2011-04-16

Tabakoa, hiru soslai

Kolore kolorea


- Atera al dituzte argazkidun paketeak? Ala oraindik ez?


Tabako pakete bat hartu du esku artean. Argazkian bi birika azaltzen dira, tamainaz eta itxuraz berdin xamarrak, mediku ez dan edozeinentzako behintzat. Alde nabarmen bat bien artean: Kolorea. Bata zuria ageri da, betza bestea. Ei! Zertarako hainbeste esplikazio, argazkia hemen daukat eta.





Galdetzaileak, ezagutzen ez dedan emakumeak, jatorra dirudi oso, eta konplizitate pixkat irabazi nahi izan det berarekin.

- Bildurtu egin nahi zaituztete erretzaileak, baina… Zer erakusten du ba argazki honek? Bata bestea baino beltzago dagoela. Eta? Begira Afrikan zenbat beltz dagoen, eta osasuntsuak dirudite.


Gustoa


Konplizitate bila, bigarren urratsa:


- Edonola ere, lasai egon zaitezke, datorren urterako tabakoa uzteko txertoa ateratzekotan dira. Hala ere… Esan omen dute, txertoa hartzen duenak, gauza bakarra ez duela jasoko tabakotik: gustoa, plazerra. Eta, nik ez det esaten tabakoa txarra ez danik, baina txar-txarra ere ez da, gustoa eta plazerra, gauza on eta mesedegarri askoak, bai ematen baititu!

Eta berak erantzun, begiak erdi-itxiz, plazerez:

- Bai hoixe. Nik zigarro bat erretzean, horixe sentitzen det ba. Sekulako gustoa…

Eta hain modu sinesgarrian bota du esaldia, erretzen berehala hasteko tentazioa jarri zaidala.

(Daukan gusto nazkagarriarengatik ez balitz…)


Zeinek irabazi


Beste lagun batekin:

- Motel motel, tabakoa utzi dedan ezkero, gorputz guztiko mina daukat. Alde batetik hobeto sentitzen naiz, ondo hartzen det arnasa, gutxiago nekatzen naiz, apetito haundiagoa daukat, hobeto lo egiten det… Baina hori ere bai, mina alde guztietan!

Nere erantzuna:

- Ba hori… Zure gorputza izango da, hainbeste denboran eman diozun eta orain ukatzen diozun nikotina eske. Ez didazula nikotinarik eman nahi? Izurrai!!

Eta bere errematea:

- A, ba egotea asko du pentsatzen badu emango diodala! Jai dauka!!

....

Zein burugogorrago? Zeinek irabazi? Bai emozionantea.


____

Sem comentários:

Enviar um comentário