2010-06-15

Urrea balio du



Ikusiko dezue parking zatar hau (ba al da inun parking politik?), eta galdetuko dezue, gaurko mezuaren izenburua ikusita: zerk balio du ba urrea, Patxi?

Honez gero entzungo zenuten albistea: Litio meategi baliotsua aurkitu dute Afganistanen. Ba, orain ez dala denbora asko, antzeko aurkikuntza baten berri eman zidaten neri. Afganistan baino zeozertxo hurbilago dagoen toki batean.

Hementxe, Zumarragan.

Ezagutzen ez nuen gizaseme batekin egin nuen topo, halako batez. Familiaren zain zegoen gizonkote heldu bat, hirurogeitsu urtetakoa; bere kotxearen atean bizkarra jarrita, zutik. Lasai. Neri traba egiten zidan eta, kotxea mugitzeko eskatu nion. Baietz, gizonak.

Esan ere egin nion, modurik goxoenean, doblefilan baino, aukera polita zuela hantxe gertuan aparkatzea. Parkinean. Orduak 20 zentimo.

Arrazoi nuela esan zidan, eta eskertu egin zidan informazioa.

Eta, misterioz betetako begirada batez lagunduta, beste hau ere esan zidan:

- Ba al dakizu, urrea dagoela, hor azpian?
- ¿¿¿? Zer?
- Urrea dagoela hor, parkina egin zan tokian, azpian.
- Bai zera. – erdi-parrea baino parre sendoagoa atera zitzaidan. Atearaldia ez baitzan edonolakoa –
- Hala da ba. Orain jubilatuta nago, baina parking hori egiten ni ibili nintzan. Neronek ikusi nuen. Badakit zertaz ari naizen. Venezuelan ibilitakoa naiz ni urtetan lanean, indusketa ikaragarri batzuetan, eta han ere bazegoen urrea.
- Eta nolatan ez zenuen ba terrenoa erosi? – irriparrez oraindik, baina haren hitzak interesik haundienaz jasoz – Aberastu egingo zinen!
- Ez… Esan egin nion nik enkargatuari, han zer zegoen, baina ez zidan kasorik egin. Aparagailu berezi bat ere behar da, zehatz jakiteko urrea dan, baina nik ondo baino hobeto dakit aparagailu beharrik gabe ere, hor azpian urrea dagoela.

………..

Bai, badakit. Ipuia dirudi, baina horrexegatik hain zuzen, eta benetan gertatutakoa dalako, da istorio hau hain ederra.

Urrea dagoen? Ez dakit. Edonola ere, bere horretan, urrea baino gehiago balio duen zerbait badago guzti honetan:

Gizonaren indiferentzia.

Gizonak badaki eta hor urrea dagoela, baina informazio horrek ez dio logurerik kentzen.

Estatu Batuarren modura, Afganistanen ;-)

____

Sem comentários:

Enviar um comentário