2010-09-21

Afizio ahaztu bat

Nere etxeak azkenaldi honetan museo turistiko bat dirudi. Nere seme-alabek euren lagunak ekartzen dituzte, multzoka, zientoka. Batzuetan nere etxean ala British musseumean ote nagoen galdetzen diot nere buruari.

Neu sofan etzanda, momia baten gisan, eta eurak pasarela bat osatuz nere aurretik, egongelaren iskinean dagoen ordenagailu txikiaren bidean.

Normalean lagun ezagunak dira, ikastolako gelakoak eta. Baina tarteka, gaur bezela, ale frexkoak etortzen dira, ale ezezagunak. Jakina, haientzako, koba ezezaguna da beren lagunaren etxea, eta helduok, izaki susmagarri-arriskutsu-mehatxugarriak gera.

Ez zaie arrazorik falta.

Joe, zenbat denbora halako espezimen goxuei hortzaka egin gabe! Zeharo ahaztuta neukan, nere afiziyua.

Tinbrea.

Atea zabaldu det...

Begiak bi plater bilakatuta, okotza altxata, kortina zuri bat bezain isilik.

- Kaixooooooo aitaaaa…. – alaba aurrena, espedizioburu -

Alabaren atzetik sartu dira bi neskatxak, goitik erortzean zegoen gillotina-xaflari begira...

Atea itxi det, batere presarik gabe. Batere presarik gabe irten dira nere ahotik hitzak:

- HA HA HA HA… Zuen bizitzaren azken minutuak dira hauek. Zuen azkena ezagutzera zoazte momentu batetik bestera, HA HA HA HA….

- Bam! Atera itxita. (ihesbiderik ez)


Eta, dana ondo kalkulatuta, justu segidan, aingerutxoak ikaratzen hasi baino lehen, doinua aldatu det, eta zuzendu natzaie, erropa denda batean baleude bezela: nolako gonak nahiago dituzue, luzeak ala motxak?

- Ea, nolako heriotza nahiago dezue? Bi aukera dituzue: kilima saio luze baten ondoren, EDO, sapaitik txintxilik buruz-behera. Bigarren aukera leunagoa da, baina aspergarriagoa.

Nere alabaren lagunak mutu daude. Irriparrez begiratzen didate, baina bere buruari galdetzen diote, nerekin aldi berean, horrelako umorearekin ondo pasatzeko beharbezelako prestakuntza ba ote duten.

Alabak erantzun du, haien partez:

- Sapaitik txintxilik hobeto.
- Bale ba – neuk – Zuek geldi hor, banua eskilararen bila.

Sofara zuzendu naiz zuzen-zuzen, jakina, umeen hilketa prestaketak ahaztuta.

Hala ere, hurrengo ordulaurdenean bi aldiz pasa naiz alabaren gela paretik.

- HA HA HA HA HA HA!!! – Frankenstein doktorearen parre sakon-ozen-burrunbatsua) – HA HA HA HA HA HA!

....

Gero Gorka etorri da, semearen laguntxo bat.

- Gorka, gauza garrantzitsu bat esan behar dizut:

Nere bi eskuekin, bere burua erdian jarrita, sandwitx bat egin det, eta bere begietara zuzen-zuzen begiratuz, esan diot:

- Gorka, badakit zer esaten dizuten etxean, zer esaten dizuten eskolan, zer entzuten dezun kalean eta telebistan, baina sinistuiazu, gezurretan ari zaizkizu. Hortzak hiru aldiz garbitu behar dituzula esaten dizute, ezta? Ba, ez da nahikoa, BEDERATZI aldiz garbitu behar dituzu, benetan, galduta zaude bestela.

Gorkak, nere hitz serioak gogoan hartzen ditu lehenengo momentuan, hain ari natzaio serioski hitzegiten, baina nunbait nere begi-ninien sakonean algaratxoren bat antzeman du, eta irriparrez hasi da.

________

Sem comentários:

Enviar um comentário