2010-03-05

Teologo bat Zumarragan

Garizuma aldera, Teologo bat etortzen omen da urtero, Zumarragara.

Amari asko gustatzen zaizkio holako bilerak. Gustora egin dit gaur atzokoaren laburpena. Baita nik gustora entzun ere, berak esandakoak.

Hasi baino lehen, nere jakin-mina itzali nahi izan det ordea:

- Teologo bat? Eta, zein jun da bilera horretara, ama? Gazteenak zenbat zeuzkan, hirurogeitamabost urte?

Baietz amak, datuari garrantzia kenduz.

Gero, zenbat jende bildu dan galdetu diot. Hori ere garrantzitsua ez. Hara, begira teologoak zer esan dien:

- Gutxi gerala bildutakoak? Nik nahiago det bakar bat bizirik, hildakoak ehun baino.

Gehien-gehienek, ez omen dute esaldiaren bigarren esanahia ulertu. Zapuztu egin omen dira teologoaren ateraldiarekin. (metaforek duten arriskua)

Eta, orokorrean - nere amaren arabera betiere - oso modu jasoan hitzegin duen arren, bi gauza bai esan omen ditu, oso sinpleak, ulerterrezak, eta bai amari, bai neri, animoa piztu digutenak:

Lehenengoa:

- Zer gera ba gu? Gauza hutsa! Alajaina, Pozik bizi zaizte!

Alegia: ez ibili urrutiko gauzen peskisan, haundinahikeriatan. Dagoenarekin konformatu, ez da gutxi ta.

Bigarrena:

- Jaungoikoari, errezatu baino, hitzegin egin behar zaio.

Munillaz gogoratu naiz, errosario santuarekin duen temaz. Errosarioa gora eta errosarioa behera. Amak dio, berak errezatu bai, baina hitzegin egiten diola sarri, Jaungoikoari, eta hauxe esaten diola:

“Aizu… Zuk sortu nauzunez gero… Ez utzi edozein iskinatan erori nadin. Zaindu nazazu.”

Eta orduantxe jarri zait neri zalantza. Nere ama bezelako fededunek-bazkideek, batere pribilejiorik ba ote duten, ni bezelako fede exakaxekoon-bazkide ez geranon aldean, sortzailearengandik mesedeak jasotzeko garaian.

(gaurko mezua ilustratzeko, sarean bilatutako irudi bat, izugarri gustatu zaidan marabila bat, ez dakit Jainkoak berak iradokitakoa, baina hortxe-hortxe behar du)




___

Sem comentários:

Enviar um comentário