2010-12-10

Azkarra atera zait alaba

Alabari...





sukaldea jasotzeko agindua eman diot, duela bi ordu.

Obeditzeko asmoa azaldu du hasiera-hasieratik, baina denbora galtzen aritu da denbora guztian. Orain komunean. Orain ez dakit zeren bila. Orain telefonoz deika. Orain…

Neuk, periodikotasun zorrotzez, abisatzen jun naiz, sukaldea jasotzeko, sukaldea jasotzeko… Su-kal-de-a-ja-so-tze-ko!!

Alubita, lagun bat noiz etorri zain zegoen. Kalera juteko aitzakia perfektuaren zain. Eta halako batean iritsi da aitzakia perfektua.

- Aita! Amaia da, eta zain dago. Kalera noa!

Sukaldea jaso gabe, noski.

- Banekien! Denbora galtzen aritu zera denbora guztian, eta orain klaro, laguna etorri zaizu, eta bazoaz, ezta? Aurpegi galanta, zuk daukazuna!

Han etorri zait, pausu motzez, okotza apalduta, Bamby bera baino goxoago…

- Aita, mesedez, irriparretxo bat botaiazu. Imajinatu hil egiten zerala. Zure irudi honekin geratuko naiz betirako? Aita hasarratu bat? Ez dezu hori nahi zure alabarentzako, ezta?

Parregurea etorri zait, baina holako arrazoi bat botatzen didan lehenengo aldia baita, lehenengo aldiak beti geratzen dira gogoan, eta ikasgai filosofiko bat botatzera behartuta sentitu naiz:

- Gaizki egiten da ordea! Norbaitekin gogoratzean, osotasuna hartu behar da, ez momentu bat, nahiz eta azkena izan. Momentu guztiak gogoratu behar dira. Azken momentuarekin geratzea aukera txoroa da…

- Bale, baina irriparretxo bat botako didazu ezta? Bengaaaaa… Jo bostekoa!

Eta pozarren sentitu naiz bapatean, azkenean lortua ikusi baitet, nere alabari “jo bostekoa” txertatzeko aspaldiko helburua, betiko “chócala”ren kaltetan.

- Ale ba, ekatzu besarkada bat. Ta zoaz berehala kalera.

...

Ze ondo ezagutzen nauen alubitak. Ta arraioa, ze azkarra dan…

...

Banua poz-pozik sukaldea jasotzera.


__

1 comentário:

  1. 1.- Alaba guztiek engainatzen dituzte aitak.
    2.- Alabak engainatu zaitu.
    3.- Zalantza baduzu, jo 1. puntura.

    Sic transit gloria mundi, alea jacta est, cum laude... nahi duzuna, baina alabak/ek engainatzen g/zaitu/zte.
    Gure patua.
    Eta pozik, ze demontre.

    ResponderEliminar