2011-04-07

Energia aurrezteko modu eraginkor-eraginkorra

Gauza jakina da, kontukorrentea lodi daukanari, asko-asko kostatzen zaiola piztuta geratu den argia itzaltzeko, sofatik altxatzea.

Energia xahutzen badegu, xahutzeko aukera daukagulako da. Luxuan bizi gera.

Umeek ez daukate perzepzio hori. Besterik gabe, uste dute, dirua kutxazain automatikoetan jaiotzen dala, eta haiek ere, ez dute sofatik altxatzeko intentziorik inoiz erakusten.

Nere umek bereziki.

Kontua da, azkenaldi honetan, ez gizarte-ardura eta kontzientzia arrazoiengatik bakarrik, gastuak ere ugaritu egin direlako gurean izugarri, erabaki irmoak hartzeko garaia etorri zala.

Etxeko argiak itzaltzen hasteko, argi-indarraren faktura apaltzen hasteko garaia.

Erronka zitala. Nundik, zeinekin hasi? Energia gehien xahutzen dutenekin, noski:

- Ea. Dekretu berria. Argia piztuta alper-alperrik uzten dezuen bakoitzean, berdin dit zeinek uzten duen, HIRUROK jetsi beharko dezue atariraino. Tinbrea jo, eta eskilaretan gora etxeraino igo. Eskilaretan gora gero, ez det inor igogailuan igotzen ikusi nahi.

LAU PISU.

88 eskilara-maila eskilara-maila asko dira.

Azken asteotan ezagutu ditugu, hasieran batipat, hamaika purrustada, hamaika keja, hamaila bultzada, biolentzia zantzuren bat, derrigorrezko katxondeoa, pikareska saio ugari...

Baina azkenean, etorri dira etorri, emaitzak. Inori ez zaio okurritzen argi bat piztuta uztea. Eta Argi-indarraren faktura iritsi da!

Sinistezina. Martxoko zutabea, abuztukoa baino motzagoa!!!!!!






(Ez ditut sekula fakturak zehatz-mehatz irakurtzen, beharbada egongo da beste arrazoiren bat kontsumoa hain txikia izateko, baina hala eta guztiz ere, grafiko honek ematen duen poza!

Hasierako zutabeak ez du kontatzen. Energia konpainia batzuk zenbait errezibo batera pasatzeko ohitura bidegabea dute)

Zeuenean ere egin aproba! Kirola eta energia aurreztea, uztargarri, eta bihotz-pozgarri!!

____

Sem comentários:

Enviar um comentário