2010-06-26

Arrolamendin



Hogei urte baino gehiago baziren Arrolamendira juten ez nintzala. Gogoan daukat zeharo atsekabetu nintzela orduan, gasbidea egiteko mendia “zauritu” zutenean. Mendi pista ikaragarri zabal bat, mapa baten arrasto zuzenen arabera egindakoa. Zelai eta zuhaitz magikoz, balio paisajistikoz eta antzekoez ezer jakin nahi izaten ez duen mapa hotz hoietako bat.

Ba, pista horretantxe gora egin nuen atzo, nere bizikletaz (ez dagoela gaitzik, onik ez dakarrenik), eta iritsi nintzen zuzen-zuzen Arrolamendiraino.

Bertan, mohikano pare bat (azken euskal elebakar pare bat). Bi baserritar, senar-emazteak, Legazpiarrak, euskal mohikanoaren esentziaren ardatza dan Lan-Roverra, aldamenean zutela. Bien lau hanken artean, 150 urte bai.

- Atsaldeooooon! – nik –
- Allau zea honaiño! – parrez, eurak –

Orduerditxoa bai egingo genuen hizketan. Pena, haizeak eraman izana gure alkarrizketa, baina gogoan geratu zaizkidan hiru mokadu behintzat bai eskeiniko dizkizuet, minutu pare baten prezioan.

Ardien anaitasun ederra

- Ardi hoiek danak, zuenak al dira?
- Ez ez, batzuk Antzuola aldekoak, besteak Legazpikoak, besteak Urretxukoak… Hor ibiltzen dira, danak alkarrekin. Hori bai, gure motor hotsa aditu orduko, gureak bakarrik arrimatuko dira, badakite eta jana izango dutela.

Paisajearen inportantzia

- Bista ederrak daude hemen e?
- Bai… Ederrak dira bai. Hala ere… Guk lehen ez genien inportantzia ematen e? Orain bai, baina garai batean ez.


Bizikletaz ibiltzen ikasten

- Nahikoa egin dezu, honaino bizikletaz etorrita…
- Bah, etzazula pentsa. Gaurko bizikletak oso arinak dira, ondo preparatutakoak.
- Bai…. Gogoan daukat nik, klaro, orduan inork ez zeukan bizikletarik, ta halako hark ekarri zuen lehenengoa. Orain umetan ikasten da bizikletaz ibiltzen, baina orduan ez! Kosta zitzaion gizarajoari ikastea! Zenbat danbateko hartu zituen! (parrezka)


....


Zumarragako Etxeberri jatetxeari “sagardotegia” deitzen ziotela ere ikasi nuen…

Ta gero, “hodoi hotsa” (sic), entzun zan, burrundara, ta hantxe abiatu nintzan atzera, pistan behera.

Eta hementxe nago ba, orain, zuei hauek danak kontatzen.


______

3 comentários:

  1. Zergatik ematen diote orain lehen ez bezalako inportantzia paisajeari senar-emazte horiek? Zergatik ematen diogu guk inportantzia horrelako solasaldiei? Gastatzen ari direlako. Gastatzen ari dira horrelako paisajeak eta horrelako solasaldiak. Horrexegatik da eskertzekoa horiek txoko honetara ekarri izana.

    Baina ez duk hori komentatu nahi niana, Patxi, "ardien anaitasuna"rena baizik. Ez al dago kontraesan bat bi hitz horien elkarketan?

    Soluzioa hemen:

    http://www.berria.info/blogak/lertxundi/index.php?blog=14&title=anaitasuna&more=1&c=1&tb=1&pb=1#comments

    ResponderEliminar
  2. Juan Luis, mundu honek soluziorik badik, Azkoitiko futbol taldeari "Anaitasuna" izena kendu eta "Haurridetasuna" jartzearen aldeko aldarria egiteko gai dan pertsona klase horrengandik, etorriko dek. Ezingo nikek ekintza poetikoagorik imajinatu inola ere! ;-)

    Labur idatzi nian mezua, baina luzeago idazteko tentaldia ere izan nian:

    Baserritar hauek zergaitik estimatzen ditek paisajea, orain bai, eta orduan ez? Ba, orain, laurogei urte banarekin, "oraina" askoz gehiago bizi dutelako. Eta ganbara orain beteta daukatelako ere bai.

    Gaztetan mendia lana izango huan haientzako. Lana, nekea, hotza... Ganbara beteko bahuan, gogoz kontra derrigorrez bisitatu beharreko toki desatsegina, gehienetan.

    Aipatu ziaten paraje haietan ibiltzen huan ezagun bat: "hark bai, hark izugarri estimatzen zuen hemengo paisajea", eta propio galdetu nien: "Baserritarra al zan?"; "Ez, kaletarra" haien erantzuna.

    Aberastasunarena, oso present zian gizonak. AHTa han azpitik pasako zala ta, gizona alde zegoan: "lantegiak itxiko dira bestela", eta gasbidea gogoratu zuenean ere, ez zuen txikiziorik aipatu, bai aldiz harritu, zangen sakoneragatik.

    Neu, kaletarra, isilik geratu netuan, baina hik bezelaxe pentsatzen diat bai. Gastatzen ari dituk hainbat paisaje, eta horrelako solasaldiak ere bai...

    Baina nik hauxe behintzat, harrapatu nian! :-)

    ResponderEliminar
  3. Arrazoia daukak, Patxi. Senar-emazte horiek lehen paisajeari zergatik kasurik egiten ez zioten esplikatzeko, nik emandako arrazoia baino askoz ere zentzuzkoagoa eta ulergarriagoa duk hik emandakoa.

    Segi horrela, non-nahi eta noiznahiko debaldeko altxorrak biltzen eta konpartitzen!

    ResponderEliminar