2010-09-20

Txukun txukun

Neu zer ote naiz izatez, ordenatua, ala desordenatua?

Nere inguruak baldintzatu nau? ohitura txarrek bizi izan naute? Ala berezkoa det orain arte neregan nagusi izan dan DESORDENA?

Idazteko modua pista bat izan daiteke. Banaiz ideiak modu ordenatuan azaldu zalea…

Hizketa egiteko moduan ere aurki nezake argi zantzu bat. Zerbait kontatu nahi dedanean, saiatu egiten naiz esan behar ditudanak banan-bana eta modu txukunean esaten.

Ordenatua izateko nere ahalegin guztiak ordea, hauts bihurtu dira beti, zergaitik ez dakidala. Desegin egin dira, gorputz hartzera sikiera iritsi baino lehen.


_____


Badira momentu batzuk bizitzan, sentipen jakin batzuk, are irudi batzuk, zeharo aldatzen zaituztenak, modu erabatekoan.

Aurtengo oporretan, Suitzan, bi irudi itsatsi zaizkit burmuinean:

1.-

Zurichen, bazan aberatsentzako supermerkatu bat. Ehun gramoka saltzen zituzten jakiak. Ez zuten jakiak ematen ere, hain zeuden modu zerutiarraz antolatuta eta prestatuta. Koadroak ziruditen. Liluraz bete zitzaizkidan begiak.

2.-

Hamabi egunez Suitzan egon ondoren, Burdeoseko Restop batean, afaltzeko geratu ginen, errekatxo baten ondoan. Zabortegi hutsa zirudien errekatxo baten ondoan. Jarrita egon ginen egurrezko mahaiaren azpian, ehun mila zigarrokin zeuden…


_______



Etorri ginenetik, etxea, paperak eta beste batzuk ordenatzen aritu naiz, obsesio puntu batekin. Nere mahaiganak, adibide esanguratsu bat ipintzearren, ez du ematen Zurich-eko supermerkatu hura, baina arrimatzen zaio.





Ikusteko dago oraindik, hain luze irauten ari dan nere ordenarako joera hau, betirakoa dan ala ez, baina zeharo harrituta nago. Ilusionatuta bezainbat.

Hauts pixkat ikusi orduko atxiska hasteko joera berri honengatik ez balitz.


________

Sem comentários:

Enviar um comentário