2011-04-21

Jon Gotzonengandik Mourinhorengana

Oraintxe bukatu da Barca-Madrid partidua. Emozionantea, gozagarria, berealdikoa.

Ez naiz oso futbolzalea. Kasi, Gazteako Jon Gotzonengandik hurbilago nago, beste edozeinengandik baino.





Galdetu egin diote JonGotzoni, gaur goizean, irratsaioan, ea partidua ikusi behar al zuen:

Ez

“Ez” lehor bat, haizkoraz ebakitako bat. Esanez bezela bere lakonikotasunean “baina ez al zerate konturatzen futbolak egiten dizuen kalteaz, futbolzale ez danari egiten dion kalteaz, landaretza eta faunari, are ozono geruzari egiten dion kalteaz? Inguruko guztia xurgatzen du, ur gabe uzten du, munduko bidegabekeriak estaltzen ditu, pertsona alienatu eta buruestutzen du...”

Parre algara ederra atera dit goizeko zortzietan.

Baina...

Ezin zaizkio futbolari merezi dituen baino kulpa gehiago egotzi. Futbolak mesede ikaragarria ere egiten baitu.






Punseti irakurria diot berriki zati hau:

"Etniak garrantzi txikiagoa izan dezake, bati jarri dioten kamisetak baino: frogatu egin da, talde baten kamiseta jantzita daraman pertsonak, bere azalaren koloreak eragin lezakeen sentimentu arrazista ezabatzen duela, erabat."

Bai horixe. Gaurko bi taldeetako azal-kolore eta jatorri aberastasuna ikustea baino ez dago, horretaz jabetzeko. Zaleak, berdin aupatuko du bertako zuri ilehoria eta Togon jaiotako beltz hankaluzea.

Gora futbola!

Beste abantaila batzuk ere baditu: ohizko irabazleak umiltzen ditu. Ikasgai garrantzitsu bat ere gogorarazten du: harro azaltzen danak, bere ordaina jasotzen duela, beti.





Onen-onenak ere, lokatza ezagutuko du.

Eta txarragoa denari ere, aukera emango dio, onen-onena dan batek sekula ezagutuko ez duen gloria ezagutzeko.

Athleticek duela bi urteko kopa finala irabazi balu, Athletic zaleak oraindik gabarratik jetsi nahi gabe zeuden, Nerbioi ibaian gora eta behera.

Eta tira, luzatu gabe, eta ur sakonetan ibili gabe, futbolak odola mugiarazten dizula, eta azken minuturarte askotan, emozioa eskeintzen dizula... Nahiz eta futbola ez gustatu! Izan ere, zeinek ez du aurrean duen taldeetako bat bere faborito bihurtzen?

“Nere” taldeak galdu egin du gaur, baina tira, lo berdin egingo dedala.

Eta lo egiteaz ari gerala...





Mourinhorengatik pozten naiz. Ez naiz sekula oso adi egoten hitzegiten duenean, baina duela gutxi bota zuen esaldi batek, horrek bai erauzi zidan txalo-zaparrada bat, eta erabaki nuen, bere itxura harroaren atzean, jakituriaz betetako tipo bat dagoela:

Hau esan zuen:

“Nere loa sakratua da”

Bai jauna.

Gizon hau, irabazle izango da beti... Nahiz eta partidu guztiak galdu. Nere eredua ere bihurtu zan, esaldi horretatik aurrera. Nik ere nahi nuke egunen batean esan:

“Nere loa sakratua da”.

Momentuz, bastante ondo dominatzen det, - nere loa, alegia – baina ez det beharbezela garaitzea lortu, Mourinhok bezela.

Ea egunen batean.


_____________



Sem comentários:

Enviar um comentário