2011-04-04

Pirritx, Porrotx eta Marimototsetik, Grand Theft Autora

Aurrekoan dilema galantak hartu ninduen nere etxeko egongelan, bertan bilduta zegoen publiko talde potolo baten aurrean.

Jar zaitezte nere tokian:

Semearen urtebetetzea. Dozena bat gonbidatu, metro ta laurden eskasekoak. Jan dituzte sukaldean jan beharrekoak, triskisak eta sanwitxak, eta han jun dira danak, zuzen-zuzen, etxeko bi sofak okupatzera. Aurrean zer?

Umeak osabari eskatutako moda-modako bideojokoa:

Grand Theft Auto.



(Aita arduragabea ni, osabak umeari ze bideojoko ekarri dion, ikusi ere ez, interesatu ere ez. Umea txoratzen dagoela eta, pozik.

Goizean iloba egon zan ordea, eta galdera bota zidan, ea ba al nekien joko hori 18 urtez gorakoentzakoa zala.

- “Bai zera” -)

….

Hogeitalau begi telebistari begira. Semeak dauka momentu honetan mandoa: matoi itxurako morroia darabil hona eta hara. Halako batez, semeak – morroiak -, kotxe baten gidaria kotxe barrenetik ateratzen du bortizki, eta lurrera botatzen du.

- Autoan sartzen da eta abiada hartzen du.
- Espaloian sartzen da eta bi emakume aurretik eramaten ditu. Oihuak eta odola.
- Kotxetik ateratzen da, eta bazooka bat hartzen du.
- Booom!! Martxan zijoan kotxe bat lehertzen du. Eztanda. Oihuak eta odola…

(Jokoa ondo eginda dago alajaina. Hori da egiazko itxura, hori detailea)

Izutu egin naiz, eta akordatu naiz bapatean, neu, momentu hartan, hamabi txiki hoien behin-behineko zaindari eta arduraduna naizela.

- Baina ze joku da hau??

(Nere aurpegiaren deskribapena falta da: kajerotik dirua atera berritan kartera lapurtu dioen batena)

- Aber aber aber… Zuetako zenbaitek dauka joku hau?

Sei esku gora. (Sei!)

- Eta zuek – altxatu ez dutenei begira - , ezagutzen dezue joku hau?

- Hombre!

- Baina ez daukazue?

- Neri gurasoek ez didate uzten! Neri ere ez! Ya, neri ere ez!

- Se akabó!. Bukatu da bideojokua.

Nere dilema:

Danak hain adi eta “gustora” daudela, jokua DEBEKATZEN badiet, zein izango da lortuko dedan ondorioa? Umeek estimatu egingo dute nere haiekiko ardura, eta eskerroneko, joku hori ez dala egokia ulertu eta betirako baztertuko dute? Ala… SEKULAKO IRRIKA piztuko zaie jokuarekiko????

- Bueno, ez, ez… Ibili zaitezte, baina pixkatean bakarrik e? Gero danak kalera…



Sukaldera abiatu naiz, zalantzaz beteta, umeak jolasteko txanda-eske dabiltzala. Ondo egin det? Ume hauen gurasoek demanda egingo didate? Salaketa jarriko didate arduragabe hutsa izateagatik?

Nere zalantzekin sukaldean nagoela, han nun entzuten dedan bapatean, egongelatik datorren ume-ahots zerutiar bat:

- PUTO VAGABUNDO!

(kalean dabilen pertsonaia batek traba egin dio nunbait, mandoa daukanari, auskalo zertarako)

Suak hartu nau, eta berriz ere, egongelan sokamuturrako zezena bezela sartu, x-box-a itzali, eta bigarren aldiz umeak kalera bidaltzekotan egon naiz. Baina azken momentuan berriz ere, hotz jokatu det:

“Berriz “puto vagabundo” inori esaten entzuten badiot, konponduta zaudete! Aitu?

Eta sukaldean sartu naiz berriz, nere dilema-bola potoloa eztarrian lodi-lodi dedala.

…..

Hamar minuturen ondoren, kalera bidali ditut, ezer debekatu gabe, eguraldi ona egiten zuelako aitzakia ipinita.


Arnasa berreskuratu det.


________


Gauean, nere dilema oraindik eztarrian, semearekin jarri naiz jolasten.

- Begira aita, honekin fusilarekin apuntatzen dezu, eta honekin jendea hiltzen dezu.

- Jendea hiltzen dezula? Nola jendea hiltzen dezula? Gaiztoak ala?

- Gaiztoak? Ez, edozein.



Morroia anbulategi baten barrenera bideratu det, eta medikuaren txandaren zain zeuden bi lagunen gainean ipini det mira. PUM, PUM. Biak akabatu ditut…



Izutu egin naiz.

