2010-02-14

Ontziko patroiak gereziak zituen gustoko

Gaur goizean txoraturikan egon naiz telebistari begira, gosaldu bitartean.

Istanbulgo itsasartean...





Urpeko 13 km.ko tunel bat egiten ari dira. Asia eta Europa lotuko dituen tunel bat. Marmaray izeneko proiektua. Milaka miloi euro kostako den lan erraldoia.





2010.erako bukatzeko asmoa omen zuten lana, baina, halako batean, sorpresa!

Aztarna arkeologiko batzurekin egin dute topo.





Balio haundikoak nunbait, gelditu egin dute obra.

Erreportaian oso polit ipini dute: gatazkarik ez da izan, danak txintxo, arkeologoek ikerketa guztiak bukatu bitartean (urtebete, bi urte…), baina…

Nere artean: zenbat ote dira, zeharo atsekabetuak? Horrelako obra itzeletan beti izaten dira ta, dirua azkar egin nahi dutenak. Erabat abailduta, amorra eginda, antsiak hartuta…

Eta hantxe bitartean, katiuskak itsasoan sartuta, arkeologo saiatuak: kantuan, lasai, patxadaz… Zulagailu erraldoiekin baino, brotxa txikiez, milaka urte dituzten egur eta ontzi umelak garbitzen… tzi-tzi-tzi-tzi-tzi…

Han! Eguneko notizia: hondoratutako itsasontzi baten patroiak, duela bi mila eta bostehun urte, gereziak zituen gustoko!



Oh! Informazio ezin garrantzitsuagoa, zain, zain eta zain, mahaian tarrapataka ari diren korbatadun etsituentzat.

...

Baina historiak, pistak ematen ditu, irakurri nahi dituenarentzat.

Itsasontzi asko aurkitu dute toki berean. Tsunami batek hondoratu zituela uste dute.

Izan ere, Anatoliako falla omen dago tunela eraikitzen ari diren tokitik, 19 kilometrora. Sismologo batek esan du erne egoteko: edozein momentutan gerta daitekeela lurrikara garrantzitsu bat, erloju-bonba baten gainean eraikitzen ari direla tunela…

Ingeniariek diote, kontuan hartu dutela.

Bai emozionantea.

Eta nik, ez daukat ba Istanbulera juteko asmorik, datozen egunetan.

________

2 comentários:

  1. istanbulera beharrean hobe duzu bartolorekin mendibuelta egitea asto gainean

    patxi, hori pagotxa bartolo bezalako lehengusuak edukitzea!

    gehien harritu nauena, amaiera aldera esaten duena:astoak, eskubiko bidea agertu eta belarria atzera botatzen duela, bartolok zer esango dion entzuteko bezala; orduan eskubira esan eta hortik joko du

    ez dakit ondo ulertu dudan

    patxi, thoreauren aurkezpena azkenean bihar elkar megadendan, fermin calbetonen, 11:30etan

    xabier mendiguren eta joxe azurmendi ere etorriko dira

    zu etorriko bazina, poza gailen eta bazkaria nire kontu

    ResponderEliminar
  2. Markos, Haitiko eta Txilekoaren ondoren, hobeto gaude bai hemen, Istanbulen baino...

    Nahiz eta dirudienez, ez dago lurrikara bat izatetik libre dagoen tokirik munduan. Hau inzertidunbre zirraragarria.

    Bartolori, bisitaren bat egin beharko zaio, belarrien misterioa argitzeko. Galdetuko diot :-)

    ResponderEliminar