2010-01-22

Hiru aste

Gaur nere lagun Idoiak esan du, denbora ziztu bizian dabilela. Asteak FIUUU pasatzen zaizkiola, ia batere akordatu gabe.

Datorren urte hasieran aurtengoaren hasieraz zertaz akordatuko naizen galdetu diot nere buruari. Eta erantzun dit nere buruak: ezertaz ere ez, Patxi.

Beraz, lantxo hau hartu det, hiru aste hauetako lerroburuak behintzat zerrendatzea.

Ia ba.

HIRU ASTE

Hiru aste pasa dira urtea hasi zanetik. Alajaina, ezagutu izan ditut urte hasiera xamurragoak.

Hasteko, osasun kontuek endredatu ninduten. Hamar bat egun egin nituen kili-kolo. Urteberri egunean, jaiki nintzen komunera, eta korrika iritsi behar izan nintzen ohe ertzeraino, ziplo eroriko ez banintzen, txorabioak jota.

Bihotzerrez ere ibili nintzen, denboraldi luze batean.

BIXOTZA

Bihotzaz ari naizela, melodramarentzako tokia ere izan da asteotan: oso eramanzailak dira giza-harremanak batzuetan. Bihotza – zentzurik zabalenean – oso kapritxosoa da. Gazte nerabe baten modukoa: gaur baietz esaten dizu temoso; bihar ezezko borobil batez harrituko zaitu.

Hiru hegaletatik atakatu naute, bihotzhauste sentimentalek: konpondu dira, gutxigorabehera. Baina aspaldiko partez, gogoa ilun erabili det. Ikatzezko bekozko ederaskoa paseatu det.

UMORE BELTZA

Belztasunaren ekuador inguruan, gogoratzen naiz ezagun batekin alkartu nintzela, supermerkatuan:

- Aiba Patxi, zer moduz, ondo hasi al da urtea?
- Bufff… (zergaitik izango ote naiz hain sinzeroa, holakoetan?) Ez oso ondo. Osasuna alde batetiiiiiik… Gero beste hau ere izan daaaaa….

Han nun botatzen didan berak, ni bezain sinzero, eta ni baino dexente zehatzago:

- Bai, ba gu ere… Hau (bere senarra seinalatuz) ERE batean hasi da gaur bertan…

- (Autx!)

Jakina, zer zan nere inpernutxoa, letra larriz idatzitako ERE baten aldamenean? Uste det zeozer gorritu ere egin nintzela, eta segituan, nahi gabe, Munillari nola, Haitiko lurrikara etorri zitzaidan mingainera, baina tira, nik afan publizistarik ez daukat Munillak bezela, eta isilik gelditu nintzen, nola ez ba.

BOTERE AHALTSUAK

Gauza politak ere gertatu dira. Fenomeno paranormal baten antzeko zeozer izan zan, beste egun batean: aspaldiko lagun batekin alkartu nintzen, bere haur jaioberria kotxekapotaren barruan zuela. Txikia, negar eta negar ari zan. Denbora asko omen zeraman.

Zenbat egun ditu? Hainbeste. Ze izen dauka? Hauxe…

Heldu nion behatzetik, hitzegin nion goxo-goxo, eta isildu egin zan. Ttak! Radiokasetaren STOP tekla sakatu banu bezela-bezela.

Jakina, kasualitatea izan zan, baina botere ezezagunen baten jabe ez ote naizen pasa zitzaidan burutik, momentu batean.

Eta txikiaren amak, telefonoa eskatu zidan.


----


ERREMATEA

Bestela, lanean besterik gabe, familia ere ondo, eta okupazio nagusi bat: sukaldea. Jo eta fuego nabil sukaldean, aspaldiko partez (hogei urte baino gehiago da “aspaldi”). Lasañak, marmitakoak, entsaladilla rusak, gailetak eta pastelak klase guztietakoak…

Chimay urtea, ez da hasi ere egin. Tira, gauza batean ez bada. Zerbeza mota desberdinak probatzen nabil. Hamar bat probatu ditut, eta grazia du zein dan orain artekoen artean txapeldun:




Ale ba. Datorren urtean inork galdetzen badit zertan nenbilen urtebete lehenago, zeozer zeozer aterako det, oroimenaren zakutik.

Antibirusak lagun.

______

Sem comentários:

Enviar um comentário