- Seme, joku hau astakeria hutsa da. Ez umeentzako bakarrik, edozeinentzako da astakeria. Pentsatu egin behar det jolasten uzten dizudan. Hitzegingo degu.


_________


Nere semeak 10 urte ditu. Oraindik Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kontzertuetara juteko garaian dago.

Burura, Euzkitzek haiei buruz idatzitakoa:

“Kantu zoragarriak, istorio landuak, gizarte eta elkartasun eredu aurrerakoi eta egokiak, giza-balio garrantzitsuak… Hori guztia eta gehiago jasotzen dugu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldi bakoitzean. Euskal Irria lurralde zabal eta erakargarria izatea lortu dute, eredu paregabea ezarri digute.”

Eta hara nun orain, nere semeak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots baino, edo hauekin batera, bazooka batekin New Yorken barrena jendea egurtzen – eta akatzen – duen morroi bat daukan egun guztia gogoan, zeharo engantxatuta baitago.

...

- Aita, baina nik bakarrik gaiztoak hiltzen ditut e?? –


______________

5 comentários:

  1. Ai, Trapero! Gurasoen borroka amaigabeak ;-) Gu oraindik Marimototsen sasoian gaude, baina hasi dira lehenengo bazokak ere agertzen. Zer egin? Zer ez? Puf! Baina zelako benetako egin zaidan zure idatzia; gustora irakurri dut. Besteok ere badituzuela antzeko arazoak, alegia XD

    ResponderEliminar
  2. Asier, ez dakit nik ez dakit nik. Ez dakit orokorrean hain bideojoku biolento eta esplizitok, zer hondar utziko ote dien gure atzetik datozenei... Izutzen nau gaiak pixkat, ez dakit motibuarekin, edo motiburik gabe.

    Edonola ere, abantailak ere baditu: umea espezialista bat eginda dago, helikopteroa gidatzen, kotxearekin hau eta beste egiten.... Mila gauzatan, eta erakusten aritzen zait trukoak eta. Behintzat, berarekin egoten naiz, eta ezer erakutsi edo zuzendu behar bada, erakusten diot...

    Kezkagarriagoa da, beste bi alabena. Bakoitza bere arraultzatxoan, tuentin eta abar, ez didate arrimatzen uzten. Nun ote dabiltza? Zertan ote dabiltza?

    Aparte, beste zalantza bat: zerk egiten ote du kalte gehiago, Grand Theft Autok, ala Disney Channelek?

    Eta ez da broma! Benetan ari naiz!!

    ;-)

    ResponderEliminar
  3. Aspaldiko Patxi!!

    Gu ere, oraindik, Pirritx eta porrotxen garaian gabiltzalako izango dek seguruna, baina...
    Hi ere beti komeni zen tokian ibili izan bahintz ez huke hainbeste kontu interesgarri ekarriko hona, seguru natxiok...
    Dena den, guk izan genuen askatasunaren erdia ere ez etzeukatek gure seme-alabek... Eskerrak gurasoen ibileretaz dena ez dakiten koittadu horiek, ezta?

    Zoriontsu izateko aholkua iruditu zaidak onena.

    Ondo segi
    Jaio

    ResponderEliminar
  4. Gu ere ibiltzen ginen indio ta bakerotan bata bestea hiltzen tiroz, geziz, aizkoraz... Eta zenbat heriotz teatralizatu ditugu txikitan: -Aaaargghhh! eta ziplo lurrera erori.
    Nago umeek badakitela fikzioa eta errealitatea desberdintzen baina ni ere ikaratzen nau bideojoko horietan fikzioa ze "erreala" dirudien halako grafiko eta animazioekin...
    Eta Tuentirena-eta, horrek bai, tiene tela. Baina, klaro, errespetatu behar alaben "burbuila" hori...
    Uf, zaila da, eh?

    ResponderEliminar
  5. Jaio! Aspaldiko bai!

    Neu nahikoa asilbestratuta hazitakoa naun bai, nola igerri didan? ;-)

    Jozu, nik uste det jendea asko zibilizatu dala, orokorrean. Gogoan dauzkat txikitako gerrak, harrika eta nola ibiltzen ginen... Bulling-a ere oso zabalduta zegoen... Gizarteak uste det aurrera egin duela horretan.

    Hortik, Grand Theft Autora. Oso gogorra egiten da, fusil, bazoka edo dana dalakoarekin, pasiatzen dabilen jendea garbitzea. Bestela, tira, "gaiztoak" beti akatu izan ditugu, hori bai, sekula ez hain modu errealistan!

    Aparteko kasuren bat kenduta, uste det ez dala fenomeno ikaragarririk sortu munduan, holako jokoak direla eta... Eta hala ere, zergaitik ematen didate neri bildur puntu bat??

    Zaila da bai, zaila! ;-)

    ResponderEliminar