2011-04-14

Korrikan, patinetan




Korrika, gaur goizean pasatzen zan nere herritik, ZORTZIRAK LAURDEN GUTXITAN. Esan nahi zuena atzo, hurrengo egunean, hau da, gaur, goizeko zazpietan esnatu beharko nuela; zertarako eta, korrika egiteko, nere hezurdurak bereziki gogoko ez duen ariketa bortitza.

Baina nere azpikontzientea, ni neroni baino espabilatuagoa da, eta ideia bat eman dit, hor, goizeko sei t’erdiak aldera:

- Eta patinetan?

Nere hezurrak, baietz. Aupa!

Semearen hezurdura ere bat etorri da. Esnatu dedanean, poz-pozik jaiki da, gosaldu du Cola-caoa, jantzi ditu patinak eta kaskoa, eta hor abiatu gera biok, pozarren, Korrikaren ibilbidera.

Gaurko momentua jasotzeko, duela hilabete batzuk erosi nuen kamara txarra, amorragarria, markaren dizdira hutsagatik erosi nuena, marka honek, NIKONek, huts egingo ez zidalakoan: NIKON S203 (Ez erosi kamara hau sekula. Ezta bigarren eskukoa, ezta prezio laurdenean ere!)

Edonola ere, bideoa grabatzen du, eta zeu Korrikan parte hartu ezinda geratu bazera, malkoz eta negarrez, gustatuko zaizu. Zer sentitzen da Korrikaren barrenean?

Eta inoiz lurrikara bat bizi izan ez badezu eta zer dan jakin nahi badezu ere bai, gustatuko zaizu.

Barruan, gaurko Korrikako giroa Zumarraga-Urretxun: jende mordoxka, neska guapa irripartsuak, neska guapa irripartsuak ikustean bozina jotzen duten tren gidariak, gazte jende ugari, zahar jende ez hain ugari (esandakoa, hezurdura arazoak), eta tira, antzerako parezido bizi-pozgarriak.

Korrika baino gauza polit eta zirraragarriagorik, ba al da ba?


Sem comentários:

Enviar um comentário