2010-09-30

Ametsetako Bilbo

Gutxi, oso gutxi lo eginda jun nintzen Bilbora. Laino moduko batek estali zuen nere ikuspegia ezinbestez, egun guziz. Eta, horrexek hain zuzen lagundu zidan ulertzen zergaitik zaidan hain erakargarri Bilbo.

Ametsetakoa bezelakoa dalako.

Oso gogoko det amets egitea, nahiz eta, uste det, nere jan-ohiturak garai batekoak baino askozaz ere ordenatuagoak eta sanoagoak direlako, apenas amets egiten dedan orain (tripa beteta oheratzen nintzenean, nere lo saioak zinemaskope hutsa ziran).

Amesgaiztoak ere gogoko ditut, pentsa.

Hain errealak diruditen beste bizipen eta sentsazio hoiek. Benetakoak baino indar haundiagoz itsasten zaizkizunak batzuk…

Esnatu eta… Aiba! Amets bat zan. Lasaitu, eta liluratu, gure buruak bere kasa ibiltzea erabakitzen duenean sortzen dan mundu bitxi eta harrigarri horretaz.

Ametsetan, dana nahasten da. Berria zaharrarekin. Txikia haundiarekin, eta batere logikarik gabeko gauzak guztiz logikoak direnekin.

Bilbon bezela-bezela.






_______


Belostikale kalera eraman ninduten azkenean, patchwork denda batera. Aldamenean zituen, orain gogoan ditudala… Bideoteka ez zirudien bideoteka bat, piercing-ak egiten dituzten denda bat, txakurrentzako boutique bat, betiko ultramarinos xaharra, hipika denda bat…

Eta hori dana, lehen begiratu batean. Nahasketa xelebreagorik, kostata.

....

Eta momentu erromantiko bat ere jaso nuen. Erromantizismorako ez baita derrigorrezkoa Donostiarena bezelako inguru glamourosoa.





(Hurrengoan, ondo lo eginda jungo naiz. Aber zer aurkitzen dedan)

(Iberdrola dorrea oso urrutitik ikusi nuen oraingoan. Hori ere, beste baterako gaia)

____







Sem comentários:

Enviar um comentário