2011-04-02

Hiru eguneko atzerapenez

Tiobibo batean jiraka zabiltzanean, zorabiatu egiten zera, baldin eta arreta puntu jakin batean ipintzen saiatzen ez bazera...

Ba, jun dan asteko ostegunean, horixe egin nuen: Urbileko zoramenean, hainbeste jende eta interes puntu artean, begirada eskilara mekanikoen goikaldean finkatu nuen, bertako jatetxe batean eserita nengoela; eta inspirazioak ikututako idazle bertutetsu izatera jolastu nintzen:

………

Ez dakit jolasak motibatuta izango zan, edo berak merezimendu guztiak irabazita, baina piztu egin nintzan, nola piztu eta tentetu gainera, eskilaretan gora azaldu zanean.

Harritu egin nintzen goitik behera, hura ikustean hartu ninduen pozaz. Urruti zegoen; nola eragin zituen nere zelulak hain modu bortitzean? Zer zuen?

Ibilera? Izan leike zati haundi bat. Begiak? Beste zati haundi bat. Oso ondo jantzita zijoan, grixez. Ile lisoa, melenatxoa… Eta pausua… Urduria ez dakit, bai behintzat presati xamarra…

Nere su horrek erakarri ote zuen, ala kasualitate hutsak, misterioa da, baina zuzen zuzen etorri zan ni eserita nengoen tokirantz…

Eta pasa zan nere aldamenetik…Ondo ondotik… Eta esango nuke, begiratu ez bazidan ere, ondo jabetu zala nere berekiko arreta miresleaz…

Etorri zan bidetik jun zan; atzetik ere ederra zan…

Baina tira, segituan desagertu zan, ohitura dan betiko tokira, gauzak betirako desagertzen diren eremu haundira.

...


Ordulaurdena ere ez zan pasa, nere begien parean atzera ipini zanean, Forumen. Orduan ere presati.

Atzetik ibili nintzaion, noski; ematen zuen pausu bakoitzeko gozamen mokadu bat irabaziz…



Bizikleta zuri baten gainean ipini zan. Bertako langileekin solastu zan, hau eta beste galdetu zien.

“Ez zaitu ezagutzen, eta antzeztea, hemen, gauza erreza da. Pasa zaitez bere ondotik. Ze ahots ote dauka? “

Geldi-geldi geratu nintzen bere atzean, berarengandik hamar bat metrora. Txaketa luzea behartuta zeukan silinaren azpian, asko nabarmentzen zitzaion emakume irudia…

Bere aldamenetik pasa nintzen… Begiratu nion… Begiratu zidan…

Eta gogoratu nintzen, bapatean, aspaldi moztua behar zuen nere ile ez-txukunaz, eta bere jazkera dotorearekin batere ondo ematen ez zuten nere praka bakeroez eta sudadera gorriaz; eta nere kirol-zapatilez, bere bota luzeekin batere ondo ematen ez zutenak, eta aurrera egin nuen, ahal nuen despistatu aurpegi zintzoena ipiniz.

Handik ere jun zan, oraingoan bai…

Ohitura dan betiko tokira, gauzak betirako desagertzen diren eremu haundira.

….

Ordulaurden beranduago.

Badago Zararen kanpokaldean, zutabe borobil baten inguruan josita dagoen aulki bat. Hantxe nengoen eserita, auskalo zertan pentsatzen.



Han!



Baina ze ibilera dotorea… Zer du, ez bada magia? Ez bat, eta ez bi, baizik eta hiru aldiz suertatu zait begien parean… Hau zortea nerea. Baina oraingoan bai, azkena da, badijoa. Merkatal zentruko ate zabaletik galtzera doa…

Agur ba… Eder hori…



Ez ba. Eseri egin da kanpoan. Eta poltsatik tabakoa atera du. Eta erretzen jarri da. Eta erretzen ere badaki alajaina, bai estilo polita.

Bere pausuaren abiadan erretzen du, presaz. Eta galdezka hasten da nere barrua, zein ote dan bere presaren arrazoia. Zein ote daukan zain hemendik orduerdira. Nagusi zital bat? Edo larruzko bota beltzak jazten dituen gizonezko apaina; edo pekaz betetako neskatxa ilegorria, arratsaldero zaindu eta matematikak erakusten dizkiona…

….

Altxatu da, eta nere pareko dendan sartu da. Erropa artean dabil…

Inor begira duenik ezin susmatuta…

Eta orduan jabetu naiz, bapatean:

Hau dek hau. Martxoak 24 a…

Hiru eguneko atzerapenarekin etorri dala aurten…

Udaberria.

_________

Sem comentários:

Enviar um comentário