzen edo harrien laguntzaz egindako pintadatxoak, paretan:

1982-05-27 AMAIA – MAITE - Aupa Andoain! KEPA MIREN ETA ANE 19881-08-28 - IDOIA X JON 1985-03-04

Geltoki guztietan daude antzekoak, baina apeadero hauetan, askoz gehiago.

Zein ote ziren idazle anonimo guzti haiek? Baina batez ere, neska haiek, zein ote ziren neska haiek? Nolakoak ote ziren? (mendizaleak ziren behintzat, garai hartan nik neska batengan izugarri preziatzen nuen dohai bat...)…

Nola entretenitzen nintzen neska haien itxura eta izaera imajinatzen!

Psikoanalistak xuxurlatu dit: mendira bakarrik juteko arrazoia, mendian haietako lamiaren batekin topo egitea zan.

Bultzagarri guztiz erromantikoa, auskalo ze abestik nere burmuinean su goriz idatzitako arrasto ezabaezina…
















Basa andere maitagarria
goizaldez topa zintudan,
lanbro lainotan argi izpia
behor azkar grin zurian.

Bide ertzetan,
oihaneko sakonetan
biluzik nengoen zure bila.
Ene ileak
leundu eta apainketan
ibili ninduzun besartean.



----


Asteburu honetan, apenas zapaldu det elurra. Elurra, hotza dago. Oso gauza bustia da gainera. Mendira jutea? Burugabekeria…

Ez dago orain mendira bultzatzen nauen lamiarik nunbait – nere psikoanalistari kasu egiten badiot behintzat – .

Eta mendira jun ez naizenez; perezak, alperkeriak eta utzikeriak mendean, oso mendean hartu nau eta, nik ateratako argazkirik ezin erakutsiko dizuet, baina Zuk baditu zoragarriak, eta hari hartuko diot bat, mezu xarmangarri xelebre hau girotzeko pixkat.





____

5 comentários:

  1. Ez da ba izango bakarrik joaten zinen garai hartan gazteagoa zinela eta orain urteak gehituaz batera sentsatzen hasi eta etxeko epela nahiago duzula?
    Ni neu ez naiz mendian "izan", mendian bizi naiz, eta elurretan gutxi ibili naizen arren, nahikoa egin dut. UDABERRIA nahi dut!! EGUZKIA eta BEROAAAAAAA!!!

    ResponderEliminar
  2. Zu, badakizu zer dioen abestiak: "datorrena datorrela konforme edozeinekin..."

    Zaharra deitu didazu?? ;-)

    ResponderEliminar
  3. Nola deituko nizun ba zaharra!! Pentsatzea ere!! Gu ez gara zaharrak, lehen gazte-gazteak ginen eta orain gazteak, besterik gabe. Baina zaharrak??? bai zera!!

    ResponderEliminar
  4. patxi, datorren hilabetean aurkeztuko dugu thoreauren liburua

    esango dizut non-noiz, etorri ahalko bazenu

    ResponderEliminar
  5. Ea bertan izateko moduan naizen! Eta ez degun topo egiten, aurrekoan bezela, oso eskilara malkartsuetan. Irrikaz geratzen naiz zain, Markos

    ResponderEliminar