2011-05-22

Beste mugarri bat, hop!

Bizitzan pasa beharrekoak dira hainbat mugarri, eta gaur tokatu da bat pasatzea. Alaba zaharrena emakumetu egin zait, erabat. Berarekin eztabaidan, 50 urteko heldu askori somatzen ez diodan heldutasuna antzeman diot. Lehenengo aldiz.

Ironia garatu du, pikardia, eta arrazoitzeko gaitasuna. Moralari buruzko eztabaida batean, aurrea hartu dit momentu batzuetan, eta bere independentzia ozen aldarrikatu du. Lehenengo aldiz.

Lehenago ere pasa izan zait, ilobekin. Halako batez, egun batean, ez zaituzte behetik gora begiratzen, berdinetik berdinera baizik.

Sentipen arraroa da. Pena sentitzen dezu, bapatean maite zenuen umea ez dagoelako zure aurrean (bere xamurtasun guztiarekin); eta aldi berean poza, lehen ez zegoen heldu bat azaldu dalako (helduok ditugun abantaila guztiekin).

Zein dan indartsuago, poza, pena… Pozagatik ez gera kejatuko, noski, penarekin akordatzea errexena. Baina tira, gauzak atzean uzteak ere, bere abantaila haundiak ditu. Txarrak, ahaztu egiten dituzu, edo lausotu behinik-behin, eta onak berriz… Nostalgiaz begiratzen dituzu, eta halako kutsu ederrez jazten dira…

Ondo-ondo busti naiz gaur behintzat, nostalgiaz. Google Videok, bertan zeharo ahaztuta nituen bideoak Youtubera pasatzeko ultimatuma jo zidan aurrekoan, eta horretan aritu naiz gaur, bideo hauek ikusten, gozo-gozo.

Hona bat, adibiderako:





____

Sem comentários:

Enviar um comentário