2010-05-06

Ondo daramat zahartzea

Jun dan egunean oso gauza bitxia gertatu zitzaidan.

Mesanotxeko lanparako bonbila erre zitzaidan. Armairuak eta kajoiak arakatu nituen ordezko baten bila, baina alperrik. Argirik ez, loak hartu aurreko irakurketa preziaturako.

Tira ba, linterna bat hartuko det. Ez da oso egokia izaten, eutsi egin behar baita, baina ezer ez baino hobea da.

Orain egun batzuk, Felliniren film batetik erauzia zirudien gizontxo bati erosi nizkion bi, dinamodunak, indarra eginez martxan jartzen diren hoietakoak. Ba haietako batekin. 3 led dituen linterna horixka bat, argi zuri-zuria dariona.

Behatz potoloaren eta erakuslearen arteko “mendi-lepoa” argitu zuten: bapatean, inoiz baino zimurrago ikusi nuen nere azal zati hori…

“Ametsetan nago?” Ez. Ez zan ametsa. Benetan zimur-zimurra ikusten nuen.

Zerorrek egin dezakezu proba. Argi ezazu zure azalaren zati bat linterna txiki batez gauean, eta momentu batez, zimur-zimur eginda ikusiko dezu zure azal zati argiztatu hori. Bapatean hogei urte zahartu bazina bezela.

- Hara… Hau datorkit gainera, ez dago atzera bueltarik... Asko falta da oraindik baina hementxe bertan dala ere senti dezaket orain, ilusio optiko edo danadalako honengatik…

Bai sentitu nuen atximur bat urdailean, baina egunero bezela-bezela lokartu nintzen.

Alajaina, ze ondo daramadan zahartzea.


Nere altxorra


Makina bat dira, bere kontu korrente potoloari begira pozik sentitzen direnak. Fama, edo boterearen jabe izanik, aberats sentitzen direnak. Nere harrotasuna, beste bat da: bizitzan zehar jasotako hamaika ikasgaik eman didaten segurtasuna, eman didaten lasaitasuna.

Jakitun ere banaiz, zortea lagun izan dedala.

Eta jakitun ere banaiz, segurtasun hau espejismo bat izan daitekeela: uste dezu helduleku on bat dezula, baina gauzak ez baitira askotan ematen dutena. Ezustekoen zakua ez da sekula husten; eta hamaika bizitza biziko bagenitu ere, orduan ere ez litzateke hustuko.


______

Sem comentários:

Enviar um comentário