2010-03-24

Bartzelona (I)

Bartzelona ezagutzera, ez ginen jun modurik egokienean: ez genuen batere informaziorik bildu aurretik. Ez maparik, ez ikusteko moduko tokien zerrendarik, ez ezer.

Baina, nere ustetan, holaxe egin behar baitira bidaiak. Bai behintzat bidaia batzuk. Adibidez, aurrez jakin izan banu, Ranblen bukaeran portua zegoela, portuaren bila ibiliko nintzen, eta ikusitakoan esango nuen: a, begira, hortxe dago portua.

Baina nik ez nekien, ez nun zeuden Ranblak, ez nun zegoen portua: hain zuzen, portua Bartzelona hiritik pixkabat kanpora imajinatzen nuen, eta nik hartu nuen sorpresa ikaragarria… Ez zuen inundik inora ematen Bartzelonako portua hantxe bertan egon zitekeenik, Ranblen bukaeran.

Ametsetakoa izan zan.

Ametsetakoa izan zan bezela, bapatean Akbar dorrearekin topo egitea. Dorre erraldoi hori, eraikin guzti haien gainetik… Beste planeta bateko paisaia zirudien, etorkizuneko paisaia. Egonezin pixkat ere sortu zitzaidan.

Gaudi ezagutu nuen pixkat. Gaudi liluragarria.

Eta, egun bakar batean, ezin baita gauza gehiegi jaso ere, gogoan geratu zaizkidan batzuk:

"Bartzelona zer da, Bilbo baino haundixeagoa edo?"

Anaiari egin nion galdera, abiatu aurretik. Kristoren grazia daukan galdera orain, izan ere, Bartzelona IKARAGARRIA baita.

Konparazion konparando, Euskal-Herria, auzo txiki bat iruditzen zait orain, Bartzelonaren aldean.

Beste apunte bat, askotan gogoan erabili dedana, antzeko toki batzuetan; ez da egia izango seguruasko, baina berdin datorkit gogora: ez dago zoriontsu izaterik hiri haundietan.

Mugimendu gehiegi begiarentzako. Saihestu ezin dan begi-estresa. Ziztu bizian begien paretik pasatzen zaizkizun kotxeak, autobusak eta motorrak, milaka; bi hankakoak ehun milaka…

Turistak bakarrik ikusten dituzu parrez. Bertakoak betilun bizi dira. Betilun, eta presaka.

Eta inbadituak:

Bartzelona, Zumarragako Santa Lutzi periaren moduko zerbait izan behar du bertakoentzat. Zure bizitokia turistaz betetzen zaizu. Milaka eta milaka turista, espazioa eta patxada lapurtzen dizutenak, etenik gabe, urteko egun guzti-guztietan.






(jarraituko du…)

2 comentários:

  1. Patxiiiiiiiiiiiii
    Bartzelonan?jopeeeeee
    eta kalean gurutzatuko bagina?

    ResponderEliminar
  2. Matx!!

    Ea bigarren zatia idazten dedan, zu bertan azaltzen zera eta!

    ResponderEliminar