2010-02-04

Santa Ageda bezperan, San Agustin

Baserritarrez jantzitako ume batzuk aurkitu ditut gaur arratsaldean kalean, eta galdetu egin diet ea ba al zekiten zein zan Santa Ageda. Arrastorik ere ez zeukaten. Urtero galdetzen diet ume desberdinei gauza bera, eta inoiz ez det topo egin Santa Agedaren istorioa ezagutzen duen ume alerik.

Aurten ere, urtero bezela, Santa Ageda gaxoari bularrak ebaki zizkiotela azaldu diet, eta urtero bezela, parre algaraka hasi zaizkit.

(Ume basatiak)

Egia esan, oso pelikuleroa da Ageda honen istorioa:





Zorioneko Ageda Siziliarra omen zan. Oso omen zan ederra. Quintianus senatoreak, bere egin nahi izan omen zuen, Afrodisia izeneko emakume baten laguntzaz, baina, Agedak kalabazak eman omen zizkion. Quintianus despetxatuak, bularrak ebakiarazi zizkion.

Istorioaren jarraipenak hardcoretik asko du, eta zeuek bilatu zeuen kasa, nahi badezue, morboz betetako irakurle betortz-luzeak…

(Heldu basatiak)

San Agustinekin topo

Umea paseatzera atera det gaur arratsaldean. (nere burua paseatzera ateratzeko aitzakia paregabea)

Nor bere bizikleta gainean, Urola ibaian behera abiatu gera.

Eraman degun planta, horra (hartu umearena nerearen adibide gisa):





Izen eta ospe haundiko auzo kaxko bateraino iritsi gera.





Aizpurutxo


Sekula Suitzan egon ez danak, eskuzabaltasun ahalegin bat egin dezake, eta Suitzan dagoela sentitu. Mendi elurtuak han goian… Haran malkartsuak beherago, eta haranean behe-behean, gure oinetan, ibai oparo zabala.





Aurreiritziek faena haundia egiten digute: Azkoititik Zumarragarako bidea, zulo aspergarria iruditzen zaigu, kotxez zeharkatzean oso arrunt egiten zaiguna, baina nahikoa da Aizpurutxon barneratzea, - metro gutxi batzuk, gehiago ez dago ta - honi xarma razio bat aurkitzeko.

Eta Zumarraga metropolitanoak ez dituen altxorrak ditu Aizpurutxok! Pilak birziklatzeko edukiontziak!





Egurrezko zubiaren gainetik, ibaia zeharkatu degu, eta bertako taberna bateraino iritsi gera.

Tabernaren izena: SAN AGUSTIN.

Eta bai agustin egon gerala…

Sartu orduko: bi letrero argigarri


HAY CALLOS - HAY CALDO - HAY OREJAS DE CERDO


Nere artean: “Tabernari honek fenomeno menderatzen du gaztelera”. Ba ez ba. Barraren atzeko tabernariak ez zuen hain ondo menderatzen gaztelera: emakume mozkote portugaldarra zan. Maja maja. Hiztuna oso, alaia; Santa Ageda egunaren, garaiko paisaia grixaren, tabernaren hustasunaren melankonia, erabat birrintzen zuena.

Mosto bana hartu degu, eta azeituna batzuk: saborantxoadunik ez eta, mantzanilla zaporedunak, zer egingo diogu ba.

Aldamenean, baserritar bat, kakahuesak jaten, oso konzentratuta, hitzik esan gabe, begiekin egunkari baten albisteak KIRRIS KARRAS txikitzen.

Telebista piztuta...




Justu momentu horretan, telenobelaren protagonista asesinatzen ari dira, musika goibel-bildurgarriz ondo lagunduta...

Eta kartoizko kaja baten barruan, Kika dago, txakur pekines zahar-zahar bat, gurekin harremanetan jartzeko saio txikirik egin ez duena (baserritar kakahues jaleak bezela).

Tabernari alaiak, piruleta bat eman dio semeari, eta etxeruntz poz-pozik abiatu gera.

Agustin agustin, Santa Ageda bezpera hotz eta haizetsu honetan.

_____


2 comentários:

  1. Aizpurutxo ikusi eta Suitzarekin akordatzea ere!! Hurrena Zumarragara joaten naizenean begiak hobeto zabalduta joan behar dut Suitza ikusteko!! Seguru mosto hartu zenutela San Agustinen?

    ResponderEliminar
  2. Proba ezazu, benetan, gelditu kotxea eta egurrezko zubi erdiraino jun. Beste dimentsio bat irabazten du Aizpurutxok, Suitzaz gogorarazteraino!

    Mostoren ordez, beste zerbait edanez gero, Himalaia seguro ;-)

    ResponderEliminar