2011-03-17

Fukushima

Perspektiba kontu bat izango da, baina ni begira nagoen iskin honetatik, Fukushiman gertatzen ari dana, sekula munduan pasa dan gauzarik interesgarriena da.

(Xabier Mendiguren Elizegik barkatuko al dit. “Interesgarri” hitza denerako erabiltzen dala ta hasarratu egiten da, baina nere ustetan kasu honetan justifikatuta dago, izenondoak jartzen hasiko banintz, bi parrafo beharko nituzke eta)

Hitchcok-ek ere ez luke suspense giro hau gaindituko. Berez, ez da ezer gertatu oraindik (gertatu danaren tamaina inola ere gutxietsi gabe), gerta litekeenaren aldean, eta hari-muturrak ugari-ugariak dira.

Neuk, egunotan, presio lapiko baten antza hartu det, eta burutik pasatzen zaidana botatzen ez badet, lehertu igual egingo naiz, tsunamiak jotako erreaktore baten antzera, beraz, hor dijoa. Kontuz, material kutsagarria da ta. Ez noa badaezbadaere dana batera botatzera.


EZ DEGU NAHIKOA ERREZATU

Begira zenbatetan egiten dedan huts. Zenbat aldiz erratzen dedan tiroa. Ba honetan, asmatu egin behar, hau kalamidadea.

Duela lau urte bota nuen baietz, nuklearrak baietz, hirugarren belaunaldiko suntsiezin hoiek, baina bitartean, gerta litekeena gogoan, komeni zitzaigula errezatzea. Ba ez degu nahikoa errezatu.

Eta errezatzen segitzea komeni zaigu, oraindik ere, badira eta, nuklearra – gaurko terminoetan, nuklearra – justifikatzen segitzen dutenak. Erruki jauna. Libra gaitzazu pronuklearrengandik. Libra gaitzazu nuklearra ez gustatuta ere, onargarritzat jotzen dutenengandik.


PARANOIKOA

Horrela deitu zidaten lankideek jun dan egunean. Eta neuk ere, paranoikotzat ez dakit, baina nere burua bai ikusten nuen irudimentsuegi.

Ba dan-dana betetzen ari da.

Giro lasaia dago nere inguruan, Japonia urruti dago ta. Ja, urruti. Honek izugarrizko grazia egiten dit. Baina tira, neuk nahiago det jendea lasai ibiltzea nere inguruan, ze, danak nere irudimena balute, panikoa zabalduko litzateke igual, ta ez nuke supermerkatura jun nahi eta nere yogurrik gabe geratu nahi oraindik.


LASAITASUNA LAGUN


Nere inguruko giro lasaiak, nere “piszinak” urez betetzen ditu, eskerrak. Parre ere egin det galanki, eta nere irudimena zorroztera ere eraman nau, animatze aldera:

Gertatzen ari danak kokilduta zauzkan hoietakoa bazera, komeni zaizu lerro hauek irakurtzea.

1.- Nere lagun bati jun nintzaion aurrekoan japoniarrekiko nere kezkekin, eta begira zer bota zidan:

- Baietz japoniarrei begiak erabat zabaldu, oraingoan!

2.- Ikuspegi baikor bat:

Japonia erradiaktibitatez betetzea, eta miloika pertsona bizitokirik gabe geratzea, akaso ondo etorriko zaigu guri, euskaldunoi:

- Japoniarrek beren sorlekuaren antzekoak bilatuko lituzkete munduan zehar, ta guregana joko lukete. Klimatologikoki, ta paisajistikoki, bixki xamarrak gera.

- Euskaldunok umerik ez degula ekartzen eta, akabo arazoa. Herri txikiak, eta haur-eskolak, jendez lepo atzera.

- Euskaldunok ez ginateke gure hizkuntza “zail eta arraroa” erabiltzeagatik – hainbatetan sentitzea tokatzen zaigun bezela - gaizki sentitzen geran bakarrak. Japoniarrekin konpartituko genuke gure “arrarotasuna”. Gure harreman linguistikoak oso hizkera bitxia sor lezake gainera, “eusko-japoniera”. Gainera, haiek bai ikasiko lukete euskera, sutsuki, ta erdaldunak baino gehiago izango ginateke. Jon Juaristi gaixoa.

- Japoniarrek beren teknologia ekarriko lukete (dirua ere bai, ala?), eta gure ekonomiak gora egingo luke izugarri. Ez da albiste txarra.

- Gure eta haien umeek, bat egingo lukete modu harrigarrian. Ez hain harrigarrian, izan ere, marrazki bizidun berdinekin hezi baitira. Ziurtatuta dago euren arteko filing ona...


Tira, gehiago hurrengoan, izan ere, idatzi eta Japoniara begira egon, biak ezin baititut batera egin – gizona naiz -. Eta orduerdi daramat albistegiei begira egon gabe, nun ote dabil laino erradiaktiboa.


_______

Sem comentários:

Enviar um comentário