2011-04-26

Lapurra

Altsasun Urbasa aldera jo nuen, animoa hankapean nuela. Bertara daraman errepide estuan, ez nuen komeni bezainbat arreta ipini, eta gutxigatik ez nituen aurrez jo bi kotxe. Bozinaka erantzun zidaten biek, luze. Badakit animoa hain grixa izateko arrazoia, oraingo honetan, ez zala oso kabala. Ez zitzaidala gustatu ispiluan ikusi nuena, kontu erabat estetikoa, baina, sakoneko zerbait ere izango zan, beste arrazoiren bat, ba al dakit nik zer nuen jun dan ostegunean.

….

Eguraldi hotza zegoen, grixa. Iluntzera zihoan Pilatos-en balkoi ondoko aparkalekuan. Hiru kotxe baino ez zeuden, nereaz gainera. Gizon edadetu bat gogoratzen det, zakur bat Land-Rover barrenera sartzeko ahaleginetan, eta bikote gazte bat ere bai, kotxearen kontra, zirriak egiten – besterik ez nuen behar oraindik bakarrago sentitzeko, bikote zoriontsu bat -.

Aulkia etzan nuen, negargurea eztarrian gora etorri ahala; eta kotxearen sapaiari begira geratu nintzen, haizeak kotxea astintzen zuela. Loak segituan hartu ninduen, ez baitet lo geratu aurretiko ezer gogoratzen.

Esnatzea bai, hura ondo gogoratzen det.

Danbateko bat.

Kotxearen atzeko ateetako bat B A M.

Eta sudurrean gora abiatuta, nere burmuinaren bildur-neurona guztiak dardarez jarri zituen usain bat, oso sarkorra, sarkorregia. Ozpin usaina, baina ezta guztiz desatsegina ere; desodorante batez nahastuta bezela, edo…

Dana ilun. Kanpoan barruan baino ilunago. Eskuak dardar batean, arnasestu batean, giltza jartzea asmatu nuen, bigarrengoan hala ere. Asmatu beharko nuen, kotxearen ate guztiak itxiko banituen. Goazen, goazen! Ziztu bizian abiatu nintzen handik, zulo bat edo, muino bat joz. Ez dakit zer izan zan, argiak geroago piztu nituen.

Segundu batzu baino ez ziren pasa. Azeleragailua erabat zapalduta…

Zalantza, bapatean:

Eta kotxe barrenean badago?

Frenoa sakatu nuen nere indar guztiz. Irristatzen jun zan kotxea, okertuta, erabat gelditu zan arte.

Isilik geratu nintzen…

Ahal nuen isilen.

….

Han ez zegoen inor.

____


Aseguru-etxetik pasa behar det bazkal aurretik, galdetzera, arrisku orotako poliza daukat eta, ea lapurtu didaten lasaitasuna baloratzera, peritua noiz datorren.


_____

Sem comentários:

Enviar um comentário