2011-03-20

Fukushima: ezbeharraren ondoren, itxaropena

Astebeteren ondoren, “interesgarri” segitzen du Fukushimakoak.

Segitzen du nere inguruan jendeak lasai, Japonia urruti dagoela sinistuta. Batzuk oraindik ez dakite Fukushima ondo esaten, eta beste batzuk beste hondamendi batzuekin alderatzen dute, diferentziak nun dauden atzeman ezinda.

Neuk, kasualitatea, aste hau jai neukan, eta horretan eman det nere denbora libre guztia. Fukushimako albisteei segika. Aitor det, zeharo autista ibili naizela.

Obsesioa - Esan zidaten bezela - ? - Flajelazioa?

Tira, pittin bat bai, ezta? Ez dago nere eskutan ezertxo ere zuzentzea.

Baina, kontua, pentsatzen dana baino askoz garrantzitsuagoa, kilikagarriagoa baita:

Fukushimakoa mundua aldatzera doa. Bere horretan geratzen bada zalantzarik gabe. Zer esanik ez gauza okerragora badijoa.


Polborin baten gainean bizi gera


Hau da Fukushimakoak ekarri digun gauza ona: begiak zabaltzen hastea.

Gauza asko ikasi ditugu. Adibidez, ez dutela zentral nuklearretan egindako segurtasun aurreikuspenek balio. Natura datorrela hauek hankaz gora jartzera.

Ikasi degu, zentral nuklearrak oso, oso bulnerableak direla. Bat lehertzeko, adibidez, nahikoa dala hozte sistemak indargabe uztea. Eta beste arrisku batzuk ere badaudela (Garoñako zentraleko arduradun batek argitu digu: indarrean daude eraso terroristen kasurako planak: beraz, onartzen da aukera hori badagoela).

Ikasi degu, erradiaktibiateak oso azkar bidaiatzen duela. 8.000 kilometro ti-ta batean egiten dituela. Karga gutxi eramanez eramateko gutxi dagoenean, eta asko eramanez hala tokatzen bada.

Konturatu gera, haizeak ez daukala muga politikoak errespetatzeko joera.

Ikasi ditugu, negoziante nuklearren amarru zikin batzuk zein diren. Laister beste batzuk aterako dira.

Konturatu gera beraz, polborin baten gainean bizi gerala.

Gure erabakiak, hemendik aurrera, horren arabera hartuko dira. Herrialde batzuetan hasi dira nuklearrari iturriak isten, beste batzuetan laister hasiko dira. (Nuklearraren aldekoa izan danak, nekez jeitsiko baititu prakak hain modu nabarmenean, baina eman denbora).


Sentsazionalismoa?


Hori leporatu zaie medio askori, sentsazionalismoa egitea, alarmismoa erabiltzea. Eta, harritzekoa kontrakoa litzateke eta, kasu askotan halaxe gertatu da. Baina informazioaren basoan, perretxikorik onenak atzematea da kontua, eta hoiek, nuklear arloko adituengandik etorri dira:

Ezbeharrari garrantzia kentzen saiatu direnak, nola ez ba, egon dira, eta parregarri geratu dira: beren mezu lasaiak, hutsalak – interesatuak? - zirela ikusi baita.

Gauzak sekulako zehaztasunez erakutsi dutenak berriz, eta euren zalantzak erakutsi dituztenak, haiek izan dira baliotsuenak, fidagarrienak.

Eurentzako ere, guzti hau berria da, eta inor kezkatuta badago kontu honekin, beharbada beraiek dira: jakinarazi zioten munduari, nork bere herrian, beren politikariei, zein zan arriskua? Beren aurreikuspenetan motz ibili ote dira?

Nuklearraren jakitunak, nik hala somatu det, izutu egin dira. Galdetu egin beharko zaie, hemendik aurrera, energia nuklearrari buruzko beren iritzia.


Itxaropena


Zer gertatuko dan Japonian, batek daki. Edozein tokitan gerta zitekeen (Guri gertatu zekigukeen), eta beraiei gertatu zaie. Hoztuko al dituzte hoztu beharrekoak, ez da gauza segurua. Hori litzateke albisterik onena. Susto ikaragarri bat izatea Fukushimakoa. Munduari begiak zabaltzeko balio izan dion zaplastekoa.

Hiroshimako japoniar batek hitzegin zuen atzo telebistan, eta horixe esan zuen:

"Balioko al du Fukushimakoak, munduak begiak zabal ditzan".

Ea bada.


________

2 comentários:

  1. El Paisen gaurko editoriala idatzi duena bat dator nerekin hainbat gauzatan: zentral nuklearrak oso bulnerableak dira; Fukushimakoa mugarri bat izango da; polborin baten gainean bizi gera (sumendiaren azpian, erabili du berak). Aldiz, nere beste muturrean, ez dagoela beste erremediorik sumendi azpian bizitzea baino, hori dio berak:

    Neretzako irrazionala dana, berarentzako onargarria, sumendi azpi batera jutea bizitzera.

    Bertan bizi nahi ez degunok, libratzea bagenu sikiera...

    _____


    Beste batzuk ere, nahikoa kezkatuta dabiltza.


    ____

    ResponderEliminar