2011-04-27

Egun batean zerbait esan behar diot

Nik ez det esaten beharrik ez daukanik, baina gauza bat da beharra izatea, eta beste bat, oso diferentea, neri potroak ikutzea. Badirudi nere zain egoten dala. Nahiz eta, klaro, klaro egoten dala nere zain. Nik supermerkatuko botatzekoak noiz botako zain egoten da. Eta nik kadukatutakoak eta hondakinak edukiontzian sartu orduko, bera atzetik etortzen zait, ni hemen ez banengo bezela, edukiontziaren ondoan utzitako aulki puskatu bat banintz bezela. Ez dit ezer esaten, inoiz. Ez dit begietara begiratzen, inoiz. Nik edukiontziaren estalkia jetsi, hark jaso. Nik berriz zabaldu, bota beharrekoak bota, edukiontziaren estalkia jetsi, hark jaso. Sikiera, aprobetxatu behar dituenak eskatuko balizkit! Baina zain egoten da nik zer botako, bere gakodun makil luze horrekin, plastikoari heldu eta nik bota berri dedana jasotzeko. Eta gero, alde egiten duenean, erdia kanpoan uzten du, eta hurrengo bidaian, nik sartu behar ditut edukiontzian berak kanpoan utzitakoak! Egun batean zerbait esan behar diot!

Banoa! Bestela zeozer esan behar diot!

Klink!!

……..

Giltzak!

……..

Oso sakonean daude, estolda barrenean. Eta burni-sare hau, lurrari josita dago! Orain ez, lana atzeratuta daukat, eta aste honetan dagoeneko bi abisu jaso ditut. Ezin naiz nagusiarengana jun eta giltzak, supermerkatuko giltza guztiak zulo batera erori zaizkidala esan!

Puskatutako zati horretatik, hutsune horretatik igual… Sakonegi ordea, burni bat behar det, burni bat, edo… Makil bat, makil luze bat… ? ...

……

- Hola, me podrías…Me dejarías el palo un momento? Te lo devuelvo ahora, va a ser un momento...

…..

Belauniko, besoa sartu det barreneraino, aurpegia lurraren kontra, pilatutako lokatz beltzaren kontra erabat ipiniz. Lau edo bost ahalegin egin behar izan ditut.

Kakoarekin lagunduta giltzak jasotzea lortu det.

Gizonari makila itzuli diot. Belaunetako hautsa astindu, eta supermerkaturantz abiatu naiz, aurpegia garbitzera.


_________

2 comentários:

  1. patxi, aspaldi hirean sartu gabe, eta orain konturatu nauk emankor habilela berriro, sekulako etorriarekin gainera, eta hori gutxi balitz, fikziogile bihurtu ez haiz ba!

    euskal idazleok, hasi dardarka edo barrezka, hemen dator gu danok jubilaziora edo langabeziara bidaliko gaituen artista!

    besarkada handi bat.

    ResponderEliminar
  2. Horixe dek ba, nere ilusioa. Jubilatzen naizenerako, ondo idazten ikastea! Eta nola, gauzea dagoen bezela, 80 bat urterekin jubilatuko gaituzten, ba oraindik 40 urte geratzen zaizkidak!

    Estimatzen dek aprezioa ;-)

    ResponderEliminar