2010-11-24

Twitterren arrakastaren gakoez

Codesyntaxeko bulegoetan twitter estudiatu eta Umap azaldu zuten aurrekoan, Joxek, Ibanek eta Luistxok.

Bi aldiz ikusi det bideoa, eta irakurri det Ibanen beste hura nik ba al dakit zenbat aldiz, eta Negroponte ere ezagutu det, bai izen xelebrea, eta bihurtu naiz twitter-aztertzaile amateur obsesibo xamarra.

Seguruasko ez daukate fundamentu haundirik esatera nijoanak, baina imajinatu zuzen nabilela momentu batez. Eta Evan Williamsek berak botatzen dituela hemendik urte batzuetara nik gaur esan ditudanak (ez al ditu honez gero esanak, hau estuasuna):







Zer du Twitterrek hain arrakastatsu izateko? Munduan zehar 1.900.000 erabiltzaile dira, eta kontua gorantza doa…

Lehen begiratu batean, ez da errexa ulertzen. Ez det nik esaten, Joxe Aranzabalek baizik (Iban Arantzabalek gauza bera xehe-xehe egiten du): Twitterren dagoen erdia baino gehiago (erdia baino gehiago!), berriketa hutsala, edo spama, edo autopromozioa da.

Beste erdia, elkarrizketak eta lotura interesgarriak. Eta - hau nik esaten det - hoietatik, zenbat zaizkizu interesgarri? Erdiaren osoa ez behintzat.

Fundamentuzko zerbait jasotzeko, zenbat denbora pasa – galdu? – behar da?

Nolatan orduan arrakasta? Ez da errexa ulertzen, baina nunbaiten egon behar du sekretuak...

Pentsatzen pentsatzen jarri nintzen, eta azkenean, hausnarketa luze, trinko baten ondoren, atera nituen. Horra, nere SUPER-ONDORIOAK:

Erabiltzaileek twitterretik jasotzen duten gauzarik garrantzitsuena, ez da inundik ere INFORMAZIOA…

Baizik eta EMOZIOA.

Luistxo Fernandez oker dabil twitter sare soziala baino, hedabidea dala esaten duenean. Hedabidea ere bai, bada, baina batipat sare soziala da. Komunitateko partaide izateko, eta komunitate horretan nor sentitu eta atsegin hartzeko tresna aparta da Twitter erreminta.

Atsegina, zertan?


Nik gako hauek aurkitu ditut, eta ez dira gutxi alajaina.

- Lehenbizikoa: Joxe Aranzabalek aipatu zuen hitz gakoa: “unibertsaltasuna.” Txorakeria dirudi, baina norbaitek 140 karaktere sarean ipintzen dituenean, NOR sentitzen da. Zuk zerbait utzi dezu sarean, munduko edonoren eskura. Sentsazioa, denborarekin apaltzen juten bada ere, - eta gezurra bada ere, izan ere, unibertsoa ez dago zuri begira – ikaragarria da. Beti da atsegina bizirik, eta hor zaudela munduari erakustea.

- Atsegina da, zuk zerbait esan, eta bakarrik ez zaudela egiaztatzea. Blogariok maiz, gero eta maizago daukagun sentsazioa, bakarrik egotearena. – Esaldi motx bati esaldi motx batekin erantzun dakioke, paragrafoen banaketan edo semantikan edo sintaxian neurona asko gastatu gabe. Twitterren erantzunak jasotzea oso gertagarria da.

- Atsegina da, informazioa ez datorkizulako modu hotzean, hedabideetatik bezela; pertsona baten eskutik baizik. Gomendio, lotura edo albiste garrantzitsuak, zure lagun batek eskeintzen dizkizu. Maite Goñiri gustatzen zaiona neri ere gustatzen zait (edo ez, baina ulertu didazue zentzua), eta berari gustatzea ere, informazio baliagarria zait.

- Atsegina da, zuk edozein informazio zabaltzen dezunean ere, asmo on bat erakusten dezulako: eskuzabala zera, eta horrek bete egiten zaitu. Bueltan norbaitek eskerrak ematen dizkizunean, asko gustatu zaiolako, betetasuna biderkatu egiten da. (Igor Leturia, gaztain egosiak, 3 minututan lapiko espresean, bere punttuan, mundialak, estimatzen da).

- Atsegina da, bapatean, batere espero ez dezunean, norbaitek aipatu egiten zaituelako. Hau idatzi dezulako, edo hura gomendatu zenuelako, edo ez dakit ze tokitan ez dakit zer egiten ari zeralako. Baliotsua zera.

- Atsegina da, zure modukoengana hurbiltzen zaituelako, eta harreman hoien beroa sentitzen dezulako. (interneteko azaleko harremenak? Hori beste gai bat da, baina estimu hori, ia ikutu leikena, egon, hor dago.)

- Atsegina da, blog baten edo albistegi baten aldean, bizi-bizia dalako, etengabe berritzen ari dana.

- Atsegina da, etengabe berritzeaz gainera, tarteka-tarteka zuk gogoko dituzunak azaltzen direlako. Zerbaitegatik dituzu gogoko. Batzuk oso-oso gogoko. Plazerra da haienak segitzea.

- Atsegina da, sortzaile bihurtzen zaituelako. Zer esan, nola esan; ahalegin bat, lan bat, fruitu bat.

- Atsegina da, bizitzako loterian, lehenengo izateko aukera eskeintzen dizulako. Zu zeunden han, Hudson ibaian hegazkina erori zanean, edo zuk zabaldu zenuen Perurenaren bideoa, edo zuk erakutsi zenuen hain arrakastatsua izan dan gazta-tarta errezeta hori, amona Rosariok sekretuan zuena… Lehenengo izateak ez zaitu pertsona hobea bihurtzen, baina kalendarioan poz txiki bat da, eta ondo sentiarazten dizu, ze arraio.

- Atsegina da…

Hauek bururatu zaizkit orduerditxo batean, baina seguru gehiago daudela.

Esango nuke, sare sozialen arrakastaren gakoa, hori dala. Twitter informazio trafiko hutsa baino askoz gehiago da. Hedabide izaten bukatuko du, edo ez, baina oinarrian, bere balio garrantzitsuena beste hori da.

Galduko al du indarra twiterrek? Gizakia gizaki deino, ez. Ez bada gauza bera lortzeko beste zerbait sortzen, baina benetan kostako da.

____


Eta hemen nagoenez gero, hain garrantzi haundiko gauzak esaten, bota dezadan, prezio berean, beste irudipen bat, aspalditik gogoan daukadana:

Halako obsesio bat dagoela euskaldunon artean informazioarekin. Hain gutxi emozioekin.

Eta hartu lantxoa: aztertu, zeintzuk izan diren arrakasta lortu duten fenomenoak azken urtetoan, eta emozioek beraietan izan duten garrantzia.


____

3 comentários:

  1. Irakurri eta ulertua. Biba emozioak.

    Eskerrik asko, Patxi. Gustura irakurri ditut ehun eta berrogeitaka asko dituen artikulua.

    ResponderEliminar
  2. Hemen dator Salomon kontuak argitzera.

    Hedabidea da, bai. Eta baita sare soziala (emozionala) ere bai. Hara, ni @berria -ren jarraitzaile naiz azken ordukoak bere bitartez jakin nahi ditudalako. Maite dudalako Berria, neure egunkaria delako. Ez naiz, ordea, @elpais -en jarraitzaile. Ez da -soilik- ideologia kontua.
    Eta EdTech eta halakoak @euskaljakintza -ri irakurtzen dizkiot, @euskaljakintza nire hedabide gogokoena da IkasIKT-en inguruan; eta neure gogokoena da hain zuzen @euskaljakintza Maite delako. Maite dut Maiteren bitartez IKTez jakitea.
    Informazioa + emozioa = arrakasta
    Honi gehitu behar zaio denbora galtzearen kontua: Zer dugu nahiago denbora galtzea -zeregin hutsaletan ematea- baino? Ni neu behintzat orduak eman ditzaket leihotik begira edo Twitterreko tabernan blagan. Baina, tira alferrontzi hutsa ere banaiz eta igual horregatik da...

    Atentamente, suyo afectísimo.

    Ho Zhu Lin

    ResponderEliminar
  3. Hori hori, Iban, Biba! :-)

    Ho Zhu... Neri Salomonena egiten ez didazu irabaziko, besterik ez genuen behar! Horra, nere gaurko predikua:

    Ezer ez egitea, balekoa da, betetzen zaituen neurrian. Ai ordea, betetzen ez zaituenean... Ze gauza etsigarria dan, ohean hanka bat sartu orduko, eguna alperrik galdu dezula, ez dezula batere gozatu konturatzea...

    Guille tergibersatuz pixkat: "a mí a filozofo no me vaz a ganar e?"

    ResponderEliminar