2011-04-17

Makurtu gabeko zuhaitz lerdena

Gaur goizean, Amarauna irratsaioan, Xabier Leteren “Altzateko jaun” kanta ipini du Arantxa Artzak.

Esan ere egin du, ez dala maiz ipintzen dan kanta, Xabier Leteren hau. Neuk ere, nere bilduma pertsonalean, ez da aurre-aurrean nuen hoietako bat, eta pentsatu det nere artean, seguruasko letra arrotza zaidalako izango dala. Zer dio kanta honek?

Letraren esanahiari kasu egiten jarri naiz, eta hara nun, ulergaitz egin zaizkidan lerroen artean - Ez naiz aklaratu Altzateko jaunaren istorioaz, Pio Barojaren atea jo beharko det halako batean - oso ederra egin zaidan zati bat bai aurkitu dedan:

“Makurtu gabeko zuhaitz lerdena,
Desertuko haizeak lehortu ez zuen lorea.
Itsasoaren kolorea... Hor zaude zu.







Arratsaldean, Irrintzi dantza taldearen aurtengo jaialdian izan naiz. Eta kanta honekin akordatu naiz. Bi arrazoiengatik. Bata, nahikoa miresgarria dalako, mundua nundik nora dijoan ikusita, zuhaitz honek (dantza tradizionalak) lerden segitzea, makurtu gabe. Kantak berak beste zati batan dioen bezela, “Merkatarien aldamenera” erori gabe.

Eta bestea, argazki kamararekin esperimentuak egiten ibili naizelako, eta hauek atera zaizkidalako, erabat nahi gabe.

“Sorgindutako” argazkiak.






“Larrun gainean sorginen dantzak
nabaitzen ditut arratsaldean
Lurrak badaki kontu hoien berri
Eta hor dago, isil-isilik. “


____


Zaharrak bereziki hunkitzen dira holako jaialdietan. Ez bilobak oholtza gainean ikusteagatik bakarrik, bestela ere bai.

Eta ni, gaur, zahar baten modura hunkitu naiz.

Eta ez da zahartzen ari naizelako, baizik eta jaialdia, ossso ederra iruditu zaidalako.

(oholtza gainean nere bi satelite zeudela aparte utzita, baaai ;-)


__________


Sem comentários:

Enviar um comentário