2011-05-25

Ikusezina, ukiezina, usainezina

Galdera zan, zergaitik desagertu dan Fukushima hedabideetatik. Zergaitik ez dan lehen mailako albiste izan azken asteotan, duela bi hilabete bai izan zan bezela.





Euskadi Irratiko Faktorian, galdera horri erantzuna bilatzen saiatu ziren atzo goizean...





"Hedabideen logika", erantzun zuten bi adituek, Igor Peñalva, EHko Unibertsitateko injeniaritza irakasleak eta Iñaki Barcena, EHko unibertsitateko zientzia politikoetako irakasleak: albiste berriagoek zaharrak esaltzen dituzte. Baina galderaren mamiari ez zioten heldu modu zuzenean.

Galderaren zentzua, nere iritziz behintzat, garbia zan:

- Alajaina, ez al zan ba, Fukushimakoa, oso kontu larria? Egiguzue argi pixka bat, aditu ez geranontzat: bada, edo ez da oso larria, Fukushimarena?

Iñaki Barcenaren ustetan, bai, baina Igor Peñalvari kasu egiten badiogu, ez. Aztoratuta bazabiltza kontuarekin, entzun behin eta berriz elkarrizketa hau. Entzun Igor Peñalvari. Bai da larria, baina tira. Guretzat, inola ere ez, eta Japoniarrentzat – zentralaren ondo-ondoan bizi direnentzat ezik -, hoientzat ere ez, ez die eragingo kutsadurak. Ufala.

Igor Peñalvaren lasaitasunak, beste batzuen iritziarekin egiten du talka, ordea, modu bortitzean. Lurrikara gertatu zanetik bazter guztiak informazio egarriz arakatu dituen Pello Zubiriari kasu egiten badiogu, lasaitasuna transmititzen duten aditu askoren hitzak, “arinkeriaz” beterikoak dira. Arazoa, oso, oso larria da.

Pellok ematen dituen datuak behintzat, oso kezkagarriak dira. Oso ondo lotzen direnak gainera, mundu mailako hainbat albiste berrirekin. Esanguratsuenak, Japoniarren zentral nuklear batzuk isteko erabakia; edo alemaniarren azkena, 2022 urterako zentral nuklear guztiak, guzti-guztiak istekoa.

Alajaina, arriskua hain haundia ez bada, Peñalvaren esanetan, eta dagoen energia merkeena bada, nola leike herrialde batek holako erabaki bat hartzea? Ez da logikoa.

Kontua, oso labainkorra da ordea. Hain zuzen, Barcenak esaten zuen bezela, erradiaktibitatea oso alua dalako. Ikusezina, ukiezina, usainezina.

Eta okerrena dana: matematikak erabili ezin direlako. Ezin esan bi eta bi lau dira. Ezin jakin, modu zehatzez, ze neurritan egingo digun kalte. Hor dago koxkarik haundiena.


_________

Sem comentários:

Enviar um comentário