2011-04-28

Momentu hark eskatzen zuena

Nunbait, amildegi bat dago, amildegi haundia gero, esaten degunaren eta adierazten degunaren artean, bestela ez baita posible Aitorrek neri atzo, jata muxu bat ematea nere onetik aterata nengoen momentu hartan, eman zidan bezelakoa gainera, bultza eginez paretaren kontra.

Lepoko zaina zeharo puztuta neu, eskuak jiraka, txistu zipriztinak boteaz aldika: “Athletikek! Athletikek ze kantera dauka ba? Bizkaitarrik gabe jokatzen du eta. Errealekooi jokalariak lapurtu, hori bai! Eta urtetan arbitroek egin dizkioten mesedeak? Villar txepel hori, Zer uste dezue ba? Amorebieta, euskalduna izango da? Eta Caparros? Caparrosek zer pint

Xxxxxxxxxxxxx…………..

Bistan danez, nere erretolika guzti hura zelofan hutsa zan. Nere begiek beste mezu bat zeramaten barrenean: “Muxuka nazazu, muxuka nazazu, muxuka nazazu. Muxuka nazazu segituan”

Hortik, bere pisuraino, igurtzi batzuk. Tira, igurtzi asko, Loctitez jositako bi ezpain pare, eskilaretan gora itsumustuan. Eta Holliwoodeko gidoilari batek egina zirudien gidoi fantastikoa. Bost urtez festarik festa, oporrez opor konkistatutako lige guztiak, denekin lortutako plazer guztia, errauts pilatxo bat bihurtuta:

Behingoz, begiak denbora guztian itxita dituen gizon bat! Erropa kentzen didan bitartean disekzionatzen ez nauena. Geldialdiak egiten dakiena, eta ez gola kohete baten moduan sartzera dijoan Cristiano Ronaldoa. Ai, eskuak erabiltzen dakiena! Jakin-minez betetako esku batzuk, bi titi ta ipurdi bat baino harago ikusten dakitenak. Ez sinistekoa, bi minutu baino gehiago irauten duena! Eta berak bukatu ondoren, bere besoetan bilduta, bat zerura eramateko lana hartzen duena. Eta barealdian, natural portatzen dana, eta halako arretarekin! Tapatu egin baininduen, bera biluzik, ohearen gainean geratu zan bitartean, txinatarren sexu-ohiturak zerrendatzen nere parretxoen artean…

Eta halako poz batek hartu ninduen, halako betetasun batek eta negargure batek, momentu hartan…

Ikusi nuen bere Athletiken kamiseta, zabalik zegoen armairuko atearen gainean, salto batean hari heldu, balkoiraino iritsi, kanpora irten eta…

- Athleeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeetiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii!!!!!!!!!!!!

….

Bai, hura lehenengo pisu bat zan, Bilboko Gran Viaren erdian, larunbat arratsaldea, jendea zientoka Corte Inglesera bidean; probabilitate guztien arabera Zestoarren bat haien artean, eta ni erabat biluzik, artzai batzuen aurrean azaldutako birjina baten gisan, nere bi titiak dantzan nituela, zertan eta, hantxe, ero baten moduan “Athleeti Athleti” oihuka…

Baina, momentuak hori eskatzen baitzuen. Eskerroneko izatea.

_______

Sem comentários:

Enviar um comentário