2011-05-05

Lorea Agirre

Nere etxean Berria zaharrak dantzan ibiltzen dira. Hemen bat, han beste bat...

Tarteka bati heltzen diot, eta zabaldu egiten det punteriarik egin gabe, tokatzen dan moduan, ea zerekin topo egiten dedan.

Gaur Lorea Agirrerekin egin det topo. Artikulu zoragarri honekin.




"Aktore baten bakarrizketa ikusi nuen udazken bukaeran. Bakarrizketa hasi aurretik, begiak itxi, arnasa sakon hartu, kokotsa goratu eta geldi-geldi geratu zen aktorea. Minutu bat, bi minutu, lau. Sei. Zaratak, soinuak eta begiradak entzuten. Errealitatetik fikziora sartu aurreko ariketa. Eten hau egin eta gero, beste leku batean sartuko gara, esan nahiko balu bezala. Izan badena, baina berez ez dena. Bi munduren arteko pasabidea. Eta ikuslea, isiltasunaren pisuaz jabetuta, ordura arte entzun gabeko soinuak entzuten hasten da, gero eta ozenago. Non dagoen jabetzen. Eta horixe izan zen, arauak eta konbentzioak kontrakoa badio ere, bakarrizketaren zatirik eder eta adierazkorrena: atariko isilunea.

Urteko azken kontzertuan ere isiltasunak zaratak bezain ozen hitz egin du. Ornitorrinko baten jantziz etorri ziren Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabi Erkizia: bertso-hitza, konpas kanpoko saxo soinua, eta hots-zarata manipulatuak. Zati desberdinekin osatutako musika baten arnasaldia.

Eta horretan ere isiluneak. Tarteka. Luzeegiak, deserosoegiak, agian. Isilpe, musika, hitza edo ozentasuna. Zaratarik txikiena egiteko beldurrez, baina zaratarik txikienean babesa bilatu nahian. Eztula. Aulkiaren kirrinka. Joan badoan kotxe baten bozina totela. Ume baten negar urruna. Itzali den berogailuak utzi duen isiltasun burrunba. Begi kliska baten danbada. Lepoaren hezur kraka. Bi pentsamenduren arteko talka. Hazkura besoan. Jertsearen igurtzia. Esku baten ukitua. Irribarre baten dilinda urduria. Listua eztarritik behera marranta. Euli bat sikiera, tipula azaleko hegotxoen zarata. Arnasa. Ornitorrinko baten arnasaldia. Arnasaldi zaratatsua.

Zer da ornitorrinko hori. Adabakika eraikitako animalia zantar hori. Barrerik eragiten ez duen txiste txar hori. Aldarean santurik ez duen eliza hori. Eboluzioaren bidean ez batera ez bestera erabakirik hartu ezinik geratu den izaki amorfo hori. Edo, okerrago dena, bide bakar bat aukeratu nahi ez eta guztiak bateratzen, zatika bada ere, saiatu den piztia hori. Zein kategoriatan sailkatu ezin asmatu uzten zaituen hori. Zoologo, soziologo, antropologo, kazetari, historialari, filosofo, politikari, polizia, irakasle, mediku, epaile eta auzokoen amets gaizto hori. Ezinezkoak diren baldintzak gorputz batean biltzera ausartzen den deabru hori. Sailkapen guztiak hausten dituen ez-gutar hori. Itolarriak jotako saxo baten gisan arnasa hartzen duen hori. Hitzak jaten, hausnartzen, konpost bihurtzen, eta jaulkitzen dabilen hori.

Ornitorrinko bat galdera ikur bat da: nor, non eta nola. Zu. Zu zeu. Kezka, zalantza, duda, muda, guda, ardura. Eta zu zer zara ba? Zalantza zaku bat ez bada? Arauak ez betetzeak eta desberdin izateak sortzen duen beldurraren beldurrez, zeure burua sailkatzen, lerrotzen, lerratzen, taldetzen, gutartzen, besterentzen, berdintzen, normaltzen dabilen ornitorrinko kamuflatu bat baino?

Isiltasunak galdera handiak, garrantzirik gabeko galderak, egin ditzake, arauz eta konbentzioz kanpo sortzen denean."

Sem comentários:

Enviar um comentário