2010-12-05

Imajinatu ere ezin ditugun ateen atzean

Duela hamabi urte izan zan. Donostiako geltokian. Tranbiara igo ginen ni, eta garai hartan bi urtetxo izango zituen nere alaba zaharrena.

Bete-beteta zegoen trena. Jende asko zutik, eta bi aulki bakarrik libre. Gertuenera jo nuen, tximistaren pare, alaba besotan nuela. Eseri nintzen, eta… Ia zurtu nintzan makal baten antzera, aurrean zein neukan ikusi nuenean.

Xabier Lete!





Kostata baina, nere emozioak dominatu nituen; eta disimuloan hasi nintzan. Neuk gogoa, hura besarkatu, dozenaerdi bat muxu eman, eta mingainari lan emateko gogoa baineukan; baina euskalduna bainaiz, ez espainiarra, ta euskaldunok jende famatua pakean uzteko joera begirunezkoa eta aparta baitaukagu. Ez nion txintik ere esan. Haren aditzea sekula izan ez banu bezela.

Oso serio zegoen. Treneko giroa bezela. Negua zan. Ilun zegoen. Jendearen gogoa ere eguraldiaren araberakoa, grixa.

Nere aingerutxoak ordea, bere bi motots ttentteekin, ez zituen aintzat hartzen holako faktore etsigarriak, bai zera. Oso lasaia zan; ez zan nere magaletik mugitu; baina garai hartan oso kuttuna zuen jolas batekin hasi zan: parean zeukanari aurpegia zimurtzen, amona xaharra bailitzan. Zimur-zimur eginda jartzen zuen; parekoa, egoerak erabat dominatuta, parre algara batean jartzen zan arte; orduan konformatzen zan…

Eta parean zegoenak, parre algararik botatzen ez…



Ez zuen etsi txikiak, azkenean, azkenean! Gizon serio hark irriparre txiki bat bota zuen arte. Oraindik ondo gogoan daukadan parretxo txiki benetakoa…

Hori daramat harena gogoan.


_____



Hutsean eroria dio, bere poema batean. Ezerezean amildua. Baina poema horretan bertan datorren bezela: “Zalantza orokorraren baitan”…

Ba ote daude nunbait erantzunak? Imajinatu ere ezin ditugun ateak?

Hori pentsatzea nahiago aukeran.

Aukeran nahiago pentsatu, badala hor tokiren bat, beste artista batzuekin… Ze gero, beste artista haundi batekin eseritzen dana, ardo gorri napar baten konpainian, beste hura kantatzera…















1 comentário:

  1. Poema horretan bakarrik ez. Duela gutxi ere, hau zioen, Jon Benitok gogorarazitako elkarrizketa honetan:



    “Nik behar handi bat sentitzen dut mundu honetan maite izan ditudan haiek, nonbait, ez dakit non eta nola, berraurkitzeko; bereziki Lourdes [LourdesIriondo, emazte zena]. Ideia horretan gero eta sendoago nago, eta neure buruabehar horretan estutzen dut, edo esperantza horretan bermatzen. Nire lagun sinestun batek dioen moduan, berraurkintzarik ez dago mundu honetako bizipenak ez badu geroan irauten. Beste lagun batek dio ez duela haragiaren piztueran sinesten; hori ere plausiblea da. Orduan, zer da iraungo duena?Espiritua? Eta non kokatuko da? Zer itxura hartuko du? Aurki gintezke haiekin?Denak galderak dira, erantzun zehatzik gabekoak. Batetik, urteak dira berraurkikuntzaren behar hori sentitzen dudala, eta azkeneko hiru urte hauetan, Lourdes joan zenez geroztik, behar izugarria sentitzen dut; bestela, zer zentzudu honek guztiak? Bestetik, ordea, badakit ezin dudala berraurkikuntzaren modua ikuskatu. Hor bizi naiz.”

    ResponderEliminar