2010-06-30

Bizitza geldoa


Gaur siesta garaian, Indiaraino bidaiatu det, loak hartu aurretik. ETB1ko erreportaje bat.

Indiari buruzko erreportajeetan beti harritzen naiz zer edo zerekin. Gaur izugarri ondo pasa det ez dakit ze leinutako gizasemeak biluzik paseatzen ikusiz Gangeserako bidean, sano-sano. Baita parrez lehertu ere beste baten sinismen partikularrarekin:

Gizonak errepideak energiaz gainezka daudela sinisten du, eta alderik alde dabil, orain alde batean, orain bestean belauniko jarriz, eta errepide bazterrari muxu emanez; energia jasotzeko edo.

Euskal-Herrian zennnnnnbat energia jasoko lukeen!! :-)

Hinduisten sinismen eta siniskeria bilduma alde batera utzita, atzera ere txoratu nau haien pakeak, haien patxadak…

Eta halaxe, abiatu naiz bizikleta hartuta, patxada horren antz pixkat izango duen ez dakit zer horren bila bidegorrian behera, Azkoitiraino; eta hortik gora, Elosu aldera.

Eta han zer aurkituko?

Puntua

Akats genetikoren bat daukat, beti topean, edo ia topean ibiltzera eramaten nauena; baina nik ez dakit arrazoia zein dan, azkenaldi honetan indargabe daukat: mantso nabil. Eta mantso zabiltzanean bakarrik hartzen dezu inguratzen zaituen guzti horren kontzientzia:

Ziztu bizian zoazenean, nahikoa izaten dezu zure arnasa eta hanketako mina erregulatzen, eta bihurguneetan ez ateratzen.

Mantso nindoalako, puntu egokia hartuta, Elosun gora, erreparatu nien:

- bidea zeharkatzen zuten kakalardo txikiei, bixi-bixi, errepidearen txirrikitu txikitxoen gainetik saltoka zebiltzanak

- erreparatu nien zuhaitzek pasatzen uzten zuten eguzki-izpii zoragarriei


- erreparatu nion emakume baserritarraren galtzerdi zuri-zuriei, belauneraino altxata zituenak; eta hark esandakoari ere bai:

- Sakau egin beharko diozula, hemendik gora…

Beti galdezka nere buruari, nundik atera ote zuen euskara batuak “sakatu” hitza, eta horra, nere etxetik 14 kilometrora...

- erreparatu nion, inguruko baserrien izen zoragarriei (juten naizen hurrengoan gogoratuko ditut, eta ipiniko ditut hemen)

- Eta erreparatu nion azkenik, nere martxa ez zigortzaile zoragarriari, nere arnas doinu gozoari, eta eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, laztan ederra izan zan, soinean sentitu nuen bero ezin goxoagoari.

Elosun

Elosun gora, hiru kotxerekin topo egin nuen. Ia ordubeteko igoeran, hiru kotxe! Eta Elosura irisi nintzenean, han ez zegoen arimarik.

Hasierako argazkia, Elosuko frontoi barrenetik aterata dago. Bertako frexkuran eseri nintzan, eta entzun nituen txoriak, haizea, eta beste ezer ez.

Z O R A G A R R I A

Hinduistek, beren meditazio saio landu hoietan, halako zerbait sentitu behar dute.

Elizaren barruko patio batera ere sartu nintzen, ilunpean zegoen leiho baten argi ederrak liluratuta, eta ezinegon txiki bat ere sentitu nuen, han ez baitzegoen, ez haizearen soinu goxorik, ez txorien konpainiarik. Isiltasun erabatekoa.





Goazen etxera

Etxerako bidean, tomate landare batzuen atzean, han, baserritarra.

- Apaaaaaaa! Aizu, Aizpurutxora bide zuzenen bat bazan hemen inguruan, ala?

Baserritarrak azalpen zehatzak eman zizkidan, eta ekarri zuen kanpora gaztelerak euskaldunoi eskeini digun hitzik kuttunenetakoa:

- Bai, baserri hura ezkerretara utzi, ta handik behera, sekulako aldapa zegok, kontuz ibili hadi. Bi bidegurutze ikusiko dituk, Bietan eskubira hartu. Erreza daukak. Hori bai, lehenengo aldapa PUTI hori jiyo beharko dek!


Lagunak egiten

- Zer esan dit: bietan eskubitara, edo ezkerretara???

Eskubitara esan zidan, baina nik, despistatu kroniko honek, lehenengo bidegurutzean, ezkerretara hartu nuen, eta iritsi nintzen amazoniaren erdian galdua zirudien baserri misteriotsu batera: bi kate-zakur, zaunka, eta beste hirugarren bat, beltza baino beltzagoa, bildurgarri xamarra, suelto.

Elosuko amabirjinari eskerrak: bakarrik sentitzen zan, eta sekulako ilusioa egin zion nere ezusteko agerpenak. Lagundu egin zidan atzera bidegurutzeraino, kilometro bat gora, eta beste kilometro bat behera! (Zumarragaraino lagundu behar zidala uste nuen!)

Bai-txakur-jatorra! Argazki hau ateratzen utzi zidan:



Zibilizazioan berriz

Eta orduerdi beranduago, zibilizazioaren erdigunean nengoen. Korrika eta presaka dutxatu, korrika eta presaka jantzi, erosketak egin supermerkatua itxi baino lehen…

Baina, arratsaldeko geldotasun zoragarriak utzitako arrasto gozagarriarekin.

Bizitza geldoaren gurdira igo behar dedala, ahalik eta laisterren.

_______


2 comentários:

  1. India bake, patxada eta bizitza geldoaren lurraldea? Zu ez zara Indian egon, Trapero. Nik zorte hori izan dut, eta zinez herrialde zoragarri eta zirraragarria dela, baina esango dizut, topikoetatik haratago, zer den India: zarata, estres, trafiko ero eta estridentzia guztien lurraldea. Zoaz egunen batean, hartu familia eta igaro opor batzuk. Baina, adi, tenplo hindu eder baten ondoan hartzen baduzu ostatu... goizeko 5etan esnatuko zaituzte neo-rap erlijiosoak tenploko bozgorailuetatik bolumena akopleak egin arteraino igota.

    ResponderEliminar
  2. Luistxo, sinisten dizut. Erreportaian biak ageri ziren. Pusketa batean, bi Indiarrek, meditazioa buruz behera egiten ari ziren bi laguni begiratzen zieten harri eta zur.

    Irudipena daukat, sekulan ez naizela Indiara jungo, bildur pixkat ematen dit hango txirotasunak eragingo lidakeen tristurak.

    Nere burua errezago ikusten det, merkatal zentru batean, women'secret denda baten eskaparateko isladan beste klase bateko "guru"ak antzematen... ;-)

    _____

    ResponderEliminar