2010-06-13

Gure burua obsekiatzen




Destinua

Ez berak, eta ez nik, baizik eta destinuak nahi izan du, gaur goizean, Joxe Manuel eta biok alkartzea: biok bizikletan, eta biok aurpegi dudatiz, nora jun ez genekiela.

- Xerbooooooo!
- Katxarroooooo!


Meakara baietz


Joxe Manuelek akats nabarmen bat du burmuinean, baikortasun neurrigabeko bat, eta, halaxe bururatu zaio gizonari, Aizpurutxotik Meakara jutea, portzentaia bildurgarriak dituzten aldapak gutxietsita (Marino Lejarretak bere sasoirik onenean kontuan hartuko lituzkeenak)


Erromantizismoa


Baso oparoak, txoriak kantan, bi euskaldun peto euren bizikleta gainean alkarren aldamenean, Gipuzkoako bihotzean; hauspoa beteta izanik ere, etengabeko berriketan:

- Hi, harf, harf, ikusi al huan harf, harf, Inglaterra Nigeriarren kontra? Jarf jarf.. Ez motel, harf, Aritz Lasan partidua ikusten harf, jardun netuan, harf, bai, nik ere ikusi nian, harf…


Euskal baserria


Batere espero ez genuen toki batean azaldu gera. Garai batean lau familiren aterpe izandako baserri ikusgarri batean.

Han, baserritarra. Lapur traza hartuko ote zigun edo, kezkati aterako zan gizona, baina lasai geratu da gu ezagututakoan: arlote xamarrak bai, xelebreak arloteak bezainbat, baina parte txarreko aleak ez dirudi behintzat.

Eta nola sinpatikoak ere bageran, istorio hau oparitu digu, baserria nungo lurretan zegoen galdetu diogunean:

“Hor behean bada baserri bat, muga etxearen erdi-erditik pasatzen dana. Bertan bizi zan gizonak Azkoitian lo egiten zuen, eta Antzuolan gosaldu. Lana, Zumarragan, eta bazkaldu, Urretxun; ta etxerako bidean, Bergarako zati bat ere zapaltzen zuen.”

ONUn bulegari gisa lan egiteko kurrikulum dotorea. – baserritarrari egin diogun apuntea -

...

Segi ondo! Baita!


Aldapan gooooora, aldapan beeeeehera…


Atzera egin degu, beheeruntz, eta gero, beste bidegurutze batean gora, baina zentzudunak ere bagera, edo tira, bigarren pista honetako aldapak, gure zentzua baino indartsuagoak.

Hanka lurrera.

(isil nezakeen detailetxo umiliagarri hau, gure harrotasunak hainbeste eskatzen du, baina noizean behin apaltasun razio bat ere beharrezkoa da)


-Erromantizismoa II


Egunak eskatzen zuen eta, hor jetsi gera, Txirritaren bertsoak kantatzen – zeinenak bestela!- , aldapa behera goxuan…

Gure errepertorioan sekula hutsik egiten ez duen pieza:

Esan bezala neskatxa horrek, eman zidan albistia
Errespuesta aditu arte larri egon zan tristia
“alde batera pena hartzen det, zu modu hontan uztia,
baina zahartu naiz ez da posible, lan horieta hastia,
borondatea estimatzen det, eskerrikasko gaztia””


Goazemak etxera


Bidegorrian Jubilatuak saihestu, amona umezainak ikaratu, eta pozarren etxera. Frexkagarri bat (Goenkalek euskaldunon lexikoari oparitutako hitz izarra) hartu, eta umore ezin hobean bazkaltzera.

Eta holaxe ba,

Destinuak atzera alkartzen gaituen arte. Edo Asteasuko Joxe Manuelen osaba Juanek esaten duen bezela, destinuaren zain egon gabe, “Gure burua obsekiatzeko gogoa” jartzen zaigun arte.


______

Sem comentários:

Enviar um comentário