2010-09-22

Marianico, eta Vicky

Gaur arratsaldean, bikote zoragarri batekin egin det topo Carrefourren.

Gizona “Marianico el corto”ren lehengusu propioa zan. Emakumea berriz, azken moda katalogotik eroritako modelo hegoamerikarrra. Venezuelan, edo Colombian, “miss elegancia” izendatu berria. Ez zan ederra bakarrik, bazeukan begietan halako zer bat, sorgingarria. Tentatuta egon naiz esateko:

“Ya quisiera Julia Roberts parecersete un poco”

Baina zein naiz ni, Marianico eta Vickyren artean, inolako interferentziarik sortzeko?

Neskak Red Bull bat hartu du, gizonari zuzenduz; galdezka edo…

- Noooooooo, ni se te ocurra! Deja eso, que es malo!

Neskak irriparre zoragarri bat utzi du erortzen, gizonari ulertu ez dedan zerbait xuxurlatzen zion bitartean...

Haien ondotik pasatzen ari bainintzen, “kasualitatez”, grazia egin dit egoerak, eta biei begiratu diet, konplizitatez betetako irriparrez.

- Holaaaaaaaa! - Esan dit Marianicok.

Okotza altxatu det nik, pixkat bakarrik, nik dakidala behintzat ez baitet Marianico ezagutzen.

Eta ondoren, ondorio mamitsu hau atera det:

“Marianicok “hola” esaten dit, ni ezagutu gabe ere, harro dagoelako. Euromilloia tokatu zaion bat sentitzen dalako. Bere aldamenean edozein gizasemek nahiko lukeen aingeru zoragarria duelako… Intereseko harreman huts bat izan arren neska honekin daukana…”

Baina nere lehenengo pentsakizunari, zuhurtziazko batek segitu dio:

Ez daukate zertan bikote izan beharrik ordea. Akaso bizilagunak dira, etxe bateko jabekide-adminsitratzaileak, Carrefourrera liburu notariala erostera etorriak…

Eta bigarren zuhurtziazko honi, pentsakizun “errebelde” batek hartu dio errelebo:

Ba ez jauna. Ze arraio. Bikote dira, bai jauna. Arauzko kanonen antipodetan kokatzen badira ere; eta beren harremana osoa, xamurra, eta sendoa da. Alkar maite dute, eta euren maitasuna betirakoa da.

Eta hiru aukera hauen artean, gogoeta prozesu konprimitu baten ondoren, hirugarrenarekin geratu naiz.

Seguruasko, Marianicorengandik gertuago sentitzen naizelako, edozein miss Colombiaren ondoan hortik zehar ibiltzen diren Brad Pit hoiengandik baino…

Eta ze gero, hiru aukeretan ederrena, eta desiragarriena, bai Marianico, bai Vicky, bai neretzako, hirugarrena dalako.

Nahiz eta, hirurak ez duten zertan kontraesankorrak izan. Izan ere, izan baidaiteke, izan daitekeenez, intereseko harreman huts bat, bai, hala ere alkarri maitasuna sentitu eta zor, bai, eta liburu notarial baten bila ibili jabekideen hurrengo bilerarako.


________________

Sem comentários:

Enviar um comentário