2010-07-25

Nabigatu, eta bizi

Atzo, larunbata, goizeko seiak aldera, iratzargailu-irratia piztu zan halako batez, eta uhin gozo batzuen baitan, hitz multzo honek bidaiatu zuen nere belarrietaraino:

- Ba al da gauza zentzugabeagorik, portuan lotuta dagoen itsasontzia baino...? Nabigatu, eta BIZI!

Seinale bat zala interpretatu nuen, eta lasai-lasai gosaldu ondoren, nere Rozinante zuriaren gainean jarrita, nabigatzera abiatu nintzen.

356 metrotik, 0 metroraino. Zumarraga-Zumaia. Goizeko frexkuran gustora, eta mantso. Zazpiak laurden gutxitan irtenda, zortzietan Zumaian nintzen.

Goizeko zortzietan, Zumaiako herriko hondartzan, eguzki izpi batzuk, eta ni, beste inor ez.





Buruan, asmo bat: nere abizen berbera duen auzoa, Iraeta, bisitatzea, nere bizian lehenbiziko aldiz. Hamaika aldiz pasea nintzan ondotik, baina sekula santan bertan sartu ez. Nola leike?


Bai polita, Iraeta auzoa…




(oharra: bi kable fototxopeatu ditut. Argazkizaleok eta gure betiereko etsaitasuna kableekin)

Eta ez paisaia honengatik bakarrik. Beste altxor haundi batzuk ere atzeman dituzte nere begi betigoseek:





Meta ahaztu bat. Plastikozko bolen aurrekaria. Pasatako denboren lekuko ederra nere begietara.

Eta bizi-bizi dirauten beste garai bateko aztarnatxoak: oraingo adosatuek ez bezela, garai bateko adosatuek...





bakoitzak bere izena zuen! Eta bai izen polit eta bixiak aukeratu zituztenak, euren etxeetarako, Iraetako herritarrek…

(irudiaren gainean egin klik ikusteko)





Gauza gehiago arrantzatzeko gogoa ere banuen, baina etxetik urruti xamar nintzen, eta gainera, beste asmo bat ere banuen. Azpeititik lau kilometro gorago dagoen Oinatz auzoa ezagutzea.

Halaxe abiatu nintzen bertarantz, eta baita bertara iritsi ere.




Harriak Oinatzen, zutik, eta etzanda ere bai...





Eta kotxeak eguraldi txarretik babesteko eraikuntza harrigarriak ere bai. Sekula halakorik ikusi gabe.




....

Nere etxearen eta Oinatz auzoaren artean, enbarazu txiki bat: Samiño mendia.





Kalanbreren bat edo beste hanketan, iritsi nintzen Pagotxetako leporaino, eta hantxe, zaldi bat geldi, parrezka. Edo hala iruditu zitzaidan behintzat neri. Halako zerbait bere kolkorako esanez:

“hemen zetorrek beste asteburuko zikloturista bat, leher eginda. Beste masokista txoro bat. Laugarrena gaur, ta goizeko hamaikak besterik ez dira”.

Holako gogoeta jakintsuaren jabea, hemen:





Pagotxetatik behera, dana aldapa behera da. Dutxa, bi litro Aquarius, sofa, ohea, sofa, ohea…

Ea datorren larunbaterako bixkortzen naizen. Nabigatzea gauza ederra da, baina ibilbidearen arabera, nekagarri xamarra ere izan leike.


_____

6 comentários:

  1. Oñatz! Zenbat urte Oñatzera joan gabe! Laxaro Azkune irrati lokutore handi eta estimatua duk horkoa, oker ez banaiz. Orain dela 20taka urte txirrindulari lasterketa popularra egiten zuan Azpeitiko Garmendipetik Oñatzera. Behin (PDM taldearen kamiseta janzten zuen asteasuar batek irabazi zuen urtean, 1988 edo 1989 inguruan, nik uste) hirugarren egin nian. Saria jasotzera joan eta... bi oilasko bizirik! Eta ni bizikletan! "Zer egin?", Leninek galdetuko zuen bezala. Lagun baten aita portunatu zuan han, hark Azkoitiko taberna batera eraman kotxean, handik jaso, etxera eraman, beheko etxekoandreari eman hiltzeko, eta... jan! Horiek Oñatzeko nire oroitzapenak. Ea ba ni ere itzultzen naizen Oñatzera.

    ResponderEliminar
  2. Laburmetraia baterako mundiala istorioa! Eta pena, aitaren lagun hori azaldu izana! "Zer egin?". Irudi hori, hirugarren egin duen txirrindularia bi oilo aldamenean dituela haiek gobernatu ezinik, Oñatzeko plazatxoa jendez hustu danean... ;-)


    Itzuli bai baina, bizikletaz ala, Juan Luis?? :-)


    Oiñatzeko ermitatik oso gertu ibili netuan orain dala urtebete pasa, oraintxe gogoratu nauk, ta horra, nik ere badizkiat hango oroitzapenak; zorionez hemen idatzi nizkianak, bestela, honezkero ahaztuta neuzkian!

    ResponderEliminar
  3. Seguru buelta hori egin zenuela? Zumarragatik Zumaira joan, Iraetatik pasa eta gero Oñatzeraino igo?? Ez dakit ba... gehitxo ez al da? ez naiz harritzen sofa-ohea-sofa-ohea... zerbait behar!!!
    Argazkiak oso politak; izan ere, toki politetan argazki zatarrik ezin da atera, ala bai? ;-)

    ResponderEliminar
  4. Oso polita da bai, Oiñatz inguru hori... Eta egia da bai toki politetan ez dala asko saiatu behar argazki politak ateratzeko ;-)

    Zure mesfidantza pittin bat haunditzeko oraindik, kontakizunean motx geratu nintzen, Arroaraino ere iritsi bainintzen! Erantsi beste kilometro piko bat gora ;-)

    ResponderEliminar
  5. Arroa Goian ere izan zinen? Aldapa hura ere igo zenuen? sofa berria majo estreinatuta izango duzu!
    Asteburu honetan izan dira festak, bazen festa usainik?

    ResponderEliminar
  6. Ez naiz asko gogoratzen, Zu, Arroan zer ikusi nuen. Oraintxe daukadan logure lainoak ez dit ezer ikusten uzten...

    Opor usaia bai, hasi naiz aditzen... ;-)

    ResponderEliminar