2010-11-23

Erakargarri izatearen sekretua

Jun dan hilean Lasarteko hipodromoan izan nintzen lehenengo aldiz.

Ilusioz jun nintzen, beste hura ere gogoan hartuta: zerrendatik kentzera nijoala beste bat: oso gertu eta oso eskura izan arren, ezagutzeko betarik inoiz hartzen ez degun gauzen zerrenda luze horretatik, beste bat.

Ilusioz jun nintzen, eta pittin bat zapuztuta etorri ere bai. Gauza berria zan eta gozatu nuen, baina:

Espektakulu gisa ez da oso erakargarria. Zaldiak oso urrutitik irtetzen dira. Oso urrutian ikusten dituzu, eta iritsi, begira zauden tokitik ere, urruti pasatzen dira, eta oso azkar.

Hain urruti zeuden, nere argazki kamara ere triste ibili zala. Hemen harrapatu zuen itxurazko ale bakarrenetako bat:





Eta harrituta geratu nintzen. Han jende asko zegoelako. Arraioa, zerk erakartzen ditu orduan hipodromora? Espektakuluak ez behintzat…

Halako batez, garbi ikusi nuenean. Jendeak ondo pasatzen du hipodromoan, zergaitik eta, arrazoi xinple bategatik: odola azkartzen zaiolako. Odola hain zuzen, zaldien gisan TROSTAN ipintzen zaiolako.

Apustuak dira zaldi-karrerek duten gauza erakargarria. Zure sos batzuk jartzen dituzu zaldi batean, eta bihotza asko biziagotzen zaizu, hari lagundu nahiean. Zer esanik ez irabazteko zorian dabilenean, eta zer esanik ez irabazten duenean…

Eta deskubritu nuen zein dan jendea erakartzeko behar-beharrezkoa dan gakoa: erakargarri izango zera, baldin eta inori bihotza azkarragotzeko gai bazera.

Hartu orain edozein liburu, edozein egunkari, edozein irratsaio, edozein telebista saio, komunikazioa oinarri eta helburu duen edozein fenomeno, eta kontuak atera. Kalitateak garrantzia du? Birtuteak, jantzitasunak, borobiltasunak... Bai, badu. Baina hutsa, beste ezaugarri honen aldean.

Bizirik sentitu nahi degu. Parre egin, hunkitu, hasarratu, saltoka hasi… Odola trostan, zaldien gisan degula sentitu nahi degu, horrek betetzen gaitu, eta erakargarri izango gera besteentzako, hori lortzeko gauza geran heinean.


________

2 comentários:

  1. Joe, Trapp, batzuetan esaten duzu egia bakoitzeko...

    ResponderEliminar
  2. Auskalo egia dan, baina egia balitz ere, badaezpadaere, hor erori da ;-)

    ResponderEliminar