2011-04-25

Herrena, osoa baino hobea?

Anjel Lertxundik Adiskidetasun birtualaren "beroaz", idatzi zigun hemen.

Tristea, ezta?

Benetan gertatutakoa da? Hala bada, ez naiz ni izango harritzen lehena, gertuan ezagutzen ditut eta antzeko adibideak.

Zergaitik ezin izan zuten harremanik bideratu?

Ez dirudi gaurko gazteen kontu esklusiboa danik, gainera. "Lotsatien" eremua zabaldu egiten da nunbait beste adin-talde batzuetara:


"100 pertsona horietatik 62rentzat sare sozialak oinarrizkoak lirateke. Hain oinarrizkoak, ezen 36k denbora gehiago pasako lukete sarean lagunekin baino. "

....

36 zenbaki potoloa da. Ze arazo dute 36 hoiek? Nola izan leike harreman birtualak hobestea?

Ba, beharbada, aurrez-aurreko harreman askok ere, herrenetik asko dutelako.

Aurrez aurreko harreman askotan ere ematen baita uzkurtasuna; “informazioa” ezkutatzea, edo itxuratzea. Onartuak ez izateko bildurrak lagun asko mugatzen baititu. Eta ez naiz jende bakartiaz ari, itxuraz sozialki ondo txertatuta daudenez ere bai. Lagunak badituzte, koadrilak… Baina zein da harreman hoien kalitatea? Libre dira asko, beren buruak diren bezelakoak erakusteko? Ala itxura da garrantzitsuena? Konfidantzarik badute lagun talde horretako inorekin? Eroso, babestuak, maitatuak sentitzen dira lagun hoiekin? Talde horren barruan?

Harreman birtual askok, herrenak izanagatik, abantaila haundiak dituzte. Interneten fenomenoak, askori mesede ikaragarria egin dio. Ez bakarrik kalitateko harreman osoak bideratzeko garaian; “bigarren mailako” harreman batzuri esker, askori, harreman osoen bidez sekula sentituko diren baino hobeto sentitzen, zoriontsuago izaten ere lagundu die.

Izan ere, harreman birtualekin, ezagutzen ez dezun pertsona batekin maitemintzen zeranean bezela gertatzen da. Datu batzuk bakarrik dituzu, asko betetzen zaituztenak, eta ezagutzen ez dituzun hoiek… Zeuk ipintzen dituzu. Zeuk osatzen dezu puzlea, zure intereseko osagaiekin, edukirik ederrenekin. Eta, etxeko intimitateari esker, konfidantza, beharbada eguneroko lagunekin falta dan hori, errez mamitzen da, eta zeran bezelakoa azaltzeak ere egiatasun bat erakusten du, hariaren bestaldekoak jasotzen duena, eta berak ere erraz itzultzen duena.


Herrena hala ere


Zati potolo bat falta zaizu ordea: erraiak. Deituiozu kimika, edo nahi dezun bezela. Aurrez-aurreko harremanetan funtsezkoa dan soka hori, beste pertsonarekin lotzen zaituena. Hori, ez daukazu. Eta lehenago edo beranduago, iritsi egingo da.

Zapuztea, askotan, kontu derrigorra da. Guk zati ederrenekin osatu genuen puzzle hori, desitxuratu egin baitzaigu, oso haundiak baitziren gure espektatibak. Aurrez-aurreko harremanetan ez bezela, sorpresak ugariak dira. Batzuetan, galdera ere egiten da: internetengatik ez balitz, hain estua izango ote zan gure harremana?

Alderantziz ere gertatzen da, bai. Erraiek txispak aterako dituzte, aurkitutakoa, oraindik hobea da.

Aurrez-aurreko harremanetan, erraiek lehenengo filtroa egiten dute, eta gero dator harremana; interneten ordena aldatzen da.

Herrena, osoa baino hobea izan daiteke? Jakina baietz. Bolara batean behintzat, herrenak osoa gaindi dezake, modu erabatekoan.

Anjel Lertxundiren adibidean, zerk galerazi zien harremanetan hastea? Bildurrak noski. Bestea zapuzteko, eta norbera zapuzteko bildurrak.

Hutsetik hasi balira, gehiago hurbilduko ziren seguruasko, erraiek azkar egiten baitute lehenengo filtroa, zapuzteko aukera erabat ezabatzen baita alkar ezagutu eta segituan.


____

Sem comentários:

Enviar um comentário