2011-04-24

Futbola, beste horretarako aitzakia

Iturriri pusketa hau kendu diot, eta aldaketatxo bat egin diot


“…Uste dut gurean jende asko gezurretan ari dela esaten duenean kultura, musika, pintura, literatura, eta abar maite dituela. Ez, normalean gehiago gustatzen zaigu trago batzuk hartzea, mokau bat jatea edo txortan egitea.”


…Uste dut gurean jende asko gezurretan ari dela esaten duenean FUTBOLA maite duela. Ez, normalean gehiago gustatzen zaigu trago batzuk hartzea, mokau bat jatea edo txortan egitea.




Atzo Athletic eta Errealaren arteko derbian izan nintzen. Ez lapikoan, San Mamesen alegia, baizik eta aldirietan, bertako giroa ikusten. Esandakoa, “aste santu pobreak”. Zer egin hoberik ez eta, ea ba, guazen Bilbora, buelta bat ematera, giro polita egongo da eta.

GPSa “Anaiak” tabernan kokatu. Kalera ematen duen telebista haundi bat dauka, eta jende mordoa bildu da inguruan. Ez da nahaste natural bat ordea. Ez dago, nereak ezik, umerik; ez gaztetxorik, ez gizon-emakume edadeturik, jubilaturik. Soilik 25-45 bitarteko gazteak. Koadrilak eta ale bakartiren bat.

Eskopeta-zorrotik nere fusil “eskaneatzailea” atera det, holako okasio berezietan hain etekin ona ateratzen diodana: hain dago jendea bere horretan konzentratuta, zu han ez bazeunde bezela da.

Neri futbolak kilima haundirik ez. Baina, ene bada, badago han nun gozatua. Ez emakume ederrez beteta dagoelako, - ene bada, Patxi, gogor jo duela aurten udaberriak - baizik eta emakume hoiek oraindik ederrago egiten dituen halo berezi batez jantzita daudelako. Zer dala ta? Han mundu guztia “enre” dago. Emakumeak, eta gizonak. Futbolaren aitzakian, hura kortejorako zelai bat da. Bakoitza bere adarrak erakusten, oreinak nola, pieza on bat eskuratu nahian.

Nere inguruko alkarrizketa gehienak ez dira futbolari buruzkoak. Hain justu gehienak Errealaren eta Athletiken kamisetaz jantzita egon eta futbolari begira dauden arren! Etengabe objetiboez ari dira. Hau guapoa da, ze ondo ematen dion alkandora horrek, Athletiken kamisetarekin. Bere laguna ez zait gustatzen, preparatuegi dago. Ikusi al dezu errubia hori? Hor ez dago wonder Brarik, ipurdi hori berea da. Begira ari zait! Goazen pittin bat aurrerago, uste baino miopeago nago… Bultzaka ari zaizu, esaiozu zerbait, desiatzen dago eta…

Adi egotea besterik ez dago, eta irudimena pittin bat estutu, “ezkutuan” dagoen hori ikusteko.

- Bikote bat, bakoitza alde batera begira, bila, bila. Fidelitatea gauza gogorra da.
- Badakit itsusia naizela. Zertarako sufrimentua luzatu? Lehenbailehen mozkortzea onena.
- Batekin ez daukat nahikoa. Nere “quorum”a, hiru da, eta inola ere ez bakarka, hiruekin batera.
- Badakit neri begira zaudela, eta ezin zaitut begiratu, baina segi, segi ezazu horrela.
- Ordubete eman det preparatzen, eta zertarako? Nun dago?
- Azkenean norbait neri begira! Lastima, hain altua eta hain hortera izatea. Eta errealekoa!
- Zergaitik jun behar izan dezu komunera? Bakarrik nago, plastikoan bildutako nere botila honekin, buelta zaitez lehenbailehen! (babesgabe nago, ezer esaten badit ez det jakingo zer esan)
- Banua komunera. Badakit txupa beltz honekin, kulote zuri hauek izugarri ondo geratzen zaizkidala, ea zortea dagoen, eta ez dan gol-okasiorik suertatzen bidean nagoela…
- Sekula ez det eman futbolaz hainbeste denbora diskutitzen. Ea behingoz partidua bukatzen dan, errealeko zoragarri honi penaltiren bat edo beste sartzen uzteko.

Irabazlearentzako premioa

Grazia gehien egin zidana, hogeitamar bat urteko pajaro bat. Guapoa, bere buruarekin gustora dagoena.

Neri begira somatu det, baina klaro, ezin zan izan (gay-a balitz, eta neu guapoantxea, orduan bai, baina ez zan kasua). Nere aurrean zegoen neska ilekixkurrarekin ari zan, jakina Hari begira-begira, lehenengo zati guztian, eta bigarren zatian, saludatu ere egin dio. Bost minuturo saludatzen dio. Eta ukondo-dantza nere aurrean, eta irriparretxoak, eta feromona dantza, izugarria da.

Baina gizona ez dago denbora galtzeko. Eserita dagoen neska bati ere, zirika ari zaio. Eta aldamenean duen beste bati konbersazioa ematen dio, begiekin maitasuna egiten ari zaion bitartean.

________________

Sem comentários:

Enviar um comentário