2010-10-26

Saloun

Azken zubian bisitatutako toki sekretua, Salou izan zan. (Glamourrez bete-betetako destinua).

Gogoratzekoak, batzu-batzuk bai, sei izenburupean zehaztutako sei istorio gogoangarri (gehiago ere izan ziren, baina neri oraintxe sei hauexek etorri).


Konplizitatea gasolindegian.


Zaragozan, Gallurreko restopean, gure bideak alkartu ziren. Ni, gasolina kirtenari helduta. Neri begira atzeman nuen. Ez zirudien inola ere gaizki pasatzen ari zanik. Begiratu lasaia zuen. Ez zidan momentu batean ere begirada gainetik kendu, kamioi barrenetik. Benetan, zentzuz eta esanahiz betetako begirada zuela sentitu nuen:

- Ez sentitu errukia neregatik. Berdina senti nezake zuregatik.





Saloun, hotelean, erlauntza zirudien pareko hotelari begira. Edo taldeka autobusetatik irtetzen ziren turista multzoei begira. Edo, zer esanik ez, han gehien-gehien, Port Aventurako Dragon Khaneko ilara laberintiko jendetsu hartan… Ardi adierazkor harekin gogoratu nintzen.


Euria maite ez duen euskalduna


Hortxe hain zuzen, Dragon Khaneko ilara laberintiko jendetsu hartan, alkarren ondoan tokatu behar, bi familia euskaldun. Euskaldun hotzaren topikoari jarraituz, egin degu orduerditxo bat alkarri hitzik zuzendu gabe, eta ni behintzat ez nago gustora, eta beste familiako ama, ni bezain disgustora zegoen, halako batez hizketan hasi baitzait.

Hain eroso sentitu naiz berarekin hizketan, gogoa etorri zaidala momentu batean esateko:

- Utz ditzagun gure familiak Dragon Khanen, eta goazemazu bizikleta bana hartuta, hegoamerika zeharkatzera.

Bera ere gustora, hala somatu nuen.

Polita izan zan, sekulako zaparrada bota zuelako, eta hantxe tokatu ginelako bi familia euskaldunak, teilatupean. Etxean bezela.

- Ba ni euririk gabe, ezingo nuke bizi. Bolara luze batean euririk egiten ez badu, gaixotu egiten naiz – nik – .

- Ba ni mediterraneoan bizi izandakoa naiz, apenas euririk ikusi gabe urte guztian, ta ez dakizu ze ondo. Ai… Euskal Herriko eguraldi grix hori…

Galdezka jarri nintzen nere buruari: zenbat ote gera Euskal-Herrian eurizaleak, zenbat euriari amorrua diotenak?


Oier aberatsa da


Gordetzeko modukoa izan zan, semearen ateraldi bat, esandako ilara hartan. Oraindik parrezka nago.

Isiltasun luze-luze bat etenaz, bapatean:

- Aita, ba al dakizu Oier aberatsa dala?
- Oier aberatsa? – Berak zioen Oier, eta bere familia, aberatsa bada, ze ondo disimulatzen duen – Nola aberatsa? Noiztik aberatsa?
- Bai, aberatsa da. Zilarra dauka gorputz barruan.

Amstrongek ilargian Asteasuar bat aurkitu balu, ez zan ni baino gehiago harrituko (zilarra gorputz barruan?):

- Zilarra? Gorputz barruan? Nola izango du ba zilarra gorputz barruan?
- Bai… Txorixoak txapa ta guzti jaten ditu. Aurrekoan eztula egin zuen, eta pusketa ederra bota zuen, neuk ikusi nuen.


Mediterraneoan, dozenaka marmoka artean


Eguraldi gizon-emakumei, ez zaie laurdena ere sinistu behar. Urko Aristik bezain itxura jatorra izanik ere, ez gero fidatu. Euria iragarrita zegoen lau egunetarako, ta astelehen hartan, sekulako eguzkia atera zan.

Ene ene, aurtengo lehenengo bainua – lehenengoa, bai! – hartu nuen itsasoan. Ura, garbi-garbi, dozenaka marmoken artean, hantxe ni.

Wikipedia ibiltaria zirudien emakume batek argitu zidan, hilda zeudela. Bezperan haizete haundiak izaten direnean hilda agertzen omen dira pila bat, egun hartan bezela.

Lau metroko besoak dituzten marmokak ere ba omen daude.

Marmokak heldutakoan, hondarrez igurtzi behar omen da zauria. Gurutze Gorriko sorosleen amoniakoa etorri bitartean…

Eta beste dozena pare bat kontu bai, marmokei buruz, baina zertarako luzatu, datorren udaran guzti honekin ahaztuta egongo zerate ta.


Zoriontsuen, zein?


Ohitura zoro bat daukat. Zoriontsuen kontaketa moduko bat egiten det. Zoriontsu daudenak kontatzen ditut. Zorigaiztokoak ez, gehiengo astuna baitira.

Eta Saloun egindako Ranking horretan, zein aterako irabazle?

Ahozabalik geratu nintzan.

Lau itsu ziren, ingelesak. 40-50 urtekoak, bakoitza bere makil luze zuriarekin, eta bakoitza bere…

Argazki makinarekin!

Bazuten bosgarren bat, ikusmena bazuena, baina hark ez zuen argazki bakar bat ere atera.

Banan bana, taldekako argazkiak ateratzen aritu ziren. "A ojo", esaten dana. Gero, laguntzaile edo dana-dalakoak, esan egiten zien, zein atera zan bururik gabe, zein argazkitik kanpora... Ikusi egin behar zenuten haien parre algarak…


Tratu txarrak hondartzan


Etzanda ni, gustora.

Alaba etorri gainera.

Hondarrarekin eraso.

Altxatu naiz haren atzetik.

Korrika biok, Salouko itsas-ondoko pasealekuan. Hura aurretik, neu atzetik.

Ihes egiteko zorioan da, baina heldu diot azken momentuan ileetatik.

Eta parre-algara artean, eman diot astindu bat galanta, merezitakoa.

(argazki makina hondarretara erori zitzaion, eta puskatu egin zitzaion, ez dabil; horri dagokiona ez diot eman oraindik.)

___

Sem comentários:

Enviar um comentário