2010-04-08

Nola askatu korapilo batzuk

Harold and Maude pelikula ikusi nuen aurrekoan, Arkaitz Basterrak gomendatuta. Txepelak ez diren maitasun pelikulen zerrenda bat egiten ari dira Faktorian, eta hauxe izan da gomendatu duten azken alea.



Suizidioa du ardatzetako bat film honek. Umore beltza nagusi.

Ikusten hasi orduko, galdetu egin nion nere buruari, film hau inori gomendatzeko modukoa ote dan. Bere buruaren hilketa simulazioak egitera dedikatzen dan gazte neurotiko bat… Horrelako hasiera bortitza…

Humm… Edozertaz egin daiteke parre?

Nik uste det ezetz. Umoreak ez du dana barkagarri egiten. Umoreak batzuetan ez du batere graziarik.

Baina ez da film honen kasua, inundik ere. Barkagarri baino, eskergarri gertatzen da suizidioaren erabilera. Ez bakarrik umore beltzik finena ehuntzen dalako, ez erdialdera gaztearen saiakera guztien zergatia jakiten dalako, - mutikoa dirudiena baino zentratuago dago - baizik eta suizidioa bera, neurri batean, bizinahiaren lagungarri gertatzen dalako.

(Eta zenbat parre egin nuen, zenbat! Alaba zaharrenari (14) nere ondoan eseritzeko eskatu nion– gustatuko zitzaiola seguru – eta ze gustora aritu ginen sofan elkarren ondoan eserita, huraxe ikusten. Ze pelikula bitxia, harrigarria, eta bizi-ikasgaiez bete-betea!

Bere adinkide guztiei (eta zaharrago diren askori) zuzendutako ikasgai hauxe tartean, esate baterako.:

Zelai baten erdian daude Harold eta Maude:

- Itzulipurdika hasteko gogoa ematen du – mutikoak amonari–
- Eta zergaitik ez zera ba hasten?
- Erridikuloa egingo nukeelako.
- Hara Harold… - tinko amonak - mundu guztiak du erridikuloa egiteko eskubidea. Ez zaio hainbesteko garrantzia eman behar besteek zutaz duten iritziari. )


________


Heriotza, bizi pizgarri


Filmaren momentu batean, Maudek bere buruaz beste egiteko asmoa azaltzen du: 80 urte beteko dituenean, mundu hau utziko du.

- 75 goizegi da, 85 beranduegi… 80 ondo dago.

Ez dizuet esango bere asmoa betetzen duen ala ez, baina bai itsu-itsu sinisten duela baietz, egin egingo duela. 80ra iritsitakoan, kitto egingo du.

Bi lagun ezagutu ditut nik, bolara batean asmo horixe erakutsi dutenak. Batek 40 urterekin egin behar zuen, besteak 50ekin. Biek orain gutxi pasa dute marra, eta ez dute beren asmoa bete. Biek hitzegin zuten errezegi, eta bota zutenean ere, biek zuten marra hori urrutiegi.

Maudek, gertu-gertuan ditu 80 urteak. Etsita dago egingo duela, eta horrek laguntzen dio amona bixiari momentu guztiak bete-betean bizitzen, bizia disfrutatzen, bizia opari gisa ulertzen.

Guk, horrelako asmorik hartu gabe ere, maiz berdin funtzionatzen degu: gureak - guk geuk programatutakoak - ez baina, gertuko baten heriotzak bai pizten gaitu, eta laguntzen digu batere garrantzirik ez duten gauzen pisua arintzen, aldi batez bada ere, eta bizitza merezi bezela gozatzen.


Norberarena, eta besteena


Norberaren biziari bukaera ematea, aldamenekoarena onartzea baino askozaz ere errezagoa da. Seguruasko, gerta dakizkigukeen tragedien artean, hori da latzenetakoa.

Baina, libra al daiteke min horrek gure barruan sortutako korapiloa? Posible da min horren hari katramilatuak askatzea?

Seguruasko ez dago formula magikorik, baina hara! Begira zer aurkitu dedan duela gutxi.





Joe Simpson. Gertakizun tragiko bat bizi izan zuen Andeetan. 18 urte beranduago, bertara itzultzen da. Horra zer kontatzen duen:

“ … Horrela bada, asko harritu nintzen Perutik itzuli nintzenean trauma-ondoko estresa nuela diagnostikatu zidatenean. Litekeena da, oroimen haiek hain indartsuak izatea… Horrek ekarri zuela 18 urte lehenago pasa nituen bildurrak itzultzea, zehaztasun harrigarriz itzuli ere. Haiek guztiak apenas egun batzuk lehenago gertatu balira bezela.

Psikoterapeuta batekin ipini zidaten hitzordua. Ez naiz terapia zalea, traumak gainditzeko gorriak pasa behar direla sinisten det, baina arraro sentitzen nintzenez, baiezkoa eman nuen.

Kontsultaren zain nengoela, zortzi aste pasa nituen paniko-atake arinekin, oso sentibera, oso ahul, negarraldiekin.

Orduan, hitzaldi bat eman nuen enpresa batean, langileen motibazioa lantzeko: neri gertatutakoa kontatu behar nuen. Egun gutxi barru, nere sintoma guztiak desagertu ziren.

Nere gertakizun latzak behin eta berriz kontatzea izan zan tratamenturik onena nere gaitza sendatzeko. Badirudi, kontatzearen poderioan, kontakizuna “fikzio” bihurtzen dala, beste bati gertatutako gauza bat. Trauma nork bere baitatik ateratzea lortzen dala.“

____


Kalakan duela gutxi, suizidioaz aritu ziren. Kontatu zuen Euzkitzek, azken momentuan damutu egin zala telefonoz sartzekoa zan norbait. Hauxe kontatu omen zion telefonoa hartu zionari: etxean bizi izan zutela nunbait senide baten suizidioa.

Gertatu zanetik, ez dutela inoiz gaia atera, eta eurak nahi gabe atera dan guztietan, saihestu egin dutela.

_______


1 comentário